ETArik gabeko frankismoa

2012ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Euskal gizartea —nahiko berandu bada ere—, dagoena ikusiz eta datorrena sumatuz, egoerarenlarritasunez jabetzen hasia da, baina ez bere osotasunean. Beharbada horregatik, egoera bitxia ari da sortzen. Eztabaida politikoak jendartean alor guztiak bustitzen dituen bitartean, botere gurutzatuaren amarauna eraikitzen ari dira, eta lanabes egokiekin aurre egin nahi zaionerako berandu, beranduegi izan daiteke. Eta, nire ustez, hori da larriena.

Egungo ultraliberalismoaz, Francoren oinordeko basatiaz ari naiz. Sistema hau aspaldidanik ongi barneratutako erregimen politikoa baita askorentzat. Eta, honi itxurazko txukunketak egin nahi bazaizkio ere, nabaria da bere izaera diktatoriala.

Edozein tirania instituzional baino fin eta eragingarriagoa azaltzen da, ez baitu estatu kolperik ez gerra zibilik behar inposatzeko. Aitzitik, normaltasun demokratikoaren itxura baketsupean jartzen dute indarrean, eta demokrazia urruntzen doan neurrian, indartzen dira muturreko frankistak. Hau da borroka armatua amaitzeagatik ETAri ematen ari zaion erantzuna. Horrela, aspaldian «satorren pare» bizi direnentzat, etxera itzultzeko daudenentzat, uste baino etorkizun ilunagoa. Beraz, bakea, elkarbizitza, demokrazia nolakoak dira? Non daude?

Ni bezala, urte mordo batezfraide artean ikasten ibilitako lagun zahar bat, atxilotu eta torturatu ondoren, espetxera eraman zuten, «bietan jarrai» agerian zeramaten gerrikoak salmentan eskaintzeagatik, Donostiako Aste Nagusian. Afizioz pilotaria zen, eta bestela, udaletxeko enplegatua. Urte pare bat espetxe barruan pasa ondoren, libre utzi zuten, baina bere lana galdu egin zuen.

Urte gorriak hurrengoak; etxean egoten zen, eta bazuen nahiko lan, lanik izateko. Jakina, «markatuta» zegoen, espetxean egon izanaren mesedeak. Betiere susmagarria zen. «Auskalo zergatik bota zuten lanetik». Eta haren lagunak beldur ziren laguntzeko. Denbora honetan egiazko miseria pasa zuen. Beti beldurrez; poliziak sarri egiten zion «bisita».

Urteak pasa eta ez nuen lagunaren berririk. Kuadrillako lagun baten elizkizunak tarte, ikusi nuen. Esan zidanez, berriro ere udaletxeko enplegatua zen, bere bizitza egiten zuen, eta golfean jokatzen zuen, baina pilotan ez. Zioenez, orain ez zituen gustuko garai bateko bazterrak.

Bere bizitza gogorra kontatu zidan. Nola hasi zen han-hemenka gauzatxoak egiten. Nola diru pixka bat irabazten, autoak aparkalekura eramaten, baita enkargu txikiak eginez ere enplegatuei, bere lehenagoko lankideei, eta nola azkenean berriro lehengo lantokian —udaletxean— hartu zuten, adiskideoi eskerrak.

Ez zioten egin egiteko zeukan epaiketa, eta pozik zegoen. Berriz herritar «normal» bat zen, ez markatua, ez susmagarria, eta bizi egin nahi zuen. Bizi. Espetxea eta urte beltz haiek ahaztu.

Nire adiskidea sekula ez da heroi bat izan, baina gorriak eta beltzak pasa ditu, eta orain bizi egin nahi du.

Hau ez da heroi baten historia, etsi egin duen baten historia da. Bere beldurrarekin xantaia egin zioten batena.

Estatuaren guztiahalmenak, beldurrak, miseriak, bakardadeak. Lan pixka bat erregutzen leihatilaz leihatila eskale ibili beharrak. Apaldu, hautsi eta barrutik hustu egin zuten gizonaren historia.

Idealik gabe, adiskide gabe, «normaltasun» anonimoaren espazio txiki batean errefuxiatu behar izan zuen gizonaren historia. Horrela bizitzea oso gogorra da.

Ni ez naiz adiskidea epaitzeko gai. Nire ondoan, abertzale eta sozialista izana, bere aita —nirea bezala— Francoren aurka erresistentziatik preso eta espetxeratu izana. Nire adiskidea ez da «txaketeroa», ez jauna. Kemenez eta ideiaz beteta ezagutu nuen. Benetan sinesten zuen askatasunean.

Irribarre triste batekin kontatzen zidan, agian ulermenpixka bat erregutuz, bere miseria. Ezer barkatu gabe kontatu zidan noraino makurtu eta apaldu den. Egin behar izan duen guztia, «berriro» gizon bat izateko.

Denbora pasa da eta diktadura batzuk demokraziaren antzeko zerbait bihurtzen dira, nahiz orain lehengo egoerara itzuli nahian urratsak egiten ari. Jende asko eta asko, aldaketa bakoitzaren ondoren, saguak bezala ateratzen dira zulo guztietatik. Lehen Francisco zena orain Patxi deritza. Eta, nola ez, PSOE abertzalez lepo dago, baina hori bai, abertzale espainolez lepo.

Herriaren alde daramagun borroka luzeak gogortu, zaildu egin du euskal gizartea, baina ez bere osotasunean. Horregatik —baita nire lagunak ere—, ilusioz beterik eta sakrifizioz kargaturik ibili ondoren hainbat urte, etsi eta jota daude. Oso nekatuta, abailduta….

Nire lagunak aski ongi daki, torturak ez direla bukatu, zapalkuntzak gero eta zorrotzagoak direla. Francorik gabeko frankismo latzena inposatuz, demokrazia formal bat besterik ez zena M.Rajoy eta PPko bere gobernukideek, hainjarrera basatiarekin, hura ere itotzen ari dira.

Gizarte sozial berri baten beharra dagoela, jakin bai, badaki, baina bizi egin nahi du. Eta bere garaian borrokatzen zuen Estatuaren barruan, «ustezko» bake berriaren epelean, bere bizitza egiten du, isil-isilik.

Goizero bere enplegatu lanetara joaten da; hiritar bat da, ez markatua, ez susmagarria; ez da bizi dardaraz.

Tarteka etortzen zait burura eta irudikatzen dut udal aurretik pasatzen bere «bake pertsonala» egin nahi zuena. Torturatzaileen Estatuarekin kontziliatzeko arima saldu zuena.

Hau da, gaur egun ere, euskaldun abertzaleei«eskaintzen» diguten etorkizun demokratikoa?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.