Oraindik zientifikoki behar bezala argitu ez den Iruña Veleiako indusketa arkeologikoari dagozkion bi gertaera oso garrantzitsuren urtemuga dugu uztailean.
Batetik, Lurmenen kontrako kereilaz arduratzen den 1. Instrukzioko Epaitegiko epaileak Eliseo Gilek eginiko analitika eskaria onartu zuen joan den urteko uztailean, egiazkoak ala faltsuak diren argitu ahal izateko.
Erabaki horrek garrantzi itzela dauka, Aldundiak gai hau argitzeko sortu zuen batzordean Eliseok aurrez eginda izan arren, ukatu egin ziotelako, inolako arrazoirik gabe. Jaso zuen erantzun bakarra, lehenago egiteko aukera izan zuela, erantzun erabat desegokia.
Akusatua proba guztiak egin beharraz kezkatzea, eta ez alderdi akusatzailea, kezkagarria da. Izan ere, gaur egun Aldundiak ez du faltsifikazioa egin denik frogatu. Gainera, Euskotrenek eta ETSk Lurmenen kontra jarritako kereilak bertan behera geratu ziren.
Horrez gain, grafitoen ustezko egileei buruz aurkeztutako «froga» bakarra Aldundiak enkargatutako hirugarren txosten grafologikoa da, hutsunez beteta dagoena. Lehenengo biek ez zuten argi zehazten nor zen ustezko faltsutzailea, eta horregatik hirugarren bat agindu zuen Aldundiak.
Grafologiak gaur egun paperean edo antzeko materialaren gainean idazten dena aztertzen du, baina zeramikaren edo harriaren gainean egiten dena ez, horietan idaztea zailagoa delako eta motrizitate desberdina daukalako. Hau da, Aldundiak 45.000 euro alferrik galdu ditu. Hala ere, eskerrak hirugarren txostenaren arabera ostrakak faltsuak ei diren; bestela, laugarren edo bosgarren txostena aginduko zuten, eta arabarrok ordaindu beharreko prezioa are handiagoa izango zen.
Baina, gainera, Epaileak, Batzordeak esan zuenari kontra eginez, analitikak egiteko eskaera onartu zuen. Horrela, gai hau argitzeko daukagun bide bakarra zein den adierazten digu: zientzia, proba analitikoak, ostrakak benetakoak diren ala ez zehaztuko dizkigutenak.
Azpimarratu beharra dago Aldundiko Batzordean ez zegoela aditu bakar bat ere ez arkeometrian, hau da, aurkikuntza arkeologiko bat benetakoa den eta noizkoa den zehazten duen jakintza alorrean. Hilketa baten ikerketan DNA probak egingo lituzkeen teknikorik egongo ez balitz bezala. Sinestezina, ezta?
Epaileak Guardia Zibileko Kimika Sailari aginduzion analitikak egitea, baina orain dela gutxi eman duten erantzunaren arabera, uko egin diote lan hori egiteari. Hau logikoa da, Guardia Zibilak arkeometria laborategiek duten esperientziarik ez duelako inondik inora. Europan, adibidez, 15.000 eurogatik 15 ostraka analiza dezaketen laborategiak ditugu, zalantzari inolako zirrikiturik utzi gabe, horrelako lanak etengabe egiten dituztelako.
Adibidez, azken asteetan arkeometriarekin lotutako bi albiste agertu dira hedabideetan. Batetik, faltsutzat emandako K.a. VII. mendeko «Fibula Prenestina» deituaren urrezko gerrikoan ageri den idazkuna benetakoa dela egiaztatu dute Italian, analitika sakonak eginda. Gauza bera gertatu da Estatu Batuetan, hezur batean duela 12.000 urte egindako marrazki batekin. Iruña Veleian hezurretan idatzitako idazkun asko ditugu. Hauek ezin dira analizatu eta Estatu Batuetakoak bai?
Instrukzioko Epaitegiak analitikak onartu zituenetik urte bete pasatu denez, joan den uztailaren 4an xingola batez ostrakak gordeta dituen Bibat Museoa Justizia Jauregiarekin lotu genuen. Izan ere, ia bi urte eta erdi pasatu ondoren, gai hau era zientifiko batez eta zalantzarik gabe argitzeko ordua dela uste dugu.
Baina analitikak onartzea erabat positiboa izan bazen, iazko uztailean beste gertaera ikaragarri bat izan genuen. Justu, epaileak datazioak onartu zituenean, indusketen zuzendari berria den Julio Nuñezek hondeamakina baten laguntzaz eremuaren %3-5 suntsitu. Horretarako, nahiz eta Plan Zuzendarian 50 cm baino ez zutela sakonduko pala mekanikoarekin esan, metro eta erdiraino sartu zuen, hau da, egitura erromatarreraino, harlauzak jo arte eta horietako batzuk apurtuz.
Horrek zer esan nahi du? Ba harlauzen gainean zegoenguztia suntsitu zutela: harlauzak baino altuago zeuden hormak, zoruetan zeuden hondakin arkeologikoak, etab. Dena zuzenean isurtegira eraman zuten, erritmo ezin arinagoz: kamioi bat 8 minuturo. Obra arrunt batean ez lirateke hain arin ibiliko!
XXI. mendean horrelako gauza bat gertatzea, non eta kultura maila handia duela suposatzen den herri batean, sinestezina da. Nola da posible gure historiaren 2.000 urte isurtegira horrela botatzea? 10 cm-ko estratuak aztertu ahal izateko arkeologiak asteak eta hilabeteak behar dituenean, gauzak kontuz garbitzen, argazkiak egiten, material guztiak kontu handiz jasotzen… nola da posible Julio Nuñezek Iruña Veleian autobide bat egiten ari balitz bezala jokatzea?
Horregatik ekainean egindako kalejiran indusketa sinbolikoki itxi genuen, laborategi espezializatuek dagozkien analitikak egin eta gaiak subjudice jarraitzen duen arte indusketarik egin ez dadin.
Ez dugu utziko gure ondarea suntsitzen. Ezin dugu onartu Araban zientzia, arkeologia eta euskara horrela baztertu eta umiliatzea.
Hondeamakinak Iruña Veleia izorratzea ezin dugu onartu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu