'Front National'

2012ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Jakes Bortairuk Enbata-ren 229. alean idatzitako artikuluak lerro hauen idatzarazi dizkit. Gerla ondoan sortutakoak eta 1968. urteko iraultza ezagutu dugunok harritu gaitu alderdi horren igoera arraroak. Duela berrogei urte Frantziako Estatuan benetako indar politiko bat zen alderdi komunista bazterrekoa bihurtu eta FNk hura baino indar gehiago hartu izana nola posible izan den askotan galdetzen diogu geure buruari.

Hexagoniako historia modernoan leku gutxi ukan dute eskuin muturreko alderdiek, nik dakidanez ezagutuenak Action Française erregezalea eta Croix de Feu deitu mugimendua direlarik.

Zorionez, eskuindar izateko ospea zuen Ipar Euskal Herrian ehunetik hamarra lortu du FNk Frantziako beste lurraldeetan ehunetik hemezortzia lortu duelarik. Eskuindar izateko fama horrek gutxiengoen abertzaletasuna eta FNren nazionalismoa ideologia berdintzat jotzera bultzatu du bat baino gehiago. Joan den mendeko zazpigarren hamarkadan Telesforo Monzon-ek deitzen zuen Front National Basque eta Jon Mirandek aldarrikatzen omen zuen National socialisme ethnique Le Pen eta horren kideen asmo eta programarekin abertzaletasunaren alderatzera ondorioztuko zuen. 1970. urtean Le Pen eta Mirande Bretainiako festa batean elkarrekin agertzeak aurre asmo hori indartuko zuela ez dago zalantza izpirik. Baina denok Jon Miranderen keltasuna dazagugu, baina haien asmoek Euskal Herrian lagun baino etsai gehiago ekarri ziola badakigu ere, Euskal Herriko literatura modernoan aitzindari izan zen arren.

Horra hor, nire ustetan, FNko nazionalismoa eta herri zapalduen abertzaletasun edo hertzaletasunaren arteko desberdintasuna zertan datzan.

Frantzia aspaldiko naziotzat jotzen du FNk, Hexagoniako mugak azken mende horietan asko mugitu ziren arren; Frantziako mitoa ez du desegin nahi, non Joana Arc-ekoa ezaugarri nagusitzat hartzen baitu. Frantziako Estatuaren barneko nazionalitateak ez ditu kontuan hartzen, aberri handian dauden aberri txikiak ez baldin badira; Jacques Maurrasek aldarrikatu zuen eskualdetasun baten alde daiteke.

FNren pentsamenduan oinarrizko jazargo bikoitz bat badago: bertakoa defenditu nahi omen du, baina, Aljeriako arazoari dagokionez, ez dute horren kideek onartu bertakoa Europatik jiniko kolonaren aurka borrokatu izana; orain Frantzian arabiar etorkin gehiegi daudela salatzen dute, baina zer gertatuko zen sistema zentralizatu batean Aljeria Frantziaren barnean egon balitz? Hizkuntzaz frantsesturik izan arren, Europako herrietarik musulmanena izanen zen Dunkerketik Tamanarsetarainoko Frantzia Handia.

Ez dezagun ahantz FNko kide andana batek naziek juduen kontra eginiko hilketa ukatzen edo banalizatzen duela, haien eraikitzaileen artean pro-naziak izan direla. Frankismoari buruz ez dakit zer duten benetan gogoan, baina sistema horren aldekoak izan direla ezin dezakegu uka.

1990. urtean Mandela «terrorista» kartzelatik atera eta boterean egon izana ez zuen FNko presidenteak batere onartu. FN aurrerapenzale ez dela frogatzen digute ekintza horiek guztiek.

FNko lehen militanteen artean kolonialismoaren aldekorik eta Aljeriaren «galtzeaz» damutzen zirenik asko bazeuden. Kopuru bera izan arren, bozketan igo denetik aldatzen ari da FNren jarrera. Jean Marie Le Pen bazterrean egonik, horren alabak alderdiaren taktika eta egin moldea eztitu duela badirudi, erretorikan aita gisa jarraikitzen badu ere. Baina alderdiaren buruan alaba eta alabatxoa izatea nepotismoaren usaia dakarrenik zalantzan nago.

Mundializazioa eta Europako Batasunaren teknokrazia dela eta, beste mota bateko militanteak eta bozeramaleak bildu ditu eskuin muturreko alderdiak; lehenago ezkerraldekoak ziren estatu bakoitzeko ekonomiaren zaintzearen aldekoak bereziki. Baina halako asmoak zaintzen dituzten alderdi asko badaudenez gero, FN ez da beharrezkoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.