Israel Europan al da? Gutxika ohitu izan gara ikusten nola Israelek normaltasun osoz parte hartzen duen Europako futbol edo saski-baloi lehiaketetan, zein Eurovision jaialdian, eta askotan ez dugu kolokan jartzen benetan hemen izan beharko ote lukeen.
70eko hamarkada arte Israel Asiako Futbol Batasuneko kidea izan zen, horrelaxe baitzegokion, baina, inguruko herrialdeekiko zenbait liskarren ostean, elkarte horretatik bota egin zuten. Hala ere, 1994an, UEFAk Israel onartu egin zuen eskubide osoz, berez ez dagokion arren.
Arrazoi ugari daude aldarrikatzeko Israelek lehenbailehen utzi behar diola UEFAko kidea izateari. Batetik, Israel Asian kokatutako herrialdea da, eta ez Europan. Bestetik, Giza Eskubideen defentsarako nazioarteko erakundeek behin eta berriz gaitzetsi izan dituzte Israelek palestinarren aurka egiten dituen okupazio eta apartheid politikak, etasalatu izan dute Israelek behin eta berriz urratzen dituela Nazioarteko Zuzenbidearen zenbait arau eta Giza Eskubideen Nazioarteko Legedia. Horixe da, gure aburuz, arrazoirik garrantzitsuena eta larriena: ezin dugu inolaz ere onartu duela 60 urtetik gora herri oso baten aurkako okupazio inmoral eta ankerra egiten ari direnek normaltasun osoz jokatzea Europako lehiaketetan, hori baita, hain zuzen, Israelek lortu nahi duena, alegia, normaltasunez agertzea. Nola onar dezakegu Hapoel Kiryat Shmona (1) taldeko jokalariak, kolonia ilegaletan bizi edo sortuak direnak, Europa osoko estadioetan lasai asko agertzea? Eta nola liteke duela gutxira arte Israelgo zerbitzu militarrean ibilitako horiek, Palestinako biztanleei oinaze bortitzenak eragin dizkietenak, askatasun osoz ibiltzea batetik bestera Europa osoan? Ez al da akaso Europa hori askatasunen eta eskubideen defendatzaile sutsuena? Zer gertatuko da egunen batean kolonia ilegaletan egoitza duen talde bat, F.C. Ariel kasurako, Europako lehiaketetarako sailkatzen bada? Jokatuko al lukete gure taldeek kolonia ilegal batean?
Gainera, gogoratu behar dugu Israelek behin eta berriz diharduela trabak jartzen FIFAko kidea den beste herrialde bati, Palestinako Futbol Federazioari; eta bere jarduerarekin oztopatzen duela Palestinan futbolean normaltasunez joka dadin. Esaterako, 2006ko Alemaniako Mundu Txapelketarako sailkapenean Palestinak 8-0 irabazi zion Taiwani eta bana egin zuen Irakekin, hortaz, taldeko burua izanik, aukera guztiak zeuzkan sailkatzeko. Egoera horren aurrean Israelek traba guztiak jarri zizkien palestinarrei, eragotzi zien mugak zeharkatzea eta sailkapenerako hirugarren partidako entrenamenduak normaltasunez egitea, ondorioz, Uzbekistanen kontrako norgehiagokarako ozta-ozta bildu zituzten 11 jokalari eta ezin izan zuten behar bezalako prestaketarik egin. Traba guzti horiek zirela tarteko, Palestina ezin izan zen sailkatu. 2007ko Hego Afrikako Mundu Txapelketarako sailkapen partidetan ere gauza bera gertatu zen.
1963tik aurrera FIFAk debekatu egin zion Hegoafrikari kirol lehiaketetan parte hartzea apartheid-ak irauten zuen bitartean. Neurri berean, Israelekin ere berdin jokatu beharko lukete, ezin dugu onartu Europako kirol lehiaketetan bere politika bortitz eta odoltsuek dirauten bitartean.
Boikota da herritarrok daukagun biderik zilegiena eta eraginkorrena erakundeen jokaera injustu eta bortitzak aldatzeko, eta bakea eta justizia bultzatzeko. Eta nazioarteko komunitateak Israelek egindako krimenen inguruan erakutsi duen axolagabekeria ikusita, eta «bake negoziazio» guztiek behin eta berriz porrot egin dutenez, 2005eko uztailaren 9an 160 erakunde palestinarrek baino gehiagok —Israelgo zenbait talde antisionistek lagunduta— Israelgo Estatuaren aurkako Boikot, Desinbertsio eta Zigorretarako (BDZ) deia zabaldu zuten Palestinako gizartearen izenean; eta galdegin zuten boikot horri eutsi behar zaiola harik eta Israelek Nazioarteko Zuzenbidea eta Giza Eskubideen Nazioarteko Legedia betetzen duen arte.
Gaurkoan, kanpaina arrakastatsu horrekin bat eginez, dei egin nahi diegu kirolarekin zuzenean edo zeharka zerikusia duten guztiei —jokalarietatik hasita, ikusle, epaile eta entrenatzaileetara— erakuts dezaten ez dutela begi onez ikusten Israelek munduko zein Europako lehiaketetan parte hartzea, nazioarteko legedia betetzen ez duen bitartean.
Israelek ez du garbi jokatzen, eta guk ez diogu onartuko.
(1) Herri horren jatorrizko izen palestinarra Al-Khalisah da. 2.134 biztanle zituen 1948an; orduan, Maiatzaren 11n, talde sionista armatuek (Hagana) eraso zioten, eta,Nakbaren urtean Palestinako beste zenbait herritan gertatu zen bezala, garbiketa etnikoa ezarri zuten. Gaur egun, orduko herritik eraikin bakarra geratzen da, sarraski haien lekuko. 1950ean, Europatik joandako sionistek Kyriat Shmoma kolonia sortu zuen herriaren hondarren gainean.
Israel joko zikinean aritzen da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu