Gatazka eta baketzearen aurrean Euskal Herrian

Jesus Ekiza, Vicente San Martin, Victoriano Aranguren
2012ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Honako dokumentu hau sinatzen dugun apez eta laiko kristauok bat egiten dugu Euskal Herriko eta herri guztietako «poz eta itxaropen, tristura eta larritasunekin». Mundu gizatiarra egiteko eta zuzentasun eta bakearen eraikuntzan egindako irrika eta ahaleginak gure egiten ditugu. Berri On askatzaileadugu pizgarria, Vatikano II.aren ildotik.

ETAk bere indarkeriari bukaera emateko deklarazioaren ondoren sortutako egoerak aukera eskaintzen du alderdi guztien eta gatazka historikoaren iturriari aurre egiteko. Horrela, liskarren ondorio negargarriak gainditzen hasiko garela uste dugu, biktima guztien sufrimenduak geure gain hartuz. Herritar garen aldetik, itxaropenez eta erabakitasunez begiratzen dugu etorkizuna, gertatu diren hainbeste haustura sendatzeko, baketze eta adiskidetze prozesua bultzatzeko, zuzentasun eta bake betean gizartea berreraikitzeko.

Kristau garenez, batasun, adostasun eta bakearen bitartekoa den Elizaren izenean, beharrezkoa ikusten dugu adiskidetzea bultzatzea, horixe baita Elizaren funtsezko egitekoa. Gizartearen beste kide guztiekin batean, erantzunkide izan nahi dugu adiskidetze prozesu zorrotz eta zehatz honetan.

Adiskidetzearen bidea egiteko, ezer baino lehen, behar-beharrezkoa da liskarrean etsai izan diren guztiek egin diren bidegabekeriak ezagutu eta aitor ditzatela. Horrek memoriaren egia eta zuzentasuna eskatzen ditu.

Prozesu honetan biktima guztiak —bakoitza bere neurrian eta bazterketarik gabe— aintzakotzat hartu behar dira: erailketetan hilak, zaurituak, bahituak, torturatuak, arrazoi politikoengatik auzipetuak, haien etxekoak eta lagunak barne; horiek guztiek onartze sozial, elkartasun sendo eta zuzenbidean oinarritutako kalte-ordaina merezi dute. Prozesu korapilatsu honek presoekiko eskubideak begiratzea eta legea betetzea ere eskatzen du. Amnistia aplikatzeko aukerak garai berri bat ekarriko luke herriarentzat, bakea sustatzeko lanean.

Azkenean, uste dugu, beti egiatik eta gardentasunetik abiaturik, barkamena eskatzeko eta eskaintzeko aukerarik hoberenak arakatu behar ditugula.

Horrenbestez eta ondorioz, gure ustetan momentu honetan premiazkoenak diren jarrera eta egiteko hauek azpimarratuko ditugu, gatazkaren behin betiko konponbidea erdiesteko eta adiskidetzea lortzeko:

Bortizkeria arbuiatzea helburu politikoak lortzeko bide gisara, eta, alderantziz, pertsona guztien eskubideak errespetatuz, indarkeriarik ez duten jarrera lagungarriak bultzatu eta sustatzea.

Izandako gatazkaren aurrean, autokritika leiala egin behar da. Horren ildotik, aldez edo moldez aurreko egoera kaltegarriak berregin nahi luketenak gaitzetsi behar dira.

Jasandako bortizkeria eta liskarrak ezagutarazi eta egindako kalteak osatzea, nork bere gain hartuz kalteen erantzukizuna.

Gatazkaren bukaera lortzeko, elkarrizketa leial, baketsu eta begirunetsua, sozial eta politikoa, inolako eta inoren bazterketarik gabe, hori baita lehiakide izan direnak bakerako lankide bihurtzeko bitarteko bakarra.

Biziaren lehentasuna, pertsonen aldeko nagusitasuna, bere duintasun urraezinean, pluraltasunaren, desberdintasunaren, kultura eta politika eskubideen onarpen leiala, egiazko oinarri demokratikoa eraikitzeko orduan.

Lan honetan ari diren talde sozial eta politikoei gure laguntza eta lankidetza eskaintzen diegu, zinez uste baitugu bizikidetza, bakea eta adiskidetze etorkizuna elkarrekin eraikiko dugula.

Jesus askatzailearen jarraitzaileak izanik, hauxe dagure desira: gure Elizakegiazko adiskidetze espiritualtasuna bultza dezala, hitzez eta egitez, herriarekin bidelagun izanda, egia historikoari argi emateko, biktima guztiek kalte-ordaina izan dezaten, eta, horrela, bakea zuzentasunetik abiaturik elkarrekin eraikitzeko.

Testu hau honako elkarte hauek ere sinatu dute: Gazteizko foro erlijioso herritarra, Arabako Herri Apaiz taldea, Herria 2000 Eliza, Euskal Herriko kristau elkarte herritarrak, Euskal Herriko Apaizkoordinakundea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.