Gure gizartean gertatzen ari den ziklo historikoaren aldaketak lehen planora ekarri du kontakizunaren eztabaida. «Kontakizunaren borroka» ere dio zenbaitek, bere ohiko hiztegi belikoa erabiliz. Ez da kasualitatea. Urtetan gai razional edo etiko oro jorratzeko terrorismoaren eta indarkeriaren baliabide erraza erabili ondoren, baliabide hori ezean herren geratu da erretorika hori. Jokoz kanpo. Argudiatu edo erantzun ezinik.
Ez dago jada dekretuz zintzorik edo gaiztorik, zein aldetakoak diren begiratuta. Ez dago ere lekurik salbuespenezkoak omen baina praktikan ohikoak ziren lege drakoniarrentzat. Ez dira ulertzen ere ustezko alarma sozialak zuritzen zituenpolitika eta egoera antidemokratikoak.
Egoera berriak gure errealitatea esplikatzen duen gizarte-kontakizun hori lehenbailehen argitzea eta bertan sakontzea eskatzen du. Gure gatazkak eta zirkunstantziak azaltzea. Memoria historikoa narrazio horren funtsezko osagaia da. Esan dezakegu narrazio hori memoria dela berez. Oroimenaren eztabaidari muzin egitea mendetan akulturazioa, manipulazioa eta memoriagabetzea sustatu dituen botereari jokoa egitea da.
Abenduaren 3an, Nafarroaren eta euskararen egunean, Nabarralde Saria emango da Ziordian burutuko den ekitaldian. Herri horretatik sartu ziren 1512an Nafarroa inbaditu zuten Albako dukearen tropak. Laster 500 urte beteko dituen gerra hura arbuiatzeko adierazpena sustatuko du Nabarraldek. Adierazpenarekin bat egin duen Ziordiako herria (Burunda eta Sakanarekin batera), horrela, sinbolikoki lehena izango da bere lurretan hasitako bortizkeria historikoaren aurka agertzen.
«Nafarroako herriak, bere historia ezagutu eta berrikusteko abagunea izanik, honako adierazpena egin nahi du:
—Hain hurbil dugun 2012an, Albako dukearen tropek Nafarroa inbaditu zutela 500 urte beteko direnean, erakunde ofizialek data hori egungo oparotasun eta etorkizuneko zoriontasunaren oinarri gisa ospatu nahi dute.
—Historia desitxuratu eta memoria historikoa manipulatu dute, konkista gerra hura isilarazi eta itunaren eta nafarren borondatezko bat egitearen ideia zabaltzeko asmoz. Bortxazko kolonizazio hari duintasun plantak eman nahi izan dizkiote, Espainiaren sorreraren giltzarri gisa aurkeztuz, eta ekintza gogoangarri eta beharrezkoa izan zela sinestarazi nahi digute.
—Baina Nafarroa aske zen Gaztela historian agertu baino askoz lehenago. Baskoiek nafar Estatua, aurretik Iruñeko erreinua zena, eratu zuten IX. mendeaz geroztik, elkarbizitza eta babesa bermatzeko.Bertan kultura eta lana garatu zituzten, eta elkarbizitza hori arautzeko errege edo jauntxoen agintearen gainetik zeuden erakundez eta gazteluz hornitu zuten.
—Pirinioetako kulturan sustraiturik, parekorik ez zuen Estatua sortu zen, «Santiago matamoros»-en Espainiarekin zerikusirik ez zuena. Estatu honek foruak, eskubideak eta erregearen boterearekiko kontrola bermatzen zituen; eta gerra gurtu gabe, nafarrek eraso egiten zietenean soilik hartzen zituzten armak.
—Horregatik, honakoa adierazi nahi dugu: gure nortasuna euskalduna dela, gure hizkuntza eta kultura bezala, eta euskaldun gisa, gure presentzia mundu zabalean nafar Estatuaren bitartez bakarrik gauzatu dela.
—Gerra eta biolentzia besterik ez daudela gu Espainian «borondatez sartze» horren jatorrian. Gerrak, kolonizazioak eta biolentziak zapuztu dutela gure nortasunaren garapen askea, eta indarrez kendu ziguten Nafarroa haren pareko naziotasun askea aldarrikatzen dugula nazioartean.
—Gure herrien jatorri faltsua eta espainiar zaletasuna ukatzen dugu, herri hauek biztanleriaren lanaren emaitza direlako, eta ez inbaditzen gaituzten indarrena. Horregatik, gaztelarren konkista salatzen dugu, hori baita gaur egun ditugun hainbat arazo eta gatazken erantzulea.
—Argi eta irmoki adierazi nahi dugu gure herriaren jatorria gure lurraldean dagoela, eta herri hau Nafarroaren inguruan antolatu zela, erreinuaren independentzia eta subiranotasunaren bermatzaile zen aldetik.
—Eta deialdia egiten dugu datorren uztailaren 25ean, Albako dukea Iruñean sartu zen egunean, herri eta Udalek Nafarroako banderetan xingola beltza jartzeko edo bandera haga erdian jartzeko, dolu seinale moduan».
Adierazpen hau Ziordian izenpetuko dugu Nafarroaren egunean, abenduaren 3an.
Kontakizuna eta memoria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu