Martxokoa hilabetea argigarria izan da gurean. Gasteizko kaleak, boterearen logikaren antzezpenerako agertoki ezin hobe bihurtu dira.
Dekoratua aurretik landua zetorren: prekarietatearen hazkundea, oinarrizko behar sozialetara bideratutako gastu publikoaren murrizketa, bankuen interes pribatuetara bideratutako gastu publikoaren biderkatzea, txiro eta etorkinen kriminalizazioa... eta aurreko guztia borobiltzeko, lan-erreforma lotsagarria, aurre-demokratikoa. Azkenik, agertokia hau izanik ere etsipena, otzantasuna eta bake soziala bermatu behar duen kanpaina propagandistiko erraldoia botere ekonomiko, politiko eta mediatikoen aldetik, ez dago beste aukerarik lelo gezurtia egia objektibo bilakatzea ardatz dutela.
Propagandak ez du bere helburua guztiz lortu. Bada beste aukerarik leloari helduta, martxoan aktore disidenteak gehiago izan gara, eta gehiagotan ikusarazi dugu geure burua. Martxoaren hiruan, 8an, murrizketen aurka, beste hamaika deialditan. Eta martxoaren 29ko greba orokorrean agertokia, kaleak hartu genituen aspaldiko modurik masiboenean.
Orduan azaleratu dira antzezlanaren mugak. Gidoia guk idazteko nahia eta determinazioa azaldu dugun unean, polizia sarrarazi dute Gasteizko agertokian, bortizki. Gidoia idaztea gutxi batzuei dagokiela, gehiengoari gidoia sufritzea dagokigula argi uzteko. Gidoiaren idazle izateko eskubidea, idatzi nahi duguna boterearen gustukoa ez denean makilada bidez bukatzen dela gogorarazteko. Greba eguneko balantze errepresiboa bereziki gordina da: hamarnaka identifikatu, atxilotu eta zauritu, trabak piketeei, doako bortizkeria. Grebarako eskubidea bera urratu zuen jarrera polizialak.
Martxoko aktoresa desobedienteen artean, agertokia bereziki astindu duen aktore kolektibo bat nabarmendu behar da: Gazteria. Ederra izan da «Gazte altxa, hasi da martxoko iraultza» ekimenaren ildotik ikastetxe eta auzoetan burutu dituzten batzar ireki eta jendetsuen berri izatea, jatorri eta ideologia askotako gazteak elkarlanean ikustea. Pozgarria, esklabotasunera kondenatzen dituen gizarte eredua irauli nahian hainbeste gazte ikustea kaleetan gurekin batera, «Gazte Blokean» beraien kabuz antolatuak.
Ematen du batzuen haserrea gure pozaren tamainakoa izan dela, guk esperantzarako arrazoiak ikusi ditugun lekuan beldurrerako zioak ikusi dituztela beste batzuek. Bakarrik horrela uler dezakegu poliziak martxoan gazte horiekin erabili duen bortizkeria. Laburki: Martxoaren 3an, ehunka gaztek errepidea itxi eta eserialdia egin zuten gobernu ordezkaritzaren eta PPko egoitzaren aurrean, erantzukizun eske. Eserita eta eskuak altxatuta egon ziren gazteen aurrean Ertzaintzak kolpeak banatzeari ekin zion, nekatu arte, 4 atxilotu eta 15 zauritu utziz bidean. Ondoren, zauritu oro inputatu nahian, 30 kaputxadun larrialdi zerbitzuetan sartu ziren, eguneko txostenak eraman nahian, eta han bertan gazte bat atxilotu zuten. Enpresa batzordeak aho batez salatu du legez kanpoko jarrera, eta Barne Sailari kexa formala zuzentzea eskatu du. Hiru egun geroago, gazteek beste manifestazio batera deitu zuten gertaera horiek salatzeko. Barne Sailak debekua ezarri zuen, jo eta ke irabazi arte leloak biolentzia susta zezakeen aitzakian (Baskoniaren edo Alavesaren joko zelaietan oihukatzen dena ezin da Gasteizko kaleetan esan). Geroztik, Ertzaintzaren presentzia itogarria salatu dute gazteek.
Horrela heldu ginen 29ra. Aurretik salatua dugu greba eguneko polziaren jarrera orokorra, eta horri gazteenganako obsesio errepresiboa gehitu behar diogu. Ikastetxeetan oldarraldiak, baita unibertsitatean ere; uneoro gazteenganako temakeria berezia... eta Xubanekin gertatua. Xubanek, martxoan hiria koloreztatu duen gazte ekimen honen partaideetako bat baita, sei egun eman ditu ospitalean; hiru, larri, Zainketa Intentsiboetako Unitatean, lau metrotatik tiro egindako pilotak buruan jo ostean. Hurrengo egunean, 15M mugimenduak Xubanen alde eta poliziaren bortizkeriaren kontra deitutako kontzentrazioa bortizkeria biziz desegin zuen Ertzaintzak berriro ere.
Xubani gertatua, eta zorionez gertatu ez dena baina gerta zitekeena, ez da zoritxar kontua, poliziak gehiegitan agertzen duen portaeraren ondorioa baizik. Adibidez: Nola liteke pilotak jaurtitzea milaka pertsona batu zituzten manifestazioei oldartzeko? Nora apuntatzen zuten, multzora? Nola liteke lau metrotako distantzian pertsona bati burura apuntatu, eta tiro egitea? —Idatzi hau apirilaren 4an hasi zen mugitzen sinatzaileen artean. Tarte horretan, Ertzaintzak modu ezin krudelagoan eman digu arrazoia. Doluminak, Iñigo Cabacasen senide eta lagunei—.
Hortaz, batetik, Poliziaren martxoko bortizkeria salatu nahi dugu. Balantzea izugarria da, eta gertatuaren oinarrian poliziaren jokabide autoritario eta errepresiboa dugu. Nahikoa da. Noiz arte jarraitu behar dugu gizarte arazoak borra eta pilotakada bidez isiltzen dituen polizia pairatzen? Hori al da boteredunen murrizketa, lan-erreformari eta abarrei muga jarri nahi diegunoi egungo demokraziak eskaintzen digun kritikarako tartea?
Bestalde, Gasteizko gazteriari gure babesa eta elkartasuna adierazi nahi diogu. Uste dugulako hilabete honetan eman dituzten pausoak eredugarriak izan direla. Uste dugulako, hain zuzen, pauso horiek emateagatik zentratu dela errepresioa beraiengan. «Gure gurasoek borrokan lortutako eskubideak lapurtu nahi dizkigute», esan dute gazteek martxoaren 3an, eta lapurretaren aurka antolatu dira. 1976an 5 lagun hil zituen errepresioaren helburua argi azaldu zuen Martin Villak, urte batzuen ondoren, esan baitzuen helburua ez zela 5 langile hiltzea, baizik eta helburua zela 5 langile erailaz «gainontzeko guztiak otzantzea». Ematen du botereak irizpide pedagogiko berbera aplikatu nahi duela egun; Xuban eta beste hamaika jipoituz gazte oro beldurtu eta otzandu nahi duela, alegia. Gure eskubide sozialen kontrako erasoa hasi besterik ez delako egin, eta erasoan trabarik gabe aurrera jarraitzeko orduan, gizartearen bidegabekeriez arduratzen den gazteria borrokalari eta antolatu bat arazo bilaka dakiekeelako.
Injustiza da arazoa, ez gazteria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu