Martxoaren 29ko greba orokorra izango da. Ekintza egun solidarioa izango da, baina ez bakarrik deialdia egitera bultzatu duen lan erreformaren kontra, erabat atzerakoia den estrategia politikoaren kontra ere bai. Izan ere, estrategia politika horrek proposatzen digu—modu lotsagabean, gainera— krisi sozioekonomikoaren ondorio kaltegarriak guk geuk ordaintzeko krisia bera eragin dutenei, azken baten, onuradun bakarrik beraiek izaten jarrai dezaten.
Alderdi Popularraren gobernuak ezarritako lan erreformak ez dauka aurrekaririk Espainiako estatuko lan harremanak arautzeko markoan, grebara deitu duten sindikatuek behin eta berriro errepikatu duten moduan.
Kaleratzea erraztu eta merkatu egiten du; kontratazio berriak egiteagatik hobariak jasotzen dituzte enpresek, baina langile horiek gero kaleratzea debalde da; behin-behineko lan kontratuak mugarik gabe kateatu daitezke; lan eskubide kolektiboak murrizten ditu, eta enpresek ez dute derrigorrean negoziazio kolektiboan adostutakoa ezarri beharko; lan-malgutasuna areagotzen du, eta enpresek, arrazoi objektibo gabe, lan-baldintzak modu arbitrarioan aldatu ahal izango dituzte; azken baten, negoziazio kolektiboaren ahulezia eta lan prekaritatea areagotzen ditu. Erreformaren xedea ez da enplegua sortzea; haren xedea da lan harremanen esparru murriztailea eta segurtasunik gabea sortzea, epe ertain eta luzean langabezia maila handiak egotea arrazoitzeko. Langabezia mehatxu gisa instrumentalizatzea lortu nahi da ezarpen metodoak gogortzearen eta zorroztearen bitartez, lan-errentak eta ekonomia errealeko errentak espekulazio eta finantza mugimenduen bidez aberasten diren horiengana modu masiboan bideratzea. Hain zuzen, azken horiek dira pairatzen ari garen krisi sozioekonomikoaren erantzule nagusiak, beraiek ezertxo ere pairatzen ez duten arren.
Gizartean eragiten duen zatiketaz gainera, lan erreforma, finantza erreformarekin batera, administrazio publikoak ezartzen ari diren gastu-murrizketa eta fiskalitate politika atzerakoien barruan kokatu behar dugu. Hain zuzen, produzitzen ez duten errenten belaunaldia mantendu eta saritu nahi duten politika sozioekonomikoen ondorio kaltegarriak dira eta, aldi berean,bizkarra ematen diote egiaz jasangarria den ekonomia sustatzeari, lanaren eta negoziazio kolektiboaren bitartez garatzen denari.
Sindikatu guztiek martxoaren 29rako greba orokorrera deitu izanak eta ezkerreko indar politiko abertzale eta eragile sozial guztiek deialdia babestu izanakindar metaketaren hastapena ezartzen du, eta lan komun horrek biderkatu eta indartu egingo ditu deialdiaren ondorioak, kohesio sozial eta solidario efektu oso garrantzitsua izango duelako.
Euskal mugimendu sindikalaren ezaugarri behinenetako bat da, bere osaeraz gainera, ia bere osotasunean autonomoa dela indar politiko eta instituzioetatik, baina, horrez gain, izaera subiranistak helburu politikoak ezartzen eta aldarrikatzen dituela: lan harremanetarako marko propioa, Espainiakotik bereizten den fiskalitate progresibo zehatza, etxebizitzarako eskubidea oinarrizkoa eta unibertsala izatea edota lurraldea antolatzeko eredu iraunkorra; eta, guztien gainetik, autonomia estatutu politikoa gainditzeko exijentzia.
Dugun konfrontazio sozial sakon honetan, bere baitan Estatuko indarrak hartuko dituen indar metaketa sindikala aintzat hartzekoa da. Martxoaren 29ko greba orokorraren esperientzia inflexio-puntua izan beharko litzateke.
Testuinguru politiko honetan, ezinbestekoa da eskuin sozialak krisi sozioekonomikoan sakontzeko egiten duen proposamenaren aurrean krisitik ateratzeko irtenbide aurrerakoia osatzen duen alternatiba aurkeztea. Behar horrek bakarrik arrazoitzen du indarrak batzeko xedea daukan akordio estrategikoa, zeinen helburua izan beharko litzatekeen produktu sozialaren birbanaketa solidarioaren eredua ezartzea, bereganatze murriztaile eta kontrol gabekoaren ondorio traumatikoak zuzentzeko.
Alternatiba horren balizko arrakasta Euskal Herriaren burujabetzaren bidean eman beharreko jauzi kualitatiboarekin oso lotua dago. Krisi sozioekonomikotik modu solidarioan ateratzeko alternatibak Espainiako eskuinak bere adar politiko guztietatik egindako erasoaldi sozialetik babesteko izaera izango luke hastapenetan, baina behin lehen erresistentzia aro hori modu arrakastatsuan gaindituta, proiektu subiranista gauzatzeko beharrezkoa den gizarte kohesioaegonkortu eta zabaldu egingo litzateke.
Irteera lerroa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu