Beatriz Zabalondo.

Konplexuz josita

2012ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Ikastetxe guztiak matrikulazio kanpaina betean dira otsailaren hasieraz gero, gutxi gorabehera. Ikastola baten publizitate orrietan irakurri nuen leloak atentzioa eman zidan: Euskaraz bizi gara!. Testuingurua zertxobait zehazteko, gehi dezadan pare bat gauza: ikastola hori hogei mila biztanle inguruko udalerri euskaldun-euskaldun batekoa da, tradizio handikoa eta ibilbide luzekoa, lehenengo ikastolak sortu ziren garaikoa. Goizero ume gehien hartzen duen ikastetxea da herrian.

Bada, ikasle berriak biltzeko baliatutako lelo hori irakurtzeaz bat, neure buruari galdezka ari nintzen: nola bizi behar duzue/dugu, ba, euskaraz ez bada? Ondoren, beste galdera hauek etorri zitzaizkidan: herri horretan, ikastolak «esan beharra» du euskaraz bizi dela? Zergatik? Zer ezkutatzen da gure barruan, oraindik ere holakoak esan behar izateko? Konplexuren batek iltzatuta gaude, pentsatu nuen.

Gero eta sarriago, iritzi emaile askok plazaratzen dihardute euskaraz bizi nahia asetzeko premia eta eskakizuna; kazeta honek eta euskarazko gainerako hedabide gehientsuenek oihartzuna ematen diote gaiari. Kalean ere sendotuz doa ahots hori. Eta seguru asko, gorabehera gutxirekin, euskaldun gehienok onartzen dugu aldarria, eta askok eta askok hitzaldietan, jaialdi kilometrikoetan eta manifestazioetan hartzen dugu parte geure eskubide hori defendatzeko eta bete dadin adierazteko.

Ardatz horrexen jirabiran dabiltza egunotan euskarazko hedabideak ere. Bueno, sortuz gero dabiltza holaxe, beti. Euskarak behar-beharrezko dituela esaten dute; geuk ere behar ditugula diogu, euskaraz bizitzeko beharra aseko badugu; mundua euskaraz ulertu eta interpretatzeko, euskarazko komunikabideen leihotik begiratzea ezinbestekoa dugula; euskararen normalizazioan eginkizun garrantzitsua betetzen dutela... Horiexek izan dira erabili ditugun argudio «objektibo» (edo arrazional) nagusietako batzuk, nik uste. Baina, pentsatzen jarrita, norentzat ari gara arrazoi horiek emanda? Zer eta zergatik justifikatu behar dugu euskal hedabideak beharrezkoak direla? Ikastola arestiko leloari nola, hedabideak kontu bertsuari bueltaka hemen ere. Gaurko egunean, Fernandoren egiak iruditzen zaizkit horiek denak, kaka esplikatzen ibiltzea.

Dinamika triste antzu batean sartuta daramatzagu urte gehiegi: guztien begien bistakoa dena, boteredunek (ahotsa dutenek) eurek ere ondo dakiten/ulertzen dutena eskatzen (eta justifikatzen) aritu gara (euskaraz bizi nahi dugula, euskarazko hedabideak behar ditugula), eta ezezkoa jaso dugu behin eta berriro… Argumentu berriak osatu eta ostera hasi eskean… Menderatzaileari errenta handiak eman dizkio gure jokabide horrek, sinbolikoak batez ere, eta gure aldetik urratsik aurreratu ez dugunez, ahotsaren jabe legitimatu dugu gure jarrerarekin, baita legearen beraren eta egiaren jabe ere. Eta indar erakustaldi galantak egiteko baliatu dute euren posizioa gu kikiltzeko, oldar neurrigabeen ondorioz biktima bihurtzeraino (nahiz eta «biktima papera aldarrikatzen ibili ez», Iñaki Uriak dotore idatzi zuenez, berripaper honetan EuskaldunonEgunkaria zarratu zuteneko bederatzigarren urteurrenean). Izugarrikeria hari herriak neurriko erantzuna eman zion Donostiako manifestazioarekin.

Baina euskarazko hedabideok urteetan pairatu izan dute eta pairatzen dihardute beste menderakuntza mota bat, «leunagoa» formetan, baina etengabe erasaten diena. Bourdieuk dioenez, azpiratzeko era sotil horiek bene-benetakoak dira, eta larderiaz baliatu ohi dira mehatxukeriara jotzeko. Oharkabean pasatzeko moduko keinuak dira: hizketa tonu leunetan gauzatuak, begiratu zigortzaileetan mamitzen direnak, disimuluko errietatxoak eta txiste errazen erdian tati egiteko solasaldiak… Ez da erraza horiei nola erantzun behar zaien asmatzen. Pentsalari frantsesak argitzen du: edozein delarik erantzuna, guztiz neurrigabea izan den itxura emango dio menperatzaileak. Zertan tematu, beraz, harriaren kontra pilota jaurtika?

Euskal hedabideek berriki egin duten agerraldi bateratuari oso alderdi positiboa ikusi diot: Administrazioari egindako eskaerak eskaera, ez dira horretara mugatu: barnetik begiratuta zehaztu dute aurrerako bidea, erdal hedabideen ereduetatik at, eta haien praktikei begiratu gabe. Azken batean, euskal hedabideen esparrurik eraikitzekotan, irizpide propioekin ekin beharko zaio lanari, hedabide (menderatzaile) erdaldunen uztarpetik bananduta. Komunikazioaren eta Informazioaren munduan onargarri diren irizpide bakarrak hedabide sistemari dagozkionak dira, eta horiek berdin balio dute euskal hedabideentzat zein erdarazkoentzat.

Euskarak ez die itzalik egiten erdarei. Beharrik ere ez. Baina, sakonean, erdal hedabideak ez al dira beldur euskarazkoek kentzen dieten negozio puskagatik? Ez hori bakarrik: euskara ardatz duen nazio ikuspegitik, euskal hedabideek etorkizuna eraikitzeko gidaritza lana bete dezakete. Eta orduan beste komunikabide batzuk izango dira bigarren eta hirugarren mailakoak... Zer esanik ez horietatik zabaltzen diren diskurtsoak.

Euskarazko ala erdarazko hedabideak izan, merkatuaren legeak dira aldatzen direnak (Bourdieu berriro). Eta hor, amigo!, Euskal Hedabideen Esparrua sortzea eta indartzea ez da erdarazkoen mesederako. Ez dezagun begi bistatik galdu ideia hori.

Ez etorri esaten euskarazko hedabideek ez dutela nahikoa hartzaile, ez direla negozio, ez dutela etorkizunik, eta antzeko argudio guztiz faltsuak. Krisi madarikatu hau ere aukeran etorri da: errua bota eta leun-leun, zuri-zuri «euskal hedabideentzat ez dago dirurik» esatea da errazena.

Eta, bestalde, non gaude Egunkaria itxi eta biharamunean Egunero-ren 50.000 aleak erosteko bulkada izan genuen euskaldunok?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.