Espainiako hauteskundeetan parte ez hartzeko arrazoiak

2019ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Ez naiz espainola, alemana ere ez naizen bezala, edo senegaldarra. Eta euskalduna izanik Alemanian edo Senegalen bozkatzea ez dagokidala ulertzen dudan bezala, logika horrek berak narama Espainiako hauteskundeak ere aintzat hartu behar ez ditudala ondorioztatzera. Bai, badakit, azken estatu horrek konbokatu egiten nau bere bozka horietara. Baina horrek ez du hasierako nire premisa hori indargabetzen, printzipio horren funtsezkotasuna areagotzeko arrazoiak eskaini baizik. Izan ere, Espainiako boz horietan parte hartu ahal izatea zapalkuntza baten seinale da, bortxaz eta nire borondatearen kontra pairatu behar dudan naziotasun faltsu baten inposaketaren ondorio. Abstentzioa eta boikota, okupazioaren aurrean herri menderatuoi berez ateratzen zaigun erresistentzia keinu natural eta eraginkorra da. Nire kasuan bederen, ez dut nire borondatez inon eta inoiz espainol gisa agertu nahi.

Euskaldunon arazoa, bi estatu okupatzaile eta estatu okupatu baten arteko nazioarteko gatazka da, eta hori da nire jokabidearen bitartez munduari erakutsi nahi diodana. Espainiak deitu bozetan parte hartuko banu, bi estatu menderatzaile horietako bat ariko nintzateke estatu propiotzat hartzen, eta agerikoa den inkoherentziaz gainera, Nabarrako euskal estatu okupatuaren existentzia ukatzea ere suposatuko luke bozkaren keinu ustez inozenteak.Ni ez naiz estatu propiorik gabeko nazio bateko kidea, estatu okupatu batekoa baizik. Eta horrela agertu nahi dut munduan. Euskaldunon estatalitea ukatu gabe, eta menderatzaileendako nire aitortzarik gabe.

Euskaldunok ez dugu demokraziarik. Inperialista den erregimenaren agintepean bizi garelako, eta hori, definizioz, bateraezina delako demokraziaren oinarrizko ezaugarriekin. Demokraziak beti du autodeterminazio eskubidea oinarrian, herriaren botere gisa ere izendatzen denez, bere lurraldean libre den herri zehatz baten premisa galdegiten duelako, funtsezko eskubide ororen baldintza den autodeterminazioaren urraketarik gabe. Euskal Herrira, independentziak ekarriko du benetako demokraziaren aukera, eta hori iritsi bitartean, demokrazia espainolaren fartsa da demokraziaren festa delakoan bozketan ospatu daitekeen bakarra. Nik ez dut zirku horren parte sentitu nahi.

Baina, noski, inperialistak diren erregimen horiek ere nahi izaten dute demokratiko gisa agertu. Badakitelako itxura presentableagoa erakusten dutela nazioartean beren benetako izaera demokraziaren mozorropean ezkutatuta; eta itxura irensgarriagoa dela herri menderatuetako biztanleen aurrean eman dezaketena. Demokrazia-labela eskuratzeko aukera ikusten duelako konbokatzen gaitu Espainiak espainolentzat baino behar ez luketen hauteskunde general horietara. Gure parte hartzeak mendeko herri okupatuaren zilegitasuna dakarkielako. Eta goitik behera iraultzen duelako gure harremanari buruz ematen den irudi publikoaren nolakotasuna: menderatzaile-menderatu izatetik, herkide izatera igarotzen gara. Nik ez diet horrelako oparirik eman nahi.

Espainolek horretan izan dezaketen interesa oso zentzuzkoa eta ulergarria da. Borobila delako pentsatua duten jokaldia: beren nagusitasuna arriskuan jarri gabe —ongi dakite politikan ez dela boterearen lehia hautestontzien jokalekuan libratzen— beren izaera kasik erabat zuritu ahal izatea horrela. Baina, norbaitek ikusten al du hor euskaldunondako interesik? Hurrengo urteetan gure gaineko menderakuntza kudeatuko duen inperialistaren izena eta kolorea zein izango den erabakitzea, ala? Trufa da? Nik ez dut gure zapalkuntzaren kolaboratzaile bilakatu nahi.

Harrigarriki baina, ez dira jadanik politikari espainolak beren bozetan parte hartzeko deia luzatzen diguten bakarrak. Euskal Herriaren interesak defendatzera Madrilera joan beharra dagoelakoan, euskal ordezkariek hartu dute Espainiari zerbitzu hori egitearen lana, politika espainolaren euskal ordezkari zuzenean bilakatzen direla naturaltasun osoz onartuz, zertarako eta herri honen askatasunean eta autodeterminazioan laguntzeko, gainera. Espainiako instituzioetan integratzea, erregimena ahultzeko eta beregandik askatzeko euskaldunok egin dezakegun onenaren gisan saltzen digute, baina honezkero gauza jakina eta frogatua behar luke erregimena indartu baino ez duela gure parte hartzeak ekartzen. Nazioartearen begietara demokratikoaren zigiluarekin agertu ahal delako, gozo-gozo, harro- harro.

Espainiar erregimen inperialistaren bihotzean ez dago Euskal Herriarendako tokirik. Espainiako konstituzioak argi esaten du Espainiako herria eta nazioa direla existitzen diren bakarrak, eta espainiar herriarena baino ez dela hor defendatuko den subirautza. Instituzio horietan parte hartzeko baldintza baldin bada Euskal Herriaren eta bere estatuaren inexistentziaren onarpena egitea, nork sinesten al du oraindik hor egotea dela gure herriaren biziraupenaren alde egiteko dagoen modurik onena? Norbaitek sinesten al du benetan hor topatuko ditugula politika demokratiko bat garatzeko aukera eta askapen estrategia bat abiarazteko moduko aliatu demokratak? Maila horretaraino gaude asimilatuta?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.