Bertsolaritzak gutaz hitz egiten digu

Jone Miren Hernandez Garcia.
2011ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Sarritan entzun dugu bertsolaria herriaren ahotsa dela, haren kezka, desio eta sentimenduen bozeramailea. Azken egun hauetan, aldiz, irudiak hartu du bereziki protagonismoa bertsogintzan. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak final-zortzirenei hasiera ematen zien egun berean, Donostiako Zinemaldiak Bertsolari pelikulari alfonbra gorria luzatu zion. Batean, zuzeneko ahotsaren xarma; bestean, filmatutako irudien magia. Gaur (eta ez betiko), irudiaren alde egingo dut. Bertsolaritza esperientzia bat da, eta oholtza aurrean egon behar da emozioz bustitzeko, baina zinema pantailak aukera ezin hobea ematen digu azterketa eta hausnarketarako.

Dakidanez, gaur egunera arte hiru filmek izan dute bertsolaritza eta bertsolaria protagonista nagusitzat.

Lehenengoa Pio Caro Barojak burutu zuen, 1967an. Bersolaris. Poetas populares vascos izeneko dokumentalak aipatu urtean Donostian antolatutako Euskal Herriko Txapelketaren finalean du abiapuntua. Zorionez Euskal Filmotekak berreskuratu zuen zinta orain dela pare bat urte, eta jada, ikusgai daude historikotzat jo diren bertan jasotako hainbat pasarte. Hunkigarriena, agian, Xalbadorrek bizitako trantzea, publikoak berari zuzendutako txistuei aurre egin nahian. Baina Pio Caro Barojaren kezka etnografikoa bestelako aspektuetan igartzen da. Izan ere, Bersolaris dokumentalak garai hartako errealitatearen printza ugari uzten dizkigu. Zuri-beltzeko gizartea zen hura, Frankismo garaia. Emakumeak Kontxako paseoan umeen karroak paseatzen, eta gutxi batzuk Atano frontoian final hura ikusten; bertsolarien artean emakume bat bera ere ez. Gizon helduak dira protagonistak. Traje asko, txapelak eta gorbatak. Dokumentalaren muina finalaren irudiak badira ere, bertan bertsolaritzaren ezaugarrietan eta istorioan ere erreparatzen da horren bilakaera azaldu nahian. Landa eremutik Gipuzkoako hiriburura, Pio Caro Barojak bertso zaharren doinuak eta Mikel Laboaren ahots berezia tartekatu zituen, Euskal kulturak esperimentatzeko zuen grinaren erakusle edo.

Bigarren dokumentala Antton Ezeizak zuzendu zuen, 1984an: Ikuska 18. Ikuska 1970eko hamarkadaren bukaeran eta 1980ko hamarkadaren hasieran egindako 20 film dokumentalek osatutako saila da. Denek Euskal Herriarekin eta euskal kulturarekin loturiko gaiak jorratu zituzten. Guztiak euskaraz grabatuta, Ikuska sailak zinema munduan jendea trebatzeko eskola bat izatea zuen xede, eta egun ezagunak diren hainbat pertsona pasatu ziren bertatik.

Ikuska 18 bertsolaritzaren unibertsoan murgiltzen da, eta 10 minutuko sartu-atera indartsua egiten du, Xabier Amuriza protagonista duelarik. Dokumentalaren hasieran 1980ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren finala agertzen da, Amuriza txapela janzten. Hurrengo eszenan Amuriza bera irudi horiei begira dago. Hortik aurrera txapelduna izendatu aurretik bakarkako lanean izandako estutasunak azaltzen ditu. Horrek aitzakia dirudi bertsoen sortze prozesua aztertzeko. «Aita» hitzaren inguruan kantatu beharrak hainbat sentimendu eta kezka sorrarazten dizkio bertsolariari, eta egoera horren aurrean bizitakoa erakusten digu dokumentalak. Oraingo honetan, koloretako irudiak ditugu argazki zuri-beltz batzuekin tartekatuta. Aretoaren dekorazioa, publikoaren osaketa (gazteagoa), janzkerak (traje gutxiago, jertse gehiago) aldatu dira. Dokumentalak bukaera berezia du; izan ere, Amurizak ikusleari puntua botatzen dio, eta erantzunaren zain geratu gabe gure bistatik desagertzen da: «Amaitzeko, puntua jarriko dizuet; ni banoa kalera, eta segi zuek».

«Segi zuek» dio Amurizak, eta Asier Altunak testigua hartu du Bertsolari filmarekin. Egun gutxi pasa dira estreinaldiaren egunetik, eta lerro hauek idazten ari naizen honetan aitortu behar dut pelikula ez dudala ikusi oraindik. Zinemaldiko olatua pasa arte itxarotea erabaki dut. Bitartean batzuen eta besteen komentario eta iritziak entzun nahi ditut. Halere, pelikularen prozesua jarraitu dut, zuzendariari egindako elkarrizketak irakurri eta igorritako lehenengo irudiak ikusi. Printza horiek nahikoak izan dira aro berrian sartu garela konturatzeko. Hitzetik irudira, diskurtsotik metaforetara, arrazoietatik emozioetara. Altunak emozioak eraginda erabaki omen zuen pelikula egitea. Emozioa beraz osagai nagusi, eta horrekin batera ausardia esango nuke nik. Pelikulak estetikoki ausarta dirudi, eta ausarta izan da zuzendaria orain arte gutxi landu diren zirrikituak esploratzen saiatu delako. Aurreko dokumentaletan inplizitu geratzen zena bihurtu du abiapuntu: aipatutako emozioa, baina baita isiltasuna ere, bertsorik eza.

Bertsolaritzak gutaz hitz egiten duela diot artikulu honen izenburuan. Ideia horretatik abiatuta, esango nuke gainera bertsolaritzaren inguruan sortutako irudiek gu eta gure gizartea hobeto ulertzeko tresna interesgarri direla, ispilu bilakatzen diren heinean. Zuri-beltzetik koloretara; etnografiatik esperimentaziora; frankismotik trantsizio garaira. Bersolaris dokumentalak ezagutzera eman nahi zuen gizarteaz hitz egiten digu; Ikuska-k esperimentatu nahi zuen gizarteaz aritu nahi izan zuen.

Eta estreinatu berria den Bertsolari? Miren Amuriza, bertsolari emakume baten bertigoaz, bere gaztetasunaz, Maialen Lujanbiok lortutako txapelaz, hau da, gizarte aldaketaz. Baina baita ere Xalbadorrek publiko aurrean euren txistuak entzunez isuritako emozioaz, hau da, iraganaren botereaz. Pelikulak, eta bere bitartez bertsolaritzak, gizarte eraldaketaz hausnartzera gonbidatzen gaituelakoan nago… memoriari zor diogun tokia erabaki bitartean. Hori guztia amildegiaren ertzetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.