Dietak eta pentsioak Kutxabanken etorkizunean

Joxean Urkiola
2012ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Eskandalua agerian geratu da, eta horren ondorioz, orain denek diote aldatu nahi dutela, ez zela gertatu behar,kasuak oso jakinak direla... Sinets dezakegu? Tamalez, ez. Sinistu ahal izango diegu zalantzarik gabe egiaztatuko denean beren soldatak «ohikoak» direla, ez dutela komisio, pentsio edota gain-soldata ikaragarririk eramaten. Gardentasuna da gakoa. Jakin dadila zenbat irabazten duten politikari horiek betetzen dituzten postuen truke.

LAB aspaldidanik ari da saiatzen Kutxetako Kontseilari eta Goi mailako Zuzendarien ordainsariak ezagut daitezen jendartean. Oraindik ez dugu lortu. Hala ere, behin eta berriz saiatuko gara, eta bien bitartean, Kutxek beraiek beren Zuzendariek kobratzen dutenaz egiten duten aitormena argitaratuko dugu, nahiz eta batzuetan, Kutxan adibidez, Kontseilariei esaten zaiena eta derrigorrean CNMVri jakinarazten diotena bestelakoa izan. Hauxe da kasualitatea, iaz, Kontseilariei 243.000 euro ezkutatu zitzaien. Hanka-sartzeren bat izan ote da?

Aurten, Ekonomia Jasangarriaren Legea onartu ondoren, berau betetzeko eskatu diegu Kutxei. Honezkero ez zela aitzakiarik izango pentsa zitekeen; are gehiago, Kutxetako Batzar Orokorretara eramango zituztela uste genuen, legeak halaxe agintzen baitzuen. Kutxako Zuzendariaren erantzuna bestelakoa izan zen, ordea: ezezko borobila eman zion gardentasunari, Goi mailako Zuzendariek irabazten dutena Erakundeko Kontseilariei jakinarazteari. Horrez gain, ohartarazi zigun beharbada aurten irabazten ari direna ere ez digutela jakinaraziko ministroak ez baditu etxeko lanak egiten.

Berriki izan dugu Banca Cívica eta Bankiaren eskandaluaren berri, hurrenez hurren Caja Navarratik eta Caja Madriletik datozenek jasotzen dituzten soldata miliodunek eraginda; berriki ezagutu dugu Galiziako kutxetan gertatu kalte-ordainen eskandalua ere, eta badugu Barcinak eta beste batzuek jaso dituzten dieten berri. Horrek guztiak agerian uzten du politikari askok eta askok edota politikari hauek Kutxa batzuk zuzentzeko izendatu dituztenak zer egiteko gai diren, zenbat kobra dezaketen eta zer ezkuta dezaketen.

Begirunerik gabeko politikari eta bankariek izugarrizko ordainsariak jasotzen dituzten bitartean, langabeziak itxuragabe gora egiten du, mileuristak ozta-ozta iristen dira hil bukaerara, herritar askori etxea kentzen diete ordaindu ezin dutelako...

Dena den, eskandaluak ez ditu EAEko Kutxak busti. Ez dute aitortu nahi beren Goi mailako Zuzendarien eta Kontseilarien sariak zenbatekoak diren, bestela jendartean kontuak ematera behartuak egon bailitezke.

Caja de Navarran gertatu dena gainontzeko euskal Kutxetan gertatu denarekin alderatuko bagenu, beharbada, oraingoan, iceberg handi baten tontor aurrean geundeke. Azter dezagun iaz irabazi zutena:

Caja Navarrak onartu du, egin duen Gobernu Korporatiboaren txostenean, zuzendaritzaren pertsonal nagusiek eta Administrazio Kontseilariek 2010. urtean jaso zuten ordainsaria 1.974.000 eurokoa izan zela. Honi gehitu behar zaio pentsio edota aseguru-prima gisa jaso zituzten 12.000 euroak, dieta gisa jasotako 312.440 euroak eta hainbat Batzorde eta Komisiotan jasotako 314.405 euroak.

Kutxak, Gobernu Korporatiboaren txostenaren arabera, adierazi du aipatu ordainsariak 3.089.000 eurokoak izan direla, dietak 82.000 eurokoak eta beste batzarretan parte hartzeagatik 219.000 eurokoak izan direla.

BBK-ko ordainsariak 3.594.000 eurokoak izan dira. Horri erantsi pentsio kontzeptuan ordaindutako 366.000 euroak, dietetan ordaindutako 118.000 euroak eta batzordetan ordaindutako 39.000 euroak.

VITALen, ordainsariak 458.000 eurokoak izan ziren, pentsioetan 1.000 euro ordaindu ziren, dietetan 336.000 euro eta Kontrol Batzordearen dietetan 89.000 euro.

Gardentasunaren garaia da, behin betikoz iluntasuna eteteko garaia. Garaia da batzuek irabazi dituzten dieta mamitsuak, oraindik ere ezkutuan dirauten eta batzuei dagokienez oso handiak diren soldatak ezagut daitezen. Ezagutza horrek eraman beharko gintuzke bidegabekeria hau amaitzera.

Erraza daukate, nahikoa izango lukete Ekonomia Sostengarriaren Legea betetzearekin; landu dezatela urteko txostena, non Kontseilari bakoitzak eta gainerako kideek jasotzen dituzten ordainsari guztiak osotasunez, argitasunez eta era ulergarri batez zehaztuko diren. Aipatu ordainsariak Kutxetako Batzar Orokorretan eta gai-zerrendatik aparte bozkatu beharko dira ere. Beste hainbeste gertatu beharko litzateke Kutxabanken. Laster egiaztatu ahal izango dugu. Soldatak, pentsioak eta abar lupaz behatu beharko ditugu, azken urteotan jazo diren horrenbeste gehiegikeria eragotziko badira.

Azken urteetan kutxetatik alde egin duten aurreko presidenteek ere (Iralak, Etxeparek, Spagnolok edota Rojok) azalpena eman beharko lukete, ez baitakigu zein baldintzatan joan ziren, zenbateko pentsioak jasotzen dituzten.

Aro berria datorkigu eta gardentasunak oinarrizkoa izan behar du. Horrez gain, ezagutu berri ditugun gehiegikeriak berriro gerta ez daitezen neurriak hartuko bagenitu eta inoiz eraman behar ez zutena berriro itzul dezaten eskatuko balitzaie, askoz ere hobe. Horixe izango da aldaketa Euskal Herriko finantza erakundeetara ere iristen ari den adierazgarri hoberena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.