Hego Kurdistan erreferendumaren ostean

2017ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Joan den irailaren 25ean, Hego Kurdistango (Irak) autodeterminazio erreferenduma jarraitu zuen nazioarteko 100 behatzaileetako bat izan nintzen. Egon zen parte-hartzea handia izan zen (%72,82) eta baiezkoak %92,51 izan ziren; horrenbestez, erreferendumaren emaitza zalantza gabea da. Era berean, nazioarteko begiraleek egindako txostenak argi utzi zuen erreferenduma nazioarteko estandar guztiak beteta egin zela. Eta orain zer?

Estaturik gabeko munduko nazio handiena da kurduena, nahiz eta zatituta egon. Hain justu, hori du bereizgarri nagusia. Lau estatutan sakabanatuta bizi dira 35-50 milioi kurduak: Turkia, Irak, Iran eta Siria. Barne mailan ere zatiketa handia da, eta horrek politikari, estrategiari eta lurralde eremu bakoitzaren interesei eragiten die. Baita eremu bakoitzean ere. Horren adibidea da 90eko hamarkadan Hego Kurdistanen Masud Barzaniren PDK eta Jalal TalabanirenUPKren artean izan zen gatazka. Horren ondorioz, erreferenduma egiteak kurduen artean zatiketa egotea eragin zuen.

Erreferenduma egingo zela iragarri zuenetik, presio asko egon dira egin ez zedin. Kurdistango beste eremu batzuetan, iparraldean eta mendebaldean, Ekialde Hurbileko herriek «konfederalismo demokratikoa» sortzea proposatzen dute indar politiko nagusiek, eta, beraz, estatu berriak eratzearen aurka daude. Hego Kurdistanen bertan, Gorran parlamentuko bigarren indarrak eta beste indar politiko txikiago batzuek uste zuten ez zela une egokia galdeketa egiteko; gainera, Barzaniren aurpegia garbitzeko jokaldi gisa ikusten zuten erreferenduma egitea, krisi ekonomiko eta politiko sakon baten murgilduta baitaude.

Kanpora begira, Irakeko Gobernua erreferendumaren aurka azaldu zen. Erakunde autonomoa mehatxatzera ere iritsi zen erreferendumaren aurreko egunetan. Baina gehiengo xiita daukan gobernuak egiten duena ezin da ulertu Irani begiratu gabe, horren txotxongilo bihurtu baita. Bi horiez gainera, Turkia eta Siria ere erreferendumaren eta balizko Estatu Kurduaren sorreraren aurka azaldu dira. Kurduen gaia barne-arazo gisa ikusten dute guztiek, eta euren estatuetan ere antzeko mugimenduak sortuko diren beldur dira. Lau estatu horien jarrera ikusita eta Ekialde Hurbileko oreka oso ahula dela kontuan izanda, nazioarteko komunitateak ere ez du erreferenduma babestu. Horrenbestez, Israelek bakarrik babestu du, arrazoi historikoez gainera, arrazoi geopolitiko eta geoestrategikoengatik.

Dena dela, ezin da ezkutatu azken 25 urteotan Hego Kurdistan de facto estatu independente gisa ari dela. 1991. urteko Golkoko Gerratik, 36. paralelotik iparraldera dagoen eremuan Irakeko armadarik ezin zela ibili esan zuten AEBek, Sadam Husseinen errepresioa eta genozidioa pairatu zituzten kurduak babesteko helburu argiarekin. Horren ondorioz, Hego Kurdistan lurralde independentea bihurtu zen; bere gobernua zeukan, lurralde esparru kontrolatua, bere biztanleria eta bere nazioarteko harreman propioak. Bere armada propioa ere bazeukan (pexmerga) eta petrolio erreserbetatik zetozen diru-sarrerak. Iraken bigarren interbentzioa egin ondoren, Kurdistango Erregioko Gobernuaren papera (KRG ingelesez) handitu egin zen. Indar kurduek Irakeko konstituzioa idazteko proiektuan ere parte hartu zuten (2005); estatu federala, deszentralizatua eta sekularra sortzea zen horren helburua. Baina Ekialde Hurbileko egoera gorabeheratsuak eragin zuen promesak ez betetzea eta Estatu Islamikoarekin gatazka asimetrikoa sortzea. Gatazka horretan paper oso garrantzitsua jokatu dute kurduek, eta horren ondorioz egoera politiko eta lurralde izaera berriak sortu dira. Kurduen eremua da inguru horretan bakea eta segurtasuna dagoen bakarra; gutxiengoak elkarbizitza egoeran bizi dira bertan, eta jihadismoak bultzatutako ehunka mila errefuxiatu ere bertan bizi dira. Bitartean, Bagdadeko gobernua Iranen txotxongiloa eta gobernu sektarioa bihurtu da.

Urte hauetan guztietan, pexmergek eta beste milizia kurdu batzuek borroka gogorrak izan dituzte Estatu Islamikoarekin. Borroka horien ondorioz, KRGren administrazioren menpetik kanpo egondako lurralde kurduak askatu dituzte. Baina eremu horietan ere erreferenduma egin izanak Irak, Iran eta Turkiaren kontrakotasuna ekarri du. Kasu batzuetan, gutxiengo erlijioso eta etnikoak babesteko helburuarekin (xiitak, turkomanoak...), baina, batez ere, eskualde hori petrolio-gune garrantzitsuena delako.

Erreferenduma egin zenetik hilabete igaro denean, egoera gutxi aldatu da. KRGko agintariek zuhur jokatu zuten eta ez zuten independentzia aldarrikatu, Irakeko Gobernuarekin negoziatzeko gaitasuna ez urratzeko. Bagdad eta mundu osoa konbentzitu nahi dute Estatu Kurdua eratzea bidezkoa eta zilegia dela eta, gainera, egonkortasuna ekarriko duela Ekialde Hurbilera. Mendebaldetik bultzaka ari dira Irak estatu federala eta laikoa bihurtzeko, baina Bagdadek egindako mehatxu belikoek aukera hori aldetzen dute.

Laburbilduz, independentziarako gogoa adierazteko aukera historikoa ikusi zuten hegoaldeko kurduek. Barne eztabaidak gainditu zituzten, eta inguruko estatuetako kurduek ere agertu dute erasoren bat badago babestu egingo dituztela, hasiera baten erreferendumaren aurka azaldu baziren ere. Zer gertatuko den jakiterik ez dago, inguru horretako ezegonkortasuna handia baita. Bertako aktoreek zein kanpoko aktoreek (Errusia eta AEB) zein jarrera hartuko duten kontuan izan behar da, baina baita xiiten eta suniten artean duten gatazka ere. Egoera, beraz, konplexua eta poliedrikoa da. Euskal Herritik, dena dela, herri kurdua eta beren askatasunak defendatzen jarraituko dugu.

Post data: artikulu hau idatzi ondoren, Irakek bere mehatxuak bete ditu eta Kirkuk konkistatu du, eta, dirudienez, hori posible izan da PDK-k eta UPK-k dituzten gorabeherengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.