Bizikletan hiritik zehar

Manu Gonzalez
2012ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Dagoeneko Donostiako hiri-paisaiaren zati bilakatu da bizikleta. Azken urteetan nabarmen egin du gora bizikleta erabiltzera animatu diren lagunen kopuruak, une hauetan 15.000 baino gehiagokoa izanik hiriko txoko batetik bestera mugitzeko bizikletan egiten diren joan-etorrien kopurua. Adin, izaera eta sexu ezberdinetako lagunak dira eguneroko eginbeharrak bizikletan egiten dituztenak, batez ere azken urteotan eraikitako bidegorri-sarearen egoera onaz eta ibilgailu hauek era egokian aparkatzeko aukerez baliatuz.

Bizikleta hartzearen irrika sarri ez doa bat bere erabilerarako beharrezkoak diren gutxieneko arauen ezagutza eta errespetuarekin.

Alde horretatik, hiriko zenbait tokitan ikus daiteke jendea espaloitik dabilela bizikletarekin, espazio hori oinez ibiltzeko, hitz egiteko, erakusleihoei so egiteko edota bestelako jardueretarako toki lasaia izan beharko litzatekeen arren, non adin guztietako pertsonak seguru daudela sentitzen duten. Segurtasun sentsazio handiagoa edukitzea edo bidea laburtzea ez lirateke aitzakia izan beharko espaloietatik bizikletan ibiltzeko.

Telefonoz hitz egiten edo entzungailuetatik musikaz gozatzen duten txirrindulariak ikustea ere ohikoa da. Kasu horietan, bizikletan doazenek ez diote behar bezalako arreta eskaintzen inguruneari, eta, ondorioz, istripuak eragin ditzakete. Gogoratu beharra dago zirkulazio arauek arau-hauste larritzat dutela telefonoz hitz egitea edo aurikularrak erabiltzea bizikletan ibiltzean. Isuna 200 euro artekoa izan daiteke.

Era berean, ongi egokitutako bizikleta batek, balazta egokiak, abiadura-aldagailua, ongi puztutako gurpilak eta bestelakoak ez ezik, argiak, txirrina eta islatzailea ere eduki behar ditu, zirkulatzeko derrigorrezko hiru elementu baitira (gure bizikletak ez baldin baditu, isuna jaso genezake). Kontuan eduki behar da baita ere gero eta bizikleta gehiago ibiltzen dela gauez, eta, ondorioz, argi on batzuk izateak ikusgarriago egiten gaituela, segurtasuna handituz.

Bizikleta garraiobide gisa erabili ahal izateko espazio seguru eta erosoa lortzea aldarrikapena izan da azken urteetan hainbat pertsona eta elkarterentzat. Gaur egun, hiriko txoko gehienetara bizikletaz iristeko 56 kilometro baino gehiagoko bidegorri sarea dugu. Ibilgailu atsegin, osasungarri, dibertigarri, isil eta kutsatzen ez duen hau erabiltzea seguruagoa da gaur egun, bidegorriak ditugulako, oinezkoekin partekatzen ditugun tarteak ditugulako eta motozikleten eta autoen abiadura murriztuz, errepidetik bizikletan ibiltzeko aukera dugulako. Errealitate hau ilusio handien, inbertsio ekonomiko garrantzitsuen eta esfortzu teknikoaren ondorio da, baita bizikletaren dignifikazio soziala eragin duen erantzun herritar egokiarena ere.

Pertsona batzuen jarrera arduragabeek eta gizabidegabeak ez direnek —bizikletarekin espaloietatik dabiltzanak edota zirkulazio arauak kontuan izaten ez dituztenak— ez dute ibilgailu honen arrakasta zikindu behar. Bizikletek lagun bezate Donostia hiri atseginagoa eta alaiagoa izan dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.