Hizkuntza Demokrazia euskaldunontzat. Sinple eta argi. Ez gutxiago.
1. Herritar orok jakin behar du, ikasi, euskara.
Behingoz, euskal herritar orok onartu behar du, eta norberak barneratu, herri honetan denok dugula, gizalegez, euskara «jakiteko betebeharra eta erabiltzeko eskubidea». Eta legeak ere aitortu behar du hori. Gutxienez, iparraldean frantsesa, hegoaldean espainola, eskatzen diguten neurri berean.
Ze «hemen euskaraz ez dakienak ez digu uzten euskaraz egiten», ez bizitzen, berarekin.
Aldiz hemen, mundu osoko espainol/frantsesak bizi litezke erabateko askatasunean beren hizkuntzan. Legez behartu gaituztelako beren erdara ikasten, askotan euskara galtzen. Euskaldunontzako ez da demokrazia linguistikorik herritar guztiok euskaraz (ere) mintzatzen ikasi arte. Gero, askatasunean, erabili edo ez. Euskaldun sentitu, espainol, frantses edo japoniar. Eta borondate oneko lehen pauso ezinbesteko, euskaraz, gutxienez, ulertu behar digu. Inposaketa? Bai. Baina bi aldeen inposaketa, = demokrazia? Bakarrarena…, dictatorship?
2. Zerbitzu guztiak euskaraz (behintzat).
Euskal Herrian gizarte zerbitzu publiko zein pribatu guztiak eskaini behar zaizkigu euskaldunoi euskaraz, gutxienez, espainolez edo frantsesez eskaintzen zaizkigun neurri berean. Zaila, edo erraza. Bainabitartean ez da demokrazia linguistikorik euskaldunontzat. Noski, administrazioan. Eta egun, Euskal Herriko egungo administrazioek espres euskaraz (%99) espainolez erabiltzen da / frantsesez. Ez da neutroa. Hizkuntzok bultzatuz erabiltzen da euskaldunon kaltean. Eta publiko edo pribatu, espres hitza darabilten hedabideak Euskal Herrian? Prentsa, irrati, telebista, zinema, enpresen komunikazio zerbitzu…? Franco hil eta 36 urtera, iparralde «demokratikoan», non dago guztiak behartuko dituen legea/praktika euskara, frantsesaren / espainolaren neurrian erabiltzera, gutxienez? Non da demokrazia euskaldunontzako?
3. Diskriminazio positiboa euskaldunontzako, bertako hiztunontzako.
Demokrazia linguistikoak gutxieneko eskatzen du pareko trataera ematea euskarari eta espainolari (frantsesari). Baina eskatzen du ere ordaina, azken lau-bost mendeetan, eta hegoaldean oso bereziki Francoren diktadurapean, Espainia-Frantziako estatuek euskaldunon aurka ezarritako politika glotozida aktiboak, hizkuntz ordezkatze etengabeak, oraindik desagerrarazi ez bagaituzte ere, euskara eta euskaldunon erabateko minorizazioa eta auto-estimu galera eragin dutenak.
Lege onean, estatuok, eta Euskal Herri bertako botereek, askoz indar gehiagoz abiatu beharko lukete, demokratikoki, bertako hizkuntza gutxitu eta euskaldun minorizatuon aldeko diskriminazio politika positibo aktiboa, erabat zabaldu/inposatua den estatu-hizkuntzaren gainetik, gure hizkuntzaren normalizazioa eta gure auto-estimua berreskuratu arte. Estatu-haizeak ordea ez dabiltza bide horretan. Ezta bertako botereek ere, nahiz EAEn aldekoago izan. Hori ordea ez da demokrazia euskaldunontzako.
4. Euskaldun bihotzekoak.
Hegoaldean, EAEn ere, belaunaldi berrietan eginiko ahaleginek ez dute oraindik fruitu betea eman. Emango dute. Oraintxe ordea, Hegoaldean, belaun heldua da inoiz izan dugun gizaldirik erdaldunduena. Frankismokoa. Espainiako etorkinena. Ezin belaunaldi berriek eredu onik jaso hauetatik. Gazteon erakusle, inoiz baino beharrezkoago dugu betiko euskaldun bihotzekoen eredua:
1. Euskaraz, euskaraz dakien guztiari. Orain artean besterik erabili badugu ere. Solaskideak espainol-frantsesez segituko badigu ere. Euskañolik gabe (esaldi bat euskaraz, 5, eta grazia, espainolez).
2. Euskaraz, euskaraz ulertzen duen guztiari (biztanleen erdia). Nahiz solaskideek erdaraz segitu, euskaraz ezinda. Hau berria da. Baina ikasi behar dugu elkarrizketa asimetrikoak eramaten. Ez da hobe biok erdaraz aritzea. Etorriko da bestea pixkanaka.
3. Euskaraz, hemen bizituta, gizalegez eta bizikidetzaren alde, euskaraz, gutxienez, jada ulertu behar ligukeen guztiarekin. Hau gogorra izan liteke. Baina konflikto linguistikoa azalera ekarri behar dugu egunero. Ez zaigu komeni ezkutatzen jarraitzea. Ez da belaunaldi berrien eredu ona. Kalean zeinahirekin. Zer esanik ez, gure zergetatik bizi bada, edo teorian, gure zerbitzuan (funtzionario, saltzaile, mediku, udaltzain, guardia zibil…). Hemen euskararik batere ulertu gabe bizi direnek aurrez aurre sentitu behar dute behingoz konflikto linguistikoa. Ez gara gehiago gure hitzen itzultzaile izango. Zerbait galdu behar dute euskara gabe.
4. Espainola-frantsesa badira euskaldunon lehiakide, «gure etsaiaren etsaia izango da gure lagun». Mundua ingelesez lotzen da. Bihurtu dezagun ingelesa gure bigarren hizkuntz. Munduarekin joango gara. Euskara gordeko dugu lehen hizkuntza. Espainola-frantsesa ere bai, baina bide batez, 3. mailako «etsai» bihurtuko dugu gure gaurko etsai nagusia. Ez da apusturik alferrena. Bestela, gu bihurtuko gara espainolaren / frantsesaren azken gordeleku munduan. Libra gaitzatela jainkoek!
Euskaldunon programa: Demokrazia linguistikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu