Herrikidea izanagatik, beranduegi ezagutu nuen Iñaki Isasmendi, Ardixe. 2000ko udazkena zen eta haren oroitza-paperekin liburu bat egiteko agindua heldu zitzaidan, gogoan dut nondik. Irakurri nituen, letra bakoitzak behartu ninduen ezetzik ez esatera. Eta hala jo nuen Hendaiara, Isasmendirekin berarekin eta bizi osoan aldamenean izan zuen Xabier Larrañaga, Txanton-ekin elkartzera. Han bizi ziren gerra ondorenetik, historiak bultzatuta bertaratuak. Abarketagintzan aritu ziren erretreta hartu arte, zertan ba azkoitiarrak. Kafe beroarekin hartu ninduten. Bientzako porru-patatak prestatzen utzi nituen.
Paper haietan, mundua zegoen. Hogeita bi urte zituen gerrak harrapatu eta Azpeitiko Loiolan gudarietan izena eman zuenean. Orduezkero, galtzaileen bideetan barrena oinak:Saturraran, Lekeitio, Milludi. Gernikan, sarjentu Itxarkundiako bosgarren konpainian. Bermeo, Legutio, Nafarrete. Lagunak hiltzen ikusi. Otxandion zauritu bera. Eta galtzen jarrai, derrotaren geografia osatu arte. Arratia, Bilbo, Limpias.
Gatibu Dueson. «Jendiek benetako gosie pasau zian». Presoak fusilatzera eramaten ikusi. Aho bizarrik gabe jalkitzen zaizkio hiltzaileen izenak: «Areilza, Mutrikuko kondea». Puerto de Santa Mariara handik.
1941eko irailean itzuli zen jaioterrira, Azkoitira. Herrian lanik ez, ordea, galtzaileentzat. Batean eta bestean aritu beharra abixua heldu zitzaien arte, ea pasako ziren erresistentziara. Txanton eta biak aritu ziren amerikanoekin entrenatzen Paris ondoko Cernay la Villen, «gizona nola hiltzen dan hantxe erakutsi zigutean», aliatuek Franco botako zutela sinetsita. Uztailaren 14 batean utzi zituzten Paris erdian, behar ez zituztela-eta poltsikoan diru parrastada eta pozez mozkortuta zebilen hiriaren zurrunbilo-begian.
Letraz letra, pasadizo txikienak espero gabeko neurria hartzen zuen. Ez zen esku artean neukan liburua heroi batena. Duintasunez bizitakotik emanaz zetozen orriak. Jakin behar da horrela erortzen.
-Eta hau?
Gernika batailoian ageri dira biak, Bordelen, Pessacen, Mugerren, Kepa Ordokirekin. Gerlak amaitu egiten dira, baina egin beharrekoak ez. Desmobilizazioarekin Baigorriko mendietara bidali zituen alderdiak, Bastidara, muga zaintzera. Gazte ageri dira argazkietan denak, mendi lanetan: Imanol Sarrionandia zornotzarra, Jose Mari Aranzabal eta Jose Altuna bilbotarrak, Toribio Eitzaga eibartarra, Isple Aranbarri ondarrutarra… Primi Abaden esanetara guztiak.Hala osatu zuten Euzko Gaztedi.
Eginbehartarrak ziren.
Mendian egon behar dela? Egon. Gaztainak jan behar direla buruak Baionako Larreta hotelean direla? Jan. Hau egin behar dela? Egin. Horrela zaildua denak libreago du gero mihia ere.
«Behin Ajuarigerraren bisita izan genuen. Mugaz alde honetara etortzeko motiboaz hizketan egon ginela dut gogoan. Berak, denon buruzagi izanik, beste inork baino hobeto zekien zer gertatzen zen. Denak gaizki irten zuela aitortu zigun: amerikanoena, frantsesena, mugako taldeena...
- Egia. Gu geure gogoz etorri ginen eta gaizki irten du, zuk diozun bezala. Zer egingo dugu bada, aguantatu! —esan genion—. Baina ez eskuak garbitu, Txantoni eta niri EBBko buruzagi batek esan zigun bezala».
Hortik Isasmendiri, Larrañagari eta gainerakoei darien autoritate morala. 1946an, Hendaiara helduta, abarketagintzan hasi ziren. Euzko Gaztedin zituzten jarriak ilusioak, Julio Sarasua eibartarra zuten lehendakari. Hara berrikuntza Leizaolarekin zahar usaina hartzen hasia zen alderdian. «Guk geure autonomia nahi genuen».
Beilatokitik etxerakoan, Iñaki Isasmendik garai hartan Askatasuna aldizkarian argitara eman zituen artikuluak irakurtzen eman dut gauerakoa. Idaztea ez baitu izan zahartzaroko gaitza. Bada haien artean euskal prosa politikoaren aitzindaritzat har daitekeenik. Eta Hendaian zirelarik, inori laguntzen beti, zertan zeramaten ba bizi guztia.
Liburua argitaratu eta egunetara, paketetxo bat jaso nuen etxean. Erloju bat zen, era zaharreko oparia. Eskumuturrean, eskaintza: «Mila esker. Isasmendi. Larrañaga». Berak eman eta berak esker oneko. Lotsatu egin nintzen. Harrezkero, ez dut erantzi. Egunotan, konturatuta nengoen atzeratu egiten duela. 97 urterekin hil da. Erretzeko du utzia agindua, ez sartzeko lurpean. Erlojugilearengana eraman behar dut albait arinen. Galdetu behar diot ea larria den gaitza, iragana tiraka aritze hau.
Isasmendiren erlojua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu