Erabateko inpunitatea

Xabier Makazaga.
2011ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Donostiako Auzitegiak lau guardia zibili kartzela zigorra ezarri zienean Portu eta Sarasola torturatzeagatik, argi eta garbi iragarri nuen: haietako inor ez da joango inoiz horregatik kartzelara. Aztia izan beharrik ez zegoen horretarako. Izan ere, ene zalantza bakarra zen nola moldatuko ziren horretarako: Gobernuak indultatuko ote zituen, hamaika aldiz gertatu bezala, edo Auzitegi Gorena izango zen erabateko absoluzioa emango ziena?

Halako kasu bat gertatu zen azken aldian —Kepa Urrarena, 1992an—, Bizkaiko Auzitegiak lau urteko kartzela zigorra ezarri zien hiru guardia zibili, Gorenak urte bakarrera laburtu zuen kondena, eta hori hain txikia izanik inolaz ere kartzelatuko ez bazituzten ere, Gobernuak berehala indultatu zituen hiru torturatzaileak.

Oraingo honetan, Gobernuak eta Auzitegi Gorenak ez dute beren lana partekatu torturatzaileei erabateko inpunitatea emateko. Nonbait pentsatu dute gaur egun halako indultuak ematea oso gaizki ikusia dagoela, bereziki nazioartean, eta nahiago izan dute Gorena arduratzea lan zikin guztiaz.

Eta baita arduratu ere, horretarako zernahi bitartekoz baliatuz. Baita gezur nabarmenaz ere. Izan ere, Auzitegi Goreneko epaileek baitiote ETAren Atxiloketari aurre eginez izeneko eskuliburuan hainbat esaldi daudela eta horiek hartzen dituzte oinarritzat beren absoluzio-sententzia argudiatzeko. Hori gezur galanta da, ordea.

Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT) gezur berbera erabili zuen 2008ko ekainean. Orduko komunikatu batean, Gorenak aipatzen dituen zati berberak aipatu zituen eskuliburu horretakoak izango balira bezala. Adibidez: «Atxiloketa kalean gertatzen bada eta normala bada, utzi kolpeak komisariara sartze unerako edo polizien ibilgailu barruan zaudetenerako. Baina kasu horretan oihu egin hiltzear izango bazinate bezala, zuen izena oihukatu, eta ahalik gehien borrokatu. Gero aterako ditugu lekukoak, eta, gainera, sinesgarriago egingo du kontatuko duzuen guztia». Eta horren antzeko beste zenbait esaldi zeinak ez diren inoiz izan eskuliburu horretan.

Bada, Auzitegi Gorenaren sententzia sinesgaitz horrek gezur berberari heltzen dio eta esaldi berberak egozten dizkio Atxiloketari aurre eginez eskuliburuari, esanez Portu eta Sarasolak onartu zutela eskuliburu hori ezagutzen zutela. Eta bai, hala onartu zuten, baina eskuliburu horretan ez dator AVTk eta Gorenak diotenaren ezertxo ere.

Eskuliburu hori Donostiako epaiketaren sumarioan zegoen, baita Portu eta Sarasolaren kontra Auzitegi Nazionalean izandako beste hainbat epaiketatako sumarioetan ere. Tartean, T4ko atentatuarena, zeinean mila urtetik gorako kartzela zigorra jaso zuten Mattin Sarasolari tortura bidez erauzi zizkioten autoinkulpazioak oinarri hartuta. Oso erraza da egiaztatzen. Gorenak aipatzen dituen esaldietako bakar bat ez dago eskuliburu horretan. Ezta bat bera ere.

Tribunal Goren horrek, ordea, esaldi horiek erabiltzen ditu oinarri gisa hainbat ondorio ateratzeko. Adibidez, gero aterako ditugu lekukoak esaldia erabiltzen du ondorioztatzeko epaiketan izandako hiru lekukoak ETAk «atera» zituela eta horrenbestez ez zutela inongo sinesgarritasunik. Eta beste horrenbeste gertatzen da beste ondorio batzuekin, zeinek baliogabetuak geratu beharko luketen premisa faltsu batetik ateratakoak direlako. Baina nekez gertatuko da horrelakorik espainiar (in)Justizia ezagututa.

Egiazki, aipatu eskuliburu horretan ETAk egiten duen bakarra da eskatzea bere militanteei, torturatzen badituzte, epaileari gertaturiko guztia salatzeko, halakorik egin ez dezaten jasango dituzten mehatxu eta xantaia guztiak gaindituz. Eta auzi-medikuari ere sala diezaioten, Auzitegi Nazionalera eramango dituztenean. Salaketa hori lehenago eginez gero ederki baitakite zer gertatuko zaien auzi-medikuak alde egin orduko.

Horregatik ahalegintzen da hainbeste eskuliburua Auzitegiko ziegen deskribapena egiten, etakideek segurtasun osoz jakin dezaten, eskuliburuko hitzak erabiliz, «amesgaiztoa amaitu dela» eta ez daudela simulazio baten aurrean, zeinaren ondoren gogotik ordain dezaketen salaketa oro. Behin Auzitegian nolabait mehatxu eta xantaietatik aske senti baitaitezke, eta azkenik torturak salatzera ausartu.

Ezin daiteke inolaz ere beste modu batean interpretatu eskuliburuak dioena: haien militanteen kontra erabiltzen diren metodoen deskribapena; horiei aurre egiteko kontseiluak; mehatxuak mehatxu torturak salatzearen garrantzia... Eskuliburu horretan inolaz ere ez duzu aurkituko tortura faltsuak salatzeko inongo agindurik, ezta antzeko ezer ere. Horregatik jo dute bai AVTk bai Auzitegi Gorenak gezur hutsera.

Helburu nabarmenarekin jo ere, torturatzaileei erabateko inpunitatea ematea. Jada saihestu diete kartzela, iragarria nuen bezala, eta ziur naiz nire orduko iragarpenaren bigarren zatia ere hitzez hitz beteko dela: lau guardia zibil horiek «mailaz igo, dominak eman edota ardurazko postuetan jarriko dituzte, kondenaturiko torturatzaile gehienekin egin duten bezala».

Denbora izango da lekuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.