Erreformen aurrean, hezkuntza sistema propioa

Aitziber Perez Ane Landeta Jon Urrusolo
2012ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Espainiako Estatuan abian da beste hezkuntza erreforma bat. Beste bat diogu 1970etik hamabi lege organiko onartu dituztelako eta, 2006tik hona, Derrigorrezko Hezkuntzak lau erreforma izan dituelako. Oraingo erreforma berri hau PPren eskutik datorkigu, eta, oraingoz, bi dira beste neurrien gainetik gailentzen direnak:

Derrigorrezko Bigarren Irakaskuntza 3 urtetara mugatzea eta, ondorioz, Batxilergoa (eta lanbide heziketa) 3 urtetara luzatzea (Frantziako Estatuan bezala).

Herritartasunerako Hezkuntza irakasgaia kentzea, eta horren ordez konstituzioa eta beroren balioak landuko dituen irakasgaia ezartzea.

Bi aldaketa horiekin PPk eskola porrotari eta eskola uzte goiztiarrari aurre egin eta emaitza akademikoak hobetu nahi ditu, eta, aldi berean, Herritartasunerako Hezkuntzak ikasleengan eragiten duen doktrinamendua galarazi nahi omen du.

Lehenik, salatu behar dugu Madrilen ezarriko dituzten aldaketa horiek Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak hitzez hitz aplikatu beharko dituztela, ustez hezkuntzaren esparruan «ahalmen guztiak» dituzten arren. Berriro ere, Madrildik hezkuntza esparruan zer egin behar dugun agintzen digute, orain ere begi bistan jarriz hezkuntzan ahalmen guztiak izatea, marko politiko honetan, ipuin bat besterik ez dela.

Neurriei dagokienez, helburua bada emaitzak hobetzea eta eskola porrota eta eskola uzte goiztiarra gutxitzea, ez dugu uste DBHri urte bat kenduz eta batxilergoari emanez helburu horiek lortuko direnik. Helburu hori lortzeko neurriak hartzekotan, esku hartzeak aurreko hezkuntza etapetan egin beharko lirateke, eskola porrot gehiena lehenengo urteetan atzeman baitaiteke, eta, beraz, lehen hezkuntzako urte horietan aldaketa metodologikoak, talde txikiagoak, arreta pertsonalizatuagoa eta beste behar dira, eta, noski, horretarako aurrekontu handiagoa behar da.

PISAko emaitzetan (irakurmena, matematika eta zientziak neurtzen dituen ebaluazioa) Espainiako datuak ELGAko herrialdeetakoak baino baxuagoak dira (Nafarroakoak gainetik dira, eta EAEkoak baxuagoak zientzietan). Eta eskola uzte goiztiarrari dagokionez, Espainiako Estatuan 2010ean %28,4koa izan zen (EAEn, %12,6koa, eta, Nafarroan, %16,8koa). Esan bezala, ez dugu uste planteatutako neurriekin egoera honi aurre egingo diotenik. Aitzitik, neurri horien atzean PPk klase ikuspegiari begirako apustua egiten duela iruditzen zaigu, eta helburu dutela ikasleak banatu edota zatikatzea urtebete lehenago eta estatuan batxilergoko lehenengo ikasturtea doan jartzea (derrigorrezko eskolaldia 16 urtera arte mantentzen da), gerora batxilergo osoa doan izateko, baita eskola elitista, pribatu eta erlijiosoetan, horrela, Rouco Varela eta eskuina pozik izateko. Gainera, ezin dugu ahaztu hezkuntza aldaketa horiek euren «Espania osoan» ezarri nahi duten uniformaziorako urratsak direla.

Eta Espainiar konstituzioaren irakaskuntzaz zer esan? Iribas eta Zelaaren doktrinamenduarekin batera, orain Wert jaunak sustatukoa etorriko zaigu. Neurri horien gainean egin beharreko irakurketa eginda, pentsatzen dugu horrelako lege eta erreformen aurrean jokatzeko bi modu daudela: lehena, lege eta erreformen irakurketak eta salaketak egitea, agian irakurketa berdintsua egiten duten eragileekin testu komuna idatziz, prentsaurrekoak emanez... Eta bigarrena, aurrekoa eginda, herri moduan pentsatzen eta urratsak egiten hastea.

Lehenaz gain, bigarrenari eman behar zaio lehentasuna eta indarra, eta norabide horretan inbertitu behar da. Bestela, estatuek beti entretenituak edukiko gaituzte ezarriko dizkiguten erreformen jira-bueltetan. Eta, norabide horretan, gure hezkuntza sistema propioa herri moduan antolatzeko bidean, hainbat etxeko lan eta proiektu ditugu hasi eta amaitu gabeak. Hor ditugu, besteak beste, Euskal Herri osorako proposamen pedagogikoa izan nahi zuen euskal curriculuma, Euskal Herri osorako Euskal Unibertsitatea eta ikasle euskaldun eleaniztunak izateko proposamena.

Egitasmo horiek aurrera ateratzeko eta herri honek hezkuntzaren arloan dituen erronkei ere aurre egiteko, ezinbestekoa da Euskal Herri osoko hezkuntza eragileok eta norbanakook elkarlanean aritzea. Hasi gure herriak behar duen hezkuntza egituraz, gure herriak behar duen eskolaz eztabaidatzen, eta jarraipena eman eraginkorra izango den elkarlanarekin.

Erreformen irakurketak egin eta salatu bai, baina, aldi berean, gure hezkuntza sistemarantz aurrerapausoak emateko elkarlana ezinbestekoa ikusten dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.