Beldurra lekuz aldatuko dugu

2015eko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Eguzkiarekin batera iritsi dira uda, hondartzara joateko planak, herriko jaiak eta, nola ez, eraso sexista etengabeen salaketa publikoak: Barañaingo jaietan, sanferminetan, Ordizian, Sestaon, Portugaleten, Zumaian edota Karmengo jaietan. Lan pedagogiko bat egin dezaket enegarrenez artikulu honekin, eta azaldu zergatik udan eta jai giroan eraso sexista gehiago daudela dirudien edota non dagoen jarrera matxista hauen erroa. Baina gaurkoan ez dut hori egingo. Gaurkoan erraietatik hitz egingo dut. Amorrutik.

Egia da (borroka feministari esker) jendartea geroz eta kontzientziatuagoa dagoela eraso sexisten gaiarekin, horiek salatzeko kontzentrazioak ohikoagoak eta jendetsuagoak direla, eta erasoen kontrako lanketak jai eremu gehiagotan kontuan hartzen direla. Baina momentuz, arazoaren azaleko bilgarria aldatzera baino ez gara iritsi. Modan jartzen ari den gaia da, eta oso erosoa eta komenigarria izan daiteke aldarrikapen hauekin bat egitea, lanketa formal eta politikoki zuzenak egitea, «feminista naiz» etiketa jartzea,nor bere burua zalantzan jarri gabe eta errora jo gabe (bereziki instituzioentzat eta mutil askorentzat). Erantzunak puntualak izaten dira, eta inondik inora emakumeok eta identitate ez normatiboek jasaten dugun indarkeriaren tamainakoak. Intentsitate altuko indarkeria bortitzenak (emakumeen erailketak, bortxaketak, esplotazioa…) eguneroko ogia izaten jarraitzen du, eta hemen inork ez du alerta egoera deklaratzen edotabake prozesu nahiz negoziazio mahaiei buruz hitz egiten.

Eta gu jada nazkatuta gaude! Nazkatuta, gustura gauden edo ez kontuan hartu gabe beraien txapa botatzen jarraitzen duten babosoak aguantatu behar izateaz! Nazkatuta, begirada lizun eta piropo nazkagarriez, gure gorputzak beraien gogoa asetzeko eta epaia jasotzeko bertandauden objektuak izango balira bezala. Ez zaigu axola gure fisikoaz zer pentsatzen duten, inork ez dizue iritzirik eskatu! Nazkatuta, baimenik gabeko zirri eta ukitzeez, errespetu faltaz. Nazkatuta,gure ezetzak baliogabetuak izateaz eta zuen desioak gurea baino gehiago balio izateaz. Nazkatuta bortxatuak eta erailak izaten jarraitzen dugulako eta hala ere gure jokaera izaten delako zalantzan jartzen dena. Gure gorputzak eta bizitzak dira jokoan daudenak, eta ez dirudi inori axola zaionik! Eta nazkatuta gaude, geure burua defendatzeko gai ez garen eta norbaiten babesa behar duten izaki ahul eta menpeko gisa irudikatuak izateaz.

Azkenaldian, bestelako erantzun mota bat ikusi dugu Euskal Herriko hainbat txokotan, Gasteizen, Iruñean edo Hernanin, kasurako. Emakumeak beltzez jantzita, aurpegia estalia, kaleak edo agertokiak okupatzen, gauez, amorrua eta indarra adierazten. Estetika horrekin, emakume biktimaren iruditegia apurtu eta emakume aktibo, ahaldundu eta borrokalariak izan gaitezkeela argi erakutsi dute. Autodefentsa Feministaren filosofiarekin bat egiten duen jarrera: eraso baten aurrean, geure burua defendatuko dugu, erantzunen dugu. Ez gara bortitzak, baina modu bortitzean erantzun dezakegu. Furia rap egileak dioen bezala «ez da indarkeriarekiko maitasuna, defentsa legitimoa da!».

Iaz Iruñeko Farrukas kolektiboak sanferminen aurretik lehen aldiz holako manifestazio bat antolatu zuenean, «beldurra lekuz aldatuko da» lelo polemikoa aldarrikatu zuen. Beraien irakurketan azaltzen dutenez, ez da genero maskulinoari egindako mehatxua, erasotzaileei egindako interpelazio zuzena baizik. Haien ustetan, zilegi da beldur nahikoa eragitea, erasoak berriro gerta ez daitezen. Bestalde, emakumeoi beldurrez bizitzen irakatsi digute, eta horrek gure autoestimua eta askatasuna baldintzatu ditu. Sistema patriarkalak emakumeengan sorrarazten duen ikara indarkeria da, eta hauen helburua honi ere erantzun bat ematea da.

Iruditegi, lelo eta jarrera indartsu eta gogorrak dira, emakumeen aho eta gorputzetan ikustera ohituta ez gaudenak. Honek erresistentziak sortzen ditu euskal jendartean, batzuk urduri jartzen dira ahalduntze kolektibo eta ordena sinbolikoaren apurketarekin,eta horregatik zalantzan jartzen da borroka molde hauen legitimitatea. Mugimendu feministatik kontzientziazio kanpainak eta lan pedagogikoa egiten jarraituko dugu, baina guk argi dugu: gure gorputzak eta bizitzak dira jokoan daudenak, eta ez badugu guk geure burua defendatzen, ez du beste inork egingo.

Terrorismo heteropatriarkalaren aurka borrokan aritzeko, lan handia daukagu; beraz, kide, inoiz baino indar handiagoz, kaleetan ikusiko dugu elkar! Ekin Autodefentsa Feministari!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.