Berezia omen naiz, eta zer?

Olaitz Laparra Amagoia Osinalde
2012ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Bulegoko leiho bat zabaldu eta Kimetz ikusi dut inguruko belardiaren alde batean eserita. Askotan ikusi dut horrela. Inguruan jolasean, kantuan, berriketan edota borrokan dabiltzanak bera han dagoela konturatu ote diren pentsatzen dut. Ez ote dute ikusten?

Oraingoan, leihoa itxi eta atetik aterata belardira gerturatu naiz. Hor zebiltzan jolasean... han eta hemen, goi zein behe, txirrista edota baloia aitzakia hartuta. Irriak nonahi; baita malkoren bat edo beste, minaren ondorio. Jolasten aritzen garenean gogoz aritzen gara, eta batzuetan zauritxoren bat edota ubelduak ere geratzen zaizkigu gorputzean.

Gure izatea eraikitzen ere laguntzen omen digu jolasak… baina buruari lana eman diot oraingoan, eta belardiaren erdian, inguruari begira honexek bururatutakoak…».

Norbanakook, astialdian eta aisialdian, gure izaera modu naturalean agertzen dugu, ez dago tranparik. Gainera, nortasuna ez da lanaren edo ikasketen arabera bakarrik definitzen: astialdiak ere eragin nabaria du. Denbora horretan bizi ditugun esperientziak oso esanguratsuak dira. Gu geu gara protagonistak, eta ardura desberdinak hartuko ditugu ikusle pasibo rola alde batera utziz eta agente aktibo bihurtuz.

Gauza jakina da azken hamarkadetan jendarteak izan dituen aldaketek eragin nabarmena izan dutela astialdiaren eta aisialdiaren arloan ere. Alde batetik, familia egitura aldatu da, eta, bestetik, denborak jaten gaitu. Gainera, auzoko bizimodua desagertuz doa, kaleak eta plazak ez ditugu segurutzat jotzen, eta alertan eta beldurrez aritzen gara. Ikasketen garrantzi handia da, eta, astialdia aprobetxatu beharreko denbora dela kontsideratzen denez, asteko programazio zehatz bat ezartzen zaio ume edo gazte bakoitzari, eskolaz kanpo pasatzen dituen ordu horiek aprobetxatzeko.

Jolasak harremanetarako gunea eskaintzen digu; gure adin berekoekin, nagusiagoekin edota gaztetxoagoekin. Onean zein txarrean. Jostailua partekatzeko edota arauak birgogoratzeko. Jendartearen parte sentiarazten gaitu negoziazioan eta frustrazioan hezteko gaitasuna ere indartuz goazen heinean.

Gozamena ere hortxe dugu, plazera eskaintzen baitigu jolasak. Autonomia edota erabakitzeko gaitasuna garatuz goaz. Txikitatik laguntzaz egindako hamaika jarduera, apurka, geure kasa egiten ditugu. Eta ez hori bakarrik: horrez gain, zer nahi dugun eta zer ez ozen aldarrikatzen aritzen gara.

Ez ote dugu aukera paregabea norbere aisialdian, eta gure ingurukoenetan, garapen integrala jorratzeko, ikasteko eta hezteko? Zein txokotan ahaztua utzi ote dugu jolasa? Zergatik ez ditugu pertsona guztiok astialdiaz gozatzeko aukera eta berme berak?

Baina hor jarraitzen du Kimetzek. Serio demonio. Berarengana hurbildu eta solasean aritu gara. Aitarekin etorri omen da belardira, eta betiko antzera, lasai jolasean aritu dadin, bakarrik utzi du. Aita ziur dago horrela gozatzen duela Kimetzek. Baina ez omen dio bere bila datorren bakoitzean gozatu duen galdetzen; baiezko konbentzimenduarekin mintzo zaio aldiro semeari.

Belardian hezitzaile bat ere aritzen omen da besteekin jolasean, eta Kimetzi pilota bat eman ostean besteengana joaten omen dela kontatu dit. Hori da hezitzailearen ahotik entzundakoa, Kimetzi gehien gustatzen zaiona pilotarekin aritzea dela. Baina egunak joan egunak etorri, ez dio galdetzen ea hori horrela den, edota pilota ez den zerbait nahi ote duen. Mutikoak uste du hezitzaileak berarekin hitz egitea ez duela gustuko, edota lotsa ematen diola edo ez dakiela nola egin edo... hori bai, beti irribarretsu gerturatzen da berarengana.

Kimetzek ez du gehiengoen antzera ahoarekin hitz egiten, eskuekin baizik, eta, gainera, gurpildun aulkian mugitzen da, alde batetik bestera. Horregatik guztiagatik, «berezia» dela esan diote askotan; «berezia» dela bere hitz egiteko modua eta baita mugitzekoa ere. «Berezia dela» bere izatean, hori da jasotzen duen epaia.

«Berezia»? Hori al da alde batean utzi eta, irribarretsu bada ere, berarekin ez aritzeko zergati madarikatua?

Kimetzek ez du askotan erabakitzeko eskubiderik izaten; norbaitek berarengatik erabakitzen du ia beti. Ez du zer gustatzen zaion oihu egiteko aukerarik, ez baitu jenderik inguruan hori entzungo duenik. Hain da «berezia», noiz eta nola gozatu behar duen beste norbaitek esaten diola behin eta berriz.

Eskuekin hitz egiten duelako edo gurpildun aulkian doalako, jendarteak gutxituen taldean sartzen du. Eta ez dago bakarrik, han egiten baitu topo itsuekin, adimen gaitasun altua dutenekin, gaixotasun arraroak dituztenekin, Down sindromea dutenekin, hiperaktiboak direla dioen diagnosi bat dutenekin, edota beste hamaika ziurtagiriren emaitzek astialdiaz ez gozatzera kondenatutakoekin.

Eta berak leku pribilegiatu horretatik gehiengoari begira pasatzen ditu egunak… zenbat jende dagoen ziurtagiririk ez eta ikusezin bihurtu direnak… bihotza urratua dutenak, maitatuak sentitzen ez direnak, mespretxatutakoak, ariketetan geldoak direnak, altuegiak, tristeegiak edota ezberdinegiak… gehiengoaren alboan daudenak eta gutxiengoak ikusten dituenak.

Kimetzi etxera joateko garaia iritsi zaio, eta niri lanera bueltatzea dagokit. Zer pentsatu ugarirekin eta belardira begiratuz, gozamenaren bermean zeregina badugula pentsatu eta, leihoa itxi gabe, lanean jarraitu dut.

Edonork du bere bizitzaz ehuneko ehunean gozatzeko eskubidea. Batzuek, ordea, Kimetzen antzera, ingurukoen arabera lortzen dute, edo ez.

Eta nor da ingurua, eskubide hori ukatzeko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.