Etiker

Europan demokrazia arriskuan? Noren ardura da?

Patxi Meabe, Pako Etxebeste, Arturo Garcia eta Joxemari Muñoa
2024ko abenduaren 14a
05:00
Entzun

Demokrazia orotan, funtsezko papera jokatzen dute komunikabide sozialek. Hedabide independenterik gabe, errealitatearekin bat datorren informazio fidagarririk gabe, demokraziak ezin dezake iraun.

Bestalde, politikariek eta, batez ere, alderdi politikoek beharrezkoak dituzte hedabideak herritarrekin komunikatzeko. Aspaldi amaitu ziren beren mezuak helarazteko plaza edo pilotalekuetan jende andanak biltzen zituzten mitinen garaiak. Gaur ezinbestekoa da arduradun politikoek komunikabideetan presentzia izatea.

Horrela ulertzen da komunikabide sozial guztiek erakundeen aldetik jasotzen duten sostengu ekonomikoa. Diru-laguntza horiek, ordea, haien finantza-premien zati bat baino ez dute estaltzen, eta hala, hedabideak, publikoak barne, publizitatearen —eta, beraz, enpresa-munduaren— mende daude.

Komunikabide sozial ororen lehen betebeharra, baldin eta laguntza publikoren bat jasotzen badu, errealitatearen berri inpartzialtasunez ematea izan behar luke. Teorian, komunikabide guztiek errealitate berari buruzko informazioa ematen dute, baina, aldi berean, nork bere ideologiaren araberako azterketa propioa eransten dio albisteari. Hala ere irakurleak, entzuleak edo ikus-entzuleak informazio-oinarri seguru eta fidagarriak izan behar lituzke, bere ideia propioa egiteko aukera izan dezan, hedabideen iritzia ezagutu aurretik.

Ederki dakigu, ordea, gehienetan ez dela hori gertatzen. Aldiz, hedabide bakoitzak bere komenentzietara egokitzen den kontakizuna aurkeztu ohi du. Ez dute, agian, gezurrik edo faltsukeria nabarmenik esango, baina erdizkako egia bat gezur handi bat izan daiteke. Gertaera bera aurkezteko erabiltzen den iragazkiak errealitatea erabat desitxura dezake. Informazioak, isiluneak eta abar hedabide bakoitzaren argitalpen-ildoen arabera aukeratzen dira, arau deontologikoak ez dituztela errespetatzen jakinaren gainean egonda ere.

Izan ere, komunikabideak beren ugazaben mendeko dira, eta azken horiek baldintza gogorrak ezartzen dizkiete: haien ideologia aldeztea eta, horrez gain, balantze ekonomiko positiboa lortzea, ahalik eta etekin handienekin. Kasu askotan, gainera, kazetariek beren ibilbide profesionalaren mesedetan bilatzen duten protagonismoa gehitu behar zaio esandakoari.

Horren ondorioz, hedabide bakoitzak kolore ideologiko markatua izanik ere, errealitate gogorrari egin behar izaten dio aurre, bizirik iraungo badute, eta horrek gutxieneko entzule kopuru bat —egunetik egunera handiagoa— lortzea esan nahi du, finantzatzaileen eskakizunak bete ahal izateko. Badakite informazio serioa eta sakona emateak ez diela ahalbidetzen behar adinako entzuleria izatea. Bezeroen, ikus-entzuleen edo irakurleen gustuko gaiak eskaini beharrean sentitzen dira. Horregatik, gutxi edo gehiago bultzatzen diren mota guztietako pasadizoak, liskarrak, probokazioak edo irainak jasotzen dituzte, horrela entzuleria zabalagoa ziurtatuko dutelakoan.

Bilatzen dena ez da informatuko duen edo jendearen prestakuntza osatuko duen artikulu edo emanaldi bat, baizik eta jostarazten edo irribarrea eragiten duen zerbait, edo kasuan kasuko irakurle edo ikus-entzuleen ustezko aurkari politikoa barregarri utziko duena.

Askotan, komunikabide sozialak, nahiz eta gai politiko serioak eta konprometituak jorratzen saiatu, ikuskizun bihurtzen dira beren borondatez, eta, eginbide horretan, politikariak prest egoten dira protagonista izateko. AEBetako hauteskunde-kanpainak utzi dizkigu zenbait adibide aipatutako horren inguruan. Hauteskunde-mitin batean dantzan agertzen zaigun adineko hautagai bat, bere programa politikoaren berri ematen ari ote zaigu? Zergatik errepikatzen dizkigute telebista-kateek irudi horiek behin eta berriro? Pantomima hori ote da, izatez, hautesleei gehien interesatzen zaiena? Zoritxarrez, komunikabide sozialak gutxitan arduratzen dira hauteskunde-programez. Aldiz, egiten dituzten galderak hautagaia kinka larrian jartzen saiatzen dira, probokazioa bultzatzen, morboa duten gai anekdotikoak azpimarratzen... Ez dute bilatu ohi hautagaiek, hautatuak gertatzen badira, herritarrei seriotasunez eta sakontasunez azaltzea zer egingo duten. 

Legebiltzarretako osoko bilkurak ere ez dira oso eredugarriak izaten. Badirudi politikariak erantzun sendo eta ikusgarrien bila saiatzen direla, ikus-entzuleengan ahalik eta inpaktu handiena lortzearren, eta erakusten zaiguna, askotan, hemizikloetako irainak eta liskarrak errepikatzera mugatzen da, bide batez, herrialdeko politikaren irudi tristea zabalduz. Hori guztia errealitatearen parte dela onartuta ere, ez al da hedabideen erantzukizuna politikari balioa ematea, herritarren hezkuntzan eta prestakuntzan laguntzeko? Baina gutxitan gertatzen da hori. Halakoxea da errealitate tristea.

Duela mende erdi inguru, egundoko ekarpena egin zuten komunikabide sozialek diktaduratik demokraziara igaro ahal izateko, lehentasuna eman baitzioten gizartearen Ondasun Erkideari. Gaur egun, ordea, demokraziak une zail eta larriak bizi ditu Europako herrialde askotan. Orain ere, hedabideek zeregin garrantzitsua bete behar lukete demokrazia indartzeko bidean. Betebehar politiko eta deontologikoa da, lehentasunezkoa, beste edozein enpresak bezala izan ditzaketen zailtasun ekonomikoak gorabehera.

Zeregin horretan, berebiziko garrantzia dugu herritarrok. Guztiok saiatu behar genuke komunikabideen bilakaera hori eskatzen eta laguntzen, parte hartuz eta modu aktiboan erantzunez. Baina hori al da, egiaz, herritarrok nahi duguna?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.