Enpresa proiektu partekatu gisa

2014ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
ADEGIren berriak, Gipuzkoan lan harremanen eredu berri bat sustatzeko erabakiarenak, balioespen desberdinak sortu ditu. Hainbat arduradun publikok ere iritziz aldatu du haizeak nondik eman ahala eta «ez da nire eredua»-tik filosofia partekatzera pasa dira, baina lurralde guztietan aplikatu behar dela esanez.

Bistan denez, zerbaitek huts egiten du, ADEGIren proposamena sindikatuen gainetik jauzi egiteko laburbidetzat ulertu bada; eta hainbat aste eta gero, Pello Guibelaldek bere proposamenak lan harremanak banakatzea duela helburu gezurtatu behar badu. Ziur aski, kontsentsuan oinarrituta behar duen horrelako erreforma batek nahitaezko komunikazioa eta aurre prestaketak huts egin dute.

ADEGIren proposamenaren aurretik Aldundiaren proselitismo lan sakona dago, ekonomia eta gizarte eragileen, patronalaren, sindikatuen, gizarte ekonomiako enpresen elkarteen, unibertsitateen, eta abarren artean enpresen kudeatze ereduaren aldaketaren alde. Ez da normala egundoko baliabide eta esfortzuak agortzea produktuaren berrikuntza, fabrikatze eta marketin prozesuan eta, ostera, enpresetan orain dela mende bateko antolakuntza eredu berdinarekin jarraitzea. Enpresek egoera berrietara ohitu beharko dute eta beharrezkoa da eredu hierarkikotik, hau da, batzuk zer egin erabaki eta besteek obeditu egiten duten eredutik, eredu horizontal batera igarotzea, non makina baten errendimendu hoberena ateratzen dakitenek edo zuzenean bezeroekin harremanetan daudenek beraien jakinduria igortzen duten. Modu horretara, denon artean enpresa, gaitasun handiagoa duen tresna bilakatuko dugu, eta aldi berean, lan eremua gizatiartuko dugu, bertan baita denbora gehien igarotzen dugun tokia.

Aldundiak, eredu berri horren abantailen hedatze lanaz gain, 2012 eta 2014 aldian, 9,8 milioi euro bideratuko ditu parte hartzea eta antolakuntza berrikuntzaren prozesuei laguntzeko. Beraz, egindako azterketek eta jada badauden esperientziek eskaintzen duten segurtasunean oinarritutako apustu garbia da; hau da, gure enpresen arteko lehiakortasuna hobetzeko faktore ezinbestekoa denaren segurtasunean oinarritutakoa.

Eredua aldatzeko prest dagoenak ezin dio atzamarrari begiratu ilargia erakusten zaionean. Langileen parte hartzeak ez du atzera bueltarik. Ez da orain egiten dudan zerbait ongi datorkidalako eta behar dudalako, eta gero, gauzak ondo doazenean eredu berrira bueltatuko naiz. Eta ezin da erabili talde negoziazioa askatzeko tresna gisa, legeak sindikatuei ematen dien ordezkaritza saihestuz, lan baldintzak zehazterakoan banakako erlazioek dakarten presioa saihesteko.

Gaur egun martxan dauden parte hartze ereduek eta benetan enpresen lehiakortasuna hobetzen ari direnek, proiektu pribatu batetik partekatutako proiektu batera igarotzean, ez diote begiratzen murrizketari edo soldaten atxikitzeari, langileen inplikazioak dakarrenari baizik. Langile bati, enpresaren benetako egoeraren berri ematen bazaio, aholkua eskatzen bazaio, ardurak ematen bazaizkio eta formatzeko eta funtzioa desberdinak betetzeko aukera eskaintzen bazaio, ez soilik makinaren botoi bat sakatzea, nahi izanez gero lan taldeen buru izateko aukera baizik, langile horrek bere errendimendua hobetuko du. Bereziki Gipuzkoan jada arrakasta duten ereduetan bezala. Horietan langileari bere atseden egunak bere bizi betebeharretara egokitzea baimentzen zaio, betiere bere lankideekiko ardura eta elkartasunarekin. Baina malgutasunak bi norabidetakoa izan behar du, hau da, bezeroen beharrak asetzen lagundu behar da, izan ere bezerorantz zuzendu behar da ekintza guztia, eta sentikorra izan behar da familia egoerekin edo gogo aldarteekin, egutegi mugiezinak saihestuz.

Nahiz eta berandu iritsi den, nahastea zabaldu denean, ADEGIko zuzendariaren irmotasuna berak interpretazio okertzat hartzen dituenak gezurtatzean, esperantzari leiho bat ireki dio. Langileen parte hartzeak enpresaren erabakietan eta kapitalean, lan eremua demokratizatzen lagunduko digunaren esperantza. Horrekin, enpresariak irabaziko du, langileak irabaziko du, enpresak irabaziko du partekatutako proiektu gisa. Eta Gipuzkoak irabaziko du, bidezkoa eta zuzena den gizarte batekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.