Egun, mundu guztiak ateratzen ditu argazki berdinak». Simon Norfolk argazkilari britainiarren hitzak dira, orain dela egun batzuk Estatuko egunkari bati esanak. World Press Photo sariak hiru aldiz irabazitakoaren ustez, lan handia eskatzen du uniformetasun horretatik ateratzea, ohiko irudietatik haratago joatea. Horren guztiaren ondorioz, talde memoria estereotipatua sortzen da, erreala ez dena. Kontraesankorra dirudi, izan ere, irudien inflazioan bizi gara, eta, ziur aski, inoiz baino aukera handiagoa dugu ikusmena lantzeko. Dena bistatik sartzen eta saltzen digute. Beste zentzumenak —ukimena, esate baterako— ia baztertu dugun garaian, irudia nagusitu da, behintzat, Mendebaldeko gizarteetan. Orain dela urte batzuk argazki kamerekin (edo bideokamerekin) izaten genuen harremana une jakin batzuetara mugatzen zen: oporretan («han egon ginenaren» froga) edota ospakizun berezietan jartzen ginen kamera aurrean (edo atzean). Egun, irudiak harrapatzeko tresneria gainean daramagu une oro, sakelako telefonoa, besteak beste. Inoiz baino tresna gehiago ditugu esku artean irudiak hartzeko, sortzeko, zabaltzeko… baina, horra hor Norfolk-ek salatutakoa: uniformetasuna inoiz baino nabarmenagoa da. Gertakari paradoxiko horrek begiradaren inguruan hausnartzera eramaten gaituztelakoan nago. Gaur, ziurrenik, aurreko garaietan baino protagonismo handiagoa dute irudiek bai kultur transmisioan, bai gizarteratze prozesuan, baina horiekiko jarrera kritikoa oso gutxi landu dugu.
Lotzen dut hausnarketa hau, uda honetan, —irudien inguruan ari garenez— izan den gertakari ikusgarrienarekin: Olinpiar Jokoak.
Kirola, beste behin, hizpide eta eztabaidagai izan dugu gurean, eta tartean mila bizipen azaleratu dira. Baina komentario guztien artean, bat errepikatu da bereziki: ikusleek edota jarraitzaileek aukera izan dute inoiz inon ikusten ez diren kirolak begi aurrean edukitzeko. Ederra izan da esperientzia, ederrak irudiak, ederrak bizitako emozioak. Gure ikusmena ohitua dago kirol hegemonikoen irudiak jasotzen. Bereziki, futbolak eskaintzen dizkigunak: hogeita bi gizon pilota baten atzean. Oso zaleak direnak diotenez, bakarrik tarteka partida on bat ikusteko aukera izaten dute, halere, egungo telebistako pantaila lauak eta dotoreak nagusiki horretarako diseinatuta daudela dirudi. Oso gutxi dakigu beste kirol batzuei buruz. Ezusteko handiz, lau urtean behin (ber)deskubritzen ditugu. Olinpiar Jokoetan. Orduan kirol diziplina ezezagunenak ere, segundo edo minutu gutxi dute ikusleengana iristeko, eta, oso zaila badirudi ere, gehienetan lortzen dute gu harrapatzea. Gertuko adibide bat jarri nahiko nuke: 106,87 segundo behar izan zituen Maialen Chorrautek bere piraguarekin ur mugituen gainean diseinatutako ibilbidea egiteko eta brontzezko domina bat irabazteko. Ezinezkoa dirudi hain tarte txikian hainbeste emozio biltzea, hainbeste miresmen, egindako ahaleginengatik, adierazitako trebeziarengatik, erakutsitako adoreagatik eta zintzotasunagatik. 106,87 segundotan arnasari eutsi genion askok. Antzeko sentimenduak errepikatu dira beste kiroletako proba batzuk ikustean. Denen ahotan hitz berdinak: ikusgarria, harrigarria, txalogarria. Gozamena.
2012ko Olinpiar Jokoetako azken egunetan beste komentario bat harrapatu nuen, parke bateko bankuan eserita zeuden bi pertsonen artean. Gizon bat eta emakume bat hizketan ari ziren. Gizona —tonu oso positiboan— bere harridura adierazten ari zen, emakumeak boxeoan ikusteagatik. Kalitate handiko kirolariak iruditzen zitzaizkion lehian ari ziren emakumeak. Horra hor askoren harridurarako motiboa: kirol minoritarioekin ere gozatzea posiblea dela ohartzeaz gain, emakumeak edozein kiroletan parte har dezaketela eta, praktikan, parte hartzen dutela konturatzea. Kirol munduan irudi bat da nagusi: gizonezkoena. Beraiek monopolizatzen dute kirol programazioa astebururo, edota kirol irudiak ematen diren une oro.
Lau urtean behin emakume kirolariak agertzen dira gogorazteko beraiek ere mundu horren parte direla. Ahaleginak, esfortzuak, sakrifizioak, ilusioak ez dute sexu edo generoaz ulertzen, baina, nonbait, irudiz osatutako gizarte honek pertsonen arteko bereizketan eta mailaketan du bere garapenerako funtsa: batzuk garaile, beste asko ikusezin. Hor konturatzen gara irudia zerbaiten ispilua izateaz gain, errealitate horren eraikuntzaren zatia ere badela. Emakume kirolarien irudiak ematen ez dituen gizarteak, zaila du emakume kirolaria irudikatzea.
Olinpiar Jokoak ez ziren amaitu abuztuarekin batera, izan ere, irailaren hasieran joko paraolinpikoak hasi ziren. Horiek iraun duten bitartean, haietan parte hartutako kirolariek azken erronka jo zioten gure ikusmenari: nola begiratu ezohiko gorputzak, ezohiko mugimenduak, ezohiko abileziak, ezohiko trebetasunak… Azken finean: ezohiko kirolariak. Miresmena sortzen du pertsona horiek jarduten ikusteak, eta, haien aurrean, aurreiritzi zein estereotipoen kontra egin beharrean ikusten dugu geure burua. Batzuetan, une batez, ahalegin horretan, irudien inflazioaz eta horien pobreziaz kontziente izan gaitezke. Non gordetzen dira gainontzeko lau urtetan kirolari horien irudiak? Non euren lana eta ahaleginak?
Azken finean, irudiez inguratuta bizi bagara ere, batzuetan irudi bera dela pentsa dezakegu, behin eta berriro errepikatzen dena. Baina beste errealitate asko hor daude, haien gainean begiratua zeinek jarriko zain. Horretarako, Simon Norfolkek dioen bezala, denbora behar da. Esentzia topatzeko, denbora eta pazientzia behar da. Ikusezina dena ikusteko ezinbestekoa dugu beste begirada bat lantzea.
Beste begirada bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu