Demagun hizkuntza hiztun-herriminorizatuez kezkaturik gaudela eta munduan hizkuntza murriztu horien egoera zertan denjakin nahirik gabiltzala. Hasi gara kontinentez kontinente hizkuntza horiei buruzko informazio bila, gainbegiratu ditugu batzuk, begiz jo ditugu beste batzuk, eta halako batean honako errealitate soziolinguistiko honekin egin dugu topo. Hau da, beren hizkuntza dagoen ataka minorizatutik ateratzeko ahaleginean ari dira aspalditik herrialde horretan, ia mende erdi bat, baina bertako hiriburu nagusienetan jatorrizko mintzairak duen erabilera-datuetan iltzatu zaizkigu gure begiak. Hartara, hurrenez hurren datuok ageri dira eskura dugun informazio-iturrian: hiriburu nagusi bateko kale-elkarrizketetan% 3,1 darabilte, bigarren batean % 3,2, hirugarren batean 2,7. Ba omen da hiriburu bat aurreko portzentaje horien gainetik dabilena. Beste hiriburu batzuetako daturik ez da azaltzen, baina iradokitzen zaigunagatik ez dirudi emaitzak hobeak direnik
Galdera, hau izan daiteke orduan: guk zer pentsatu behar dugu hemendik datu horiek ikusita, soziolinguistika-gaietan dakiguntxoa jakinda? Zer ondorio atera behar dugu? Bai, badakigu, esan bezala, ahaleginean ari direla aspalditxotik bertako mintzaira murriztua normalizatu nahian. Badakigu, orobat, informazio-iturriak gezurrik ez badio behintzat, hezkuntza-sisteman izugarrizko lanak egin dituztela, aurrerapenak sekulakoak izan direla. Are gehiago, informazio-iturri beraren arabera, delako hiztun-herri minorizatu horretan egindako lana eta aurrerapena eredutzat hartua omen daukate egoera bertsuan dauden munduko gutxiengo linguistiko batzuek. Kanpotik jendea omen doakie informazio bila, hau eta bestea jakin nahirik, hezkuntza-sisteman eta hedabideetan eta administrazioan eta… egindako urratsak nola egin dituzten jakiteko. Eredu bila doaz, eredua delakoan.
Kontua zera izan daiteke orduan: edo herri horretan aurrez zegoen egoera soziolinguistikoan bertako hizkuntza nazionala garai bateko hebreera baino okerrago zegoen, hizkuntza «hilaren» pareko edo, eta orain kale-erabileran lortuduten agerpen sinbolikoa,% 3 inguruko hori, itxaropen-iturri bihurtu zaie; edota, bestela, herri horretan zeharo ilusionatuta bizi dira, baina ilusio hitzaren zentzu txarrean: lilurakeriak etaameskeriakitsututa alegia. Zehazki ez dakigu zer gertatzen zaien.
Soziolinguistikaren irakaspenetan inolako arrazoiketa-modu, zentzu komun eta logika-arrastorik baldin badago, guk kanpotik begiratuta, ezin dugu sinetsi nola izan daitezkeen hain baikorrak. Ezin dugu sinetsi nola izan daitezkeen inoren eredu eta jarraibide bertako hizkuntza daukaten egoeran edukita. Izan ere, oraindik orain Mikel Peruarenak Xabier Isasiren esanak Unescoren ahotan jarrita gogorarazi digun bezala, hizkuntza batek ez bide du etorkizunik% 33 baino gutxiago erabilita. Beraz, ez dakigu zer arraio dabiltzan beren eginak eredu mailara aupatzen. Edo ez dago oinarrizko kultura soziolinguistikorik bertan, eta mundu guztiak uste du bertako hizkuntza aurrera doala hizkuntza kontuetan mundu guztia delako ustez jakitun, edota arestian esandakoa: funtsik gabeko ilusio batek itsutu ditu.
Gaur egun zorionez hizkuntza minorizatuen inguruan inoiz baino informazio gehiago daukagu eskueran. Informazio-iturriak gero eta hobeak dira, besteak beste,sareen sareari esker. Sare horietako batean informazio gehigarri bat ere jaso dugu hizpide dugun nazio linguistiko horri buruz. Orain arte aipatu ditugun datuak hizkuntzaren erabilerari zegozkion, % 3ko horiek alegia, baina ezagutzari buruzkoak ere eskuratu ahal izan ditugu. Ez dugu hemen portzentaje zehatzik emango, ez baita hori kontua, baina badakigu eskolari esker ezagutzaren eremuan sekulako aurrerapena egindutela lurraldearen zati batean behintzat—ohikoa da nazio linguistikoak estatu etnoziden aldetikpuskaka zatikatzea, euskaldunok ere badakigu zerbait horri buruz—. Ezagutzari buruz eskuratu dugun informazio-txosten batean esaten zaigu «ezagutzak erabat baldintzatzen duela erabilera» eta, horrenbestez, ezagutza garatu ahala erabilera ere haziko dela.
Guk ez genuke beste herrialde bateko kontu soziolinguistikoetanmuturrik sartu nahi, baina barkakizun bekigu ohar bat egitea aurreko premisa horri buruz. Guk uste dugu premisa hori zuzena dela, ezagutzak erabilera gehitzea alegia,eta herri horretako aditu soziolinguistikoen iritziak ez daukala akats larririk alde horretatik, baina azalpenari ñabardura bat zor zaiolakoan gaude. Izan ere, oker ez bagaude,premisaren ondorioa ia osoki betetzen da hizkuntzaren bizitasun etnolinguistikoa —zilegi bekigu kontzeptu zatar hau hemen erabiltzea— erauzia ez dagoenean, baina ez da halakorik gertatzen minorizazioak erraietaraino erasan duen kasuetan. Modu argiago batean esanda: ezagutzak ez du zertan hizkuntza jakinaren erabilera besterik gabe normalizazio bidean jarri, erabileraren mekanismo sozialak eta psikologikoakerabat bestelakoak izan ohi direlako. Beraz, batak —ezagutzak— ez du bestea—erabilera—ondorio gisa ekartzen baldintza soziolinguistiko horietan. Minorizazioaren kontzeptua ez baita balizko hiztunen kopurura mugatzen den gaia, kontzeptuak egoera soziolinguistikoaren alde kuantitatibo eta kualitatibo guztien izaera eta funtzioei eragiten die. Zentzu makurrean eragin ere, ito eta blokeatu egiten dituelako normalizatu nahi den hizkuntzarenustezko indar-eraginak.
Bide batez jakinahal izan dugu delako herri horretan gauzak alor politikoan aldatzen ari direla. Itxura batean,onerako aldatzen. Bertako indar politiko nazionalisten indarra eta eragina lurralde-zati batean bederen gero eta nabarmenagoa omen da. Hurrengo hauteskundeetan itxaropen handiak jarrita bizi dira nonbait. Horiek horrela, badirudi jatorrizko nazio politikoaren aldeko indarrak izango direla nagusi laster batean. Ez dakigu nazio linguistikoaren egoera tamalgarrian zer-nolako ondorioak izango dituen aldaketa politiko horrek. Guk ez dieguIrlandako esperientzia etsigarria gogorarazi nahi, baina nolanahi ere hobe dute erne ibiltzea: nazio politikoak ez baitu nazio linguistikoaren hondamendia bideratzeko indarrik inon erakutsi hizkuntzaren erabilera hutsaren hurrengotik hurbil dabilenean. Hobe dute hebreeraren adibideko mirarietan ez sinestea.
Kanpotik dator notizia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu