Freud, bai ala ez

2012ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Bere heriotzatik 70 urte igaro diren arren, Sigmund Freud liskarbide da betiere. Psikoanalisiaren sortzaileakez du inor hotz uzten. Orain dela gutxi argia ikusi duen Michel Onfray idazle frantziarraren Idolo baten gainbehera liburu polemikoa eta David Cronenberg zuzendari kanadarraren Metodo arriskutsu bat film ederra dira horren froga.

M. Onfrayk psikoanalisiaren kontrako panfleto moduko bat idatzi du. Freud gezurtia, homofoboa, frakasatua eta faxista zela dio. Onfray sinplifikazioetan eta egiaztapen biribilegietan erortzen da: «Terapia freudiarra ez da teknika zientifikoa, prozedura magikoa baizik». Edota: «Eroi freudiarrak ez dio askapen sexualari laguntzen, konformismo burgesari baizik». Eta beste batean: «Oui,Freud avait un goût pour le fascisme», etab. Kritikak ia aho batez gaitzetsi du Onfrayren saiakera. Psikoanalisiaren hasiera ezagutzeko hobe dugu, hortaz, D. Cronenbergen filmea ikustera joatea.

Betidanik psikoanalisiaren kontra azaldu dira zenbait filosofo eta zientzialari(Wittgenstein, Husserl, Popper, Bunge, besteak beste). Sasi-zientziatzat jo izan dute. Baina azken urteotan burmuinari buruzko ikerketek gizakiaren kontzepzioa irauli dute. Aurkikuntza neurofisiologikoek Freuden lana egiaztatzen dute, itxura denez. Hizkuntzaren garrantzia, esate baterako. Neurozientziek psikoanalisiaren teoria frogatzen dutela dio G. Pommier psikoanalista frantziarrak.

Pentsamenduaren arloan ere iraultzak gertatzen dira. Marx, Nietzsche eta Freudek bere garaiko kultura irauli zuten. Freudek atsegin izango zuen horrelakoak entzutea. Iraultza filosofiko edo kulturaltzat ez ezik, iraultza zientifikotzat zeukan psikoanalisia. Kopernikoren nahiz Darwinen iraultza zientifikoen parean jarri zuenbere teoria. Iraultza psikoanalitikoak gure buruaren ohiko irudia aldatu zuen nolabait.

Freud medikua zen, errealitate enpirikoa zorrozki ikertzen aritu zen gizona (nahiz eta bere bizitza pribatuan konformista samarra izan). Laborategiko gizona zen, behaketa enpiriko zehatzen bidez, «zientzia» berri bat fundatu zuena, inkontzientearena. Neurologo eta psikologo gisa lurralde berriak esploratu zituen, «konkistatzaile» batek egin ohi duen moduan. Jakina, psikoanalisiak ere baditu bere ahulguneak.

Freud giza psikearen barrunbe ilunetan murgildu zen, inkontzientearen, sexualitatearen eta neurosiaren egia azalera ateratzeko. Han dute jatorria pertsonalitatearen gaixotasun eta nahasketa psikikoek (histeriak, neurosiak, etab.ek). Eriaren inkontzientea arakatu zuen, bere barne gatazkak argitzeko (ametsak interpretatuz, besteak beste). Bide berriak urratu zituen gure burua hobeto ezagutu eta hainbat loturatatik askatzeko.

Gure kontzientzia ez da izozmendi baten kanpoaldea besterik. Inkontzientearen putzu sakonean bildu eta metatzen dira ezaguera ahaztuak, bultzada ilunak, beldur eta desirak, amets hondarrak... Sarri askotan bultzada irrazionalek dute erabakitzen guk pentsatzen, amesten eta egiten duguna. Barne eragile horiek gure ekintzak bidera ditzakete oharkabean (Freud konturatu zen buru gaixotasun askoren balizko jatorria haurtzaroko konfliktoetan aurki zitekeela).

Freud dugu, Marx eta Nietzscherekin batera, «susmoaren» maisuetako bat. Arrazionalismo klasikoa susmopean jarri zuten hirurek. Marxek adierazi zuen gizartearen oinarri materialen emaitza dela gizakien ideologia; Darwinek frogatu zuen eboluzio biologiko luze baten ondorioa dela gizakia, eta Freudek erakutsi zuen pultsio inkontzienteen agerpen direla gizakien egintzak. Berak uste zuen psikoanalisiaren teoria —Kopernikorena eta Darwinenabezalaxe— irain larria dela «gizakiaren autoestimu inozoarentzat».

Giza portaeraren motibazio ezkutuak agerian utziz, lurralde zabal sakona ireki zion Freudek zientziari: inkontzientearen «kontinente iluna». Inkontzientearen eremu ezezaguna argitara ekarriz, are konplexuago bihurtu zuen gizakiaren irudia: arrazoiak ez ditu beti gure jokaera eta ekintzak gidatzen. Hau da, gizakia ez da XVIII. mendeko arrazionalistek irudikatu zuten bezain arrazionala. Gizakia, bere materialtasunean, grina eta desioa da.

Freud, halere, ilustratu bat zen joeraz eta heziketaz. Zientziaren alde zegoeneta erlijio «ilusioen» aurka. Arrazoi kritikoaren bidez, garaiko gizon-emakume eta gizarteetan nagusiziren joera irrazional eta patologikoak argitzea espero zuen. XVIII. mendeko Ilustrazioak desbiderapen hondagarriak izan ditu, etengabeko barne kritika zuzentzaileak eragin dituztenak. Freudena izan da horietako bat.

Freudek badu egiaren parte bat: hitzak sendatu egiten du. Habermasek xuxen azpimarratu du pazientearen ahozko komunikazioak duen berebiziko garrantzia terapia psikoanalitikoan: praktika terapeutikoak komunikazio distortsionatua desblokeatzera darama, eta emantzipazioari laguntzen dio. Komunikazio eta hizketa bidezko sendabidea da psikoanalisia. Analisia, funtsean, hitzezko jarduera da: hitza da bere tresna teraupeutiko bakarra. Inkontzientea «hizkuntza baten moduan egituratua dagoela» esango du J. Lacanek.

Freudek ez zuen inoiz ezkutatu bere ezkortasuna: instintuak beti itzultzen dira. Halere, ez zuen gutxietsi arrazoimenaren garrantzia. Ez gara abere hutsak, ezta instintuen esklaboak ere.Dena ez da biologia: kulturak gure pultsioak hezten ditu. Freud zaharrak zientzian eta etika arrazionalean aurkitu uste zuen askatasunerako bidea.

Freudek arrazoiaren alderdi ez-arrazionala nabarmendu bazuen ere, tinko eutsi zion ideal ilustratuari: «Gizakiak ez dezake ume izaten jarrai betikoz», adierazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.