Epaiketa heldu bitartean aske geratu ziren biak. Aske edo erdi aske, denbora tarte horretan edonoren bizitza eta gogoa baldintzatuko lukeen fiskalaren zigor eskaera ezagututa izan baikenituen gure artean. Estatuak kristal bat apurtzeak hamalau urteko kartzela zigorra eta bost urtean Gasteizen bizitzeko debekua merezi zuela erabaki zuen.
Zama astun hori gainean urte eta erdi eman zuten. Epaiketa 2011ko urtarrilean ospatu zen. Lotsagarria, justizia ikuspegitik baloratuz gero: Zorionekoak Txiki eta Ekaitz, Auzitegi Nazionalean ohikoa dena ezaguturik.
Epaiketa, bermerik gabea. Ez gara horretan luzatuko, baina, adibide bat jartzearren: nola senti daiteke epaitua, norbere bizitzaren gainean erabaki behar duen epailearen erdi lokartu erdi aspertu jarrera ikusirik? Nola haren hurbileko senide eta lagunak? Eta epaia heldu zen. Txiki, komunikabideetan eta poliziaren ahotan entzundakoak entzun eta gero, torturatua izan eta gero, libre inongo kargurik gabe. Ekaitzi, zazpi urte eta erdiko kartzela zigorra. Sei, Segiko kidea izatea egotzita; urte eta erdi, kristala apurtzeagatik. Berriki jakin dugu Epaitegi Gorenak Ekaitzek jarritako errekurtsoa ebatzi duela, injustiziari mugak jarri ordez injustizian sakonduz egin ere. Kristala apurtzeagatik urte erdi luzatu dio zigorra; orotara, zortzi urte, beraz.
Hausnarketa baten beharra dugu hemen. Ekaitz kartzelara eramango duena ez da kristal bat apurtu izana edo ez, Segiko kidea izatea leporatu izana baizik. Segiko kide; beraz, ETAkoa. Eta nola frogatu da hori epaiketan? Batetik, epaituaren ETArekiko afinitatea zalantzarako tarterik gabe frogatuz. Esaterako, presoen dispertsioarekin amaitzea eskatzen duten mobilizazio legal eta publikoetara agertu izana leporatuta. Bigarrenik, Segiko kide dela ziurtatzen omen duten frogak mahai gainean jarrita: miaketan molotov koktelak aurkitu zituzten akaso? Atentatu baterako planoak, bestela? Ez. Ertzain baten deklarazioak dira froga, 2008-2009ko bitartean Ekaitz hiruzpalau aldiz kartelak jartzen ikusi zuela ziurtatzen dutenak.
Hau da: Ekaitz mozkorraldi txar baten ondorioz kristalak apurtzen aritu izan balitz, edo, frustrazioak baretzeko, kontenedoreak erretzen dituen Albaceteko semea balitz, hango epaitegi batek epaituko luke eta ez legoke kartzelan amaitzeko aukerarik. Aldiz, euskaldun sentitu eta euskaldun bizi nahi izateak, gizartean dauden arazoekiko kezka agertzeak eta politikoki aktiboa izateak, isun ekonomiko arina litzatekeena zortzi urteko kartzela zigorra bihurtzen du.
Baina, hori ez da Ekaitzen arazoa bakarrik. Atxiloketa, inkomunikazioa, tortura, edo bermerik gabeko epaiketak gazte independentista askoren bizipenak dira. Euskal Herrian eta Gasteizen, hamarnaka dira Segiren pegatinak izateagatik, bilerak egiteagatik edo legeztatutako mobilizazioetara deitzeagatik errepresaliatutako gazteak. Batzuek urteak egin dituzte kartzelan, beste batzuk egun daude Estatuko ziegetan, asko kalean dira oraindik epaiketaren zain. Baina, hori ez da euskal gazteria independentistaren arazoa soilik. Dena da ETA teoriapean, hamaika dira azken hamarkadan legez kanpo utzitako antolakunde sozial eta politikoak. Ehunka, antolakunde horietan egindako lan sozial eta politiko hutsak kartzelara eraman dituen pertsonak. Prentsaurrekoak emateagatik, eztabaidarako dokumentuak idazteagatik, herri mobilizazioetan parte hartzeagatik... Euskal Herri burujabe bat lortzeko lanean murgiltzeagatik finean. Bestelako moduekin, bestelako etorkizun berriak eraikitzeko aukera zabaldu zaigu Euskal Herrian. Etorkizun hori behingoz gauzatu dadin, noiz bilakatuko da Estatuaren jardun errepresiboa iraganeko kontua? Baina, oinarrizko askatasunak urratzea ez da soilik ezker abertzalearen arazoa edo euskal herri autodeterminatu bat nahi dutenena. Nagusi den gizarte eredu hau eraldatu nahi dugun guztiona da, izan antikapitalistak, feministak, aurrekontu sozial eta parte hartzaileen aldekoak, deshazkundearen defendatzaileak, okupak edo dena delakoa. Guztioi ari zaizkigu gure nahi eta ikuspuntuak gizarteratzeko herri mugimenduarenak diren tresnak lapurtzen edo murrizten: kalearen erabilera, mobilizazioa, antolakuntza, elkartasuna eta abar. Kriminalizatzearen kriminalizatzeaz eta lege-kolpeka, adierazpen kritiko oro mututu nahi dute.
Eta, horren aurrean zer? Gure eskubideak praktikatzen jarraitu, eta horiek praktikatzeagatik errepresioa jasaten dutenen inguruan salaketa eta elkartasuna antolatu. Gure eskubide zibil eta politikoak bermatuta nahi ditugulako. Alde Zaharra, Gasteiz eta Euskal Herria eraldatzeko lanean jarraituko dugulako. Ez dugulako ametitu nahi Ekaitzek edozein unetan atxilotua eta kartzelaratua izateko duen arriskua.
Polizia, epaile eta murruen gainetik, bide hau Ekaitzekin batera egingo dugu. Bertsoak kantatuz, herri ekimenetan parte hartuz zein antolatuz, Alde Zaharretik boterea zirikatu nahi dugu. Ekaitz gure artean nahi dugu.
Ekaitz etxean nahi dugu! Epaiketa politiko gehiagorik ez! Gora euskal gazteria!
Errezeta zaharrak garai berrietarako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu