Albaitaria eta politologoa

EAJk gogoetaren bidean asma dezan, Lekeitioko Euskal Ezkontzaren ereduan hasiera duen proposamen bat

Eneko Egibar Artola
2024ko uztailaren 12a
17:00
Entzun

1977. urtean ipini zen martxan Lekeitioko Euskal Ezkontza, trantsizio garaia zen. Errepublika garaian, 1931. urtean, Batzokitik atera zen Euskal Ezkontza lehenik. Tartean 1964. urtean Resurreccion Maria Azkueri omenaldia egiteko atera zen Lekeition Euskal Ezkontza.

Pentsatzen dut, EAJk bere gogoetan asmatzeko, bere jatorria, alderdiaren sorreraren testuingurua, Batzokien zergatia, kultura, euskara... derrigorrezko erremintak izango dituela gizartearekin berriro konektatzeko orduan. Historia beti izan baita funtsezkoa eta beti erakutsiko baitigu etorkizunerako bidea ere. Kasu honetan Lekeitioko Batzokiaren ekintzak, Euskal Ezkontzaren eszenifikazioarekin, errepublika garaia eta trantsizio garaia lotzen ditu. Eta trantsizio garaian jada 45 urteko ibilbidea egina du. Beraz, XXI. urtean derrigorrezko galderak hauek izango lirateke, zergatik? Zertarako sortu zen Euzko Alderdi Jeltzalea XIX. mendean?

Seguruenik, politikaren eta politikarekin desafekzioa aspaldi hasia zegoen EHn. Ez, soilik, Batzokien eta gazteen artean, baizik, oro har gizartearen eta politika ofizialearen artean. Baita ere, aspaldi hasia zegoen desafekzioa benetan agintzen duen botere politiko-ekonomiko eta alderdi politikoen eta alderdietako bazkideen artean. EAJ, Alderdi Sozialista, Komunista... garai bateko alderdi politikoak dira, «masa mugimenduen» definizioan oinarritutakoak, hau da, bazkide asko, batzarrak, eta, «teorian» erabakiak behetik gora hartzen ziren horietakoak. Baina, gaur egun aspaldi da alderdi politikoak beste presio eta eredu batzuengatik «beste gauza bat» bihurtzen hasiak direla. Gaur egun, teorian, «lidergo» batzuen inguruan sustatzen da guztia. Marketin kanpainekin, diruarekin eta botere ekonomiko jakin batzuek gidatzen dute lidergo berri horien gidaritza, adibide garbia Espainiako Estatuan Ciudadanos alderdia izango litzateke.

Baina nola berrantolatu errealitate zaharra errealitate edo politika ulertzeko modu eta moda berri honetara alderdi politikoak XIX. mendean sortuak izan baziren? Eta, jada bertoko alderdi politiko eta historiko horiek, apur bat bada ere, azken urte hauetan «Ciudadanostu» badira? Marketina eta framing jakin bat erabiliaz fitxaketen politika moduko bat babestu du sistema berri honek, masterrak ez direnean, hizkuntzak (baina badirudi sistema berri honentzat euskara ez dela funtsezkoa) dira derrigorrezkoak lidergo berrietan. Berdin da kolektiboaren aldeko apustua egin ez izana zure bizitza osoan gaur egun politikan aritzeko. Ordea, errealitate horrek politikan ondorioak dakartza, lidergoa «jefe» izatearekin nahasten baitute, eta, gainera, gogoeta eta iritzi kritikoa ez dituzte gustuko. Politika, kudeaketen egitasmoaz nahasten ari dira. Ondorioz, ez dira politikaz ari.

Adibidez, trantsizio luze honetan 45 urte daramatzagunean, EAJren izenean kontseilari kargua hartzeko orduan euskarari uko egiten dioten pertsonak aukeratzen dira. Ez noski alderdiko bazkideen izenean, baizik botere ekonomikoaren eta sistemaren oniritziarekin aukeratzen dira pertsona horiek.

Politikari prototipo moduko batzuk bultzatzen dizkigu sistemak. Masterrak bai, hizkuntzak bai, baina batez ere botere ekonomikoarekiko obedienteak izan behar dute egungo politikariek. Horixe da garrantzitsua, obedientzia. Agian, lehen ere alderdiak bazkideen kopuruan eta asanblearioan oinarritzen zirenean alderdiekiko obedientzia zen oinarria. Baina, nire ustez, desberdintasun handi bat dago lehengo eta oraingo ereduen artean. Lehen alderdi politikoak gizartearengandik hurbilago zeuden. Batzokiak, herriko tabernak, batzarrak, bazkideak, desberdina zen guztia. Botereak gizartearekiko kontaktua, eta, alderantziz ere, alderdien bidez egiten zuen trantsizio hasieran. Gaur egun, ordea, ez. Botereak zuzenean egiten du kontaktua alderdietako buruzagiekin. Alderdi politikoak ez ditu behar, gutxiago bazkideak edozer mezu gizarteratzeko orduan. Horretarako ditu bere esku banketxeak, marketina... nonahi eta noiznahi nahi dituen mezuak plazaratzeko.

Eta, errealitate honen aurrean, zer? Ba, agian historia, kultura eta, batez ere EAJren kasuan, bere sorreraren zergatia berreskuratzea izango litzateke garrantzitsua. Batzokiak, kultura, euskara, bertoko gastronomiarekin lotzea eta hori guztia politika onari batzea da, agian, irtenbidea. Doa horretarako Lekeitioko Euskal Ezkontzaren ereduan hasten den proposamena. Abertzaletasunean, euskal kulturan eta euskararekin hasten den proposamena, zimendua jartzea funtsezkoa baita edozein proposamen aurrera eramateko.

Hau da, pertsona askeak, ez fitxatzen diren horietakoak (hauek beti fitxatzailearen esanetan egon behar baitute), non kulturak, euskarak eta EAJren historiak batzen dituen. Non, bere desberdintasunetik taldean lan egiteko eta arazoen aurrean edozer momentuan kolektiboan lanean aritzeko prest dauden. Eta, ez hierarkiatik, baizik eta norberaren nahi izatetik eta parte hartzeko gogotik guztiak funtzionatzen duen.

XXI. mendean EAJ bezalako alderdi historiko batek eduki dezakeen eraldaketa nagusia gogoetaren eta iritzi kritikoaren gune bilakatzea izango litzateke. Eta, horrela gerta dadin, kultura, euskara, historia eta politika maite dituzten pertsonengan gogoeta eta kultura politikoa landu behar dira.

Gizarteak hobetzeko eta alderdi politikoak gizartean bere funtzioa betetzeko gizarteari eta bazkideei entzun behar die. Horrela hasiko baita konpontzen alderdi politikoen eta gizarteen artean dagoen desoreka eta deskonexio moduko hau.

Azkenik, Pradales lehendakariak kontseilari berriei eskatu dien ausardiarekin edo atrebentziarekin amaituko nuke. Atrebentzia derrigorrezkoa baita politikan edozein aldaketa eta eraldaketa sustatzeko. Beste modu batean bada ere, adibidez, Lekeitioko Euskal Ezkontzako partaideek orain urte batzuk bero zakarraren eta behien urduritasunaren aurrean gurdia (bere esanahi guztiarekin) bere gain hartzeko izan zutenaren moduko atrebentzia, alegia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.