Emakumeen ebaketa genitala, aldaketaren beldurrez

2013ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Duela urte batzuk, gai honen inguruko film baten aurkezpenaren ostean, lehendik ezagutzen nuen emakume afrikar batek bere lekukotasuna ekarri zigun. Ebaketa egiteko erabakia hartu zuela kontatu zigun, nahiz eta amak kontrako iritzia azaldu. Desberdina izatearen presioa, askorentzat «puta», garrantzitsuagoa izan zen berarentzat, amaren iritzia edo beldurra baino.

Emakumeen Ebaketa Genitalari buruzko lekukotasunak leku anitzetan bila eta aurki daitezke. Gehienek tortura horretara behartuak izan ziren emakumeei egiten diete erreferentzia, eskuarki, gurasoek derrigorturik. Nahiz eta hasiera batean beraien bizitzarako garrantzitsua den zerbait egin dutela, festa batera joan direla iruditu, ondoren beldurrarekin, minarekin eta engainuarekin egingo dute topo, eta sentipen hori bizitza osoan izango dute gogoan.

Agian norbaitek argudia lezake sustrai kulturalak direla, «hori soilik ezagutzen dutela, ez beste ezer», baina kontua da honen gisako ohiturek islatzen dutela gizonek milaka modu dauzkatela emakumeen sexualitatea kontrolatzeko, emakumeak umiliatzeko eta beraien kontrolpean mantentzeko. Emakumea objektu bihurtzeko gai den gizarte baten erakusgarri dira horiek. Gizonak bere nagusitasuna ezarri ahal du, emakumeak bere sexualitateaz (gozamenerako eta seme-alabak izateko soilik balio duena) goza dezan eragotziz, modu horretan, emakumeek beraien jabea «engainatzeko» ideia baztertuko dutelakoan.

Gaur egun ebaketa genitalak 135 milioi emakumeri eragiten die mundu osoan, eta horietako 2 milioi neska eta nerabeak dira. Giza sufrimenduaren izugarrizko arrastoa dago, emakumeena eta haurrena bereziki, baina, batez bere, gizarte eredu desorekatu eta bortitza emakumearentzat: sexu-organoak ebakitzen dizkiete sexualitatea kontrolatzeko, saldu, bahitu edota esklabo bihurtzen dituzte, prostituitzera behartuz, plazera emateko helburuarekin.

Ablazioak praktika ugari hartzen ditu barnean. Horiek guztiak kanpoko sexu-organoen erabateko kentzea edo kentze partziala lortzen dute, eta pairatzen dutenei osasun arazo iraunkorrak eta itzulezinak eragiten dizkiete, nahiz eta izendapen horren barnean jarduera heterogeneoak eta emakumeen osasunerako garrantzi maila desberdineko jarduerak elkartzen diren.

Duela urte askotatik, emakumeen ebaketa genitalaren aurkako borroka etsai ezezagunekiko beldurraren aurkako borroka da: aldaketen eta berarekin datozen aukeren beldurra. Munduan, Saharaz hegoaldeko Afrikatik Arabiar penintsularaino, Ekialde Urruneko zenbait eskualdetatik Europako, AEBetako, Kanadako, Australiako eta Zeelanda Berriko erbesteratutako komunitateetaraino, emakumeak erantzuten ari dira ebaketa genital, sozial, zibil eta politikoaren aurrean, gaitz honen kontrako legeen aldarrikatzea ahalbidetuz, eta politikariekin, erlijiosoekin eta hainbat emakumerekin lankidetzan, zeinak geroz eta gehiago ari diren jabetzen aldaketak eragiteko daukaten ahalmenaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.