Aldundia, bioaniztasunarekin

2013ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Ez da nire ohitura komunikabideak erabiltzea gaiak argitzeko, baina asteartean Aitziber Sarobek idatzitako gutunari erantzuna eman beharrean aurkitu naiz, ezin dudalako akusazio faltsurik onartu. Eta Aitziber Sarobek bere diskurtsoan aipatzen dituenak ez direla egia osoak berak ere badaki. Traizioz hitz egiten du, gainera, eta, horretarako, Julian Unanueren izena zikintzen ahalegindu da gezurrak erabiliz. Julian Mendietako eta Natura Ingurunetako zuzendaria da, baina bere ardura Gobernu honetan adostutako politikak aurrera eramatea da eta, azken finean, departamentuaren arduraduna ni neu naiz, Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismoko Diputatua.

Ezin da politika egin alde bakarreko ikuspegiz. Gure asmoa baso politikan aldaketak gauzatzea da, baina behetik gorako prozesuaz baliatuta (Bilduren diskurtsoa bete-betean errespetatuz), eragile guztiekin hitz eginez eta ahalik eta adostasun handienak bilatuz (hori bada, zure iritziz, Bilduren diskurtsoari traizioa egitea, orduan, bai, Aitziber, traidore izango naiz zure begietara).

Badakigu prozesu hau luze doala, baina arrazoiak ez dira arrotzak inorentzat. Bilduren barruan, gizarte osoan bezala, iritzi oso ezberdinak daude gai honen inguruan, eta inplikatuta dauden sektoreetan ere bai. Behin eta berriz aipatu dizuegu, eta publikoki ere aldarrikatu dugu, bioaniztasunaren galera gelditzea dela gure helburuetako bat, eta horretarako mendi publikoetan dagoeneko bertako espezieak bakarrik landatzeko apustua daukagula eta gauzatzen ari garela. Eta mendi pribatuetan ere hori egin nahi genuke, baina horrek beste zailtasun batzuk ditu. Lau bilera behintzat egin ditugu denbora luze honetan ekologistekin. Bilera horietan txosten ezberdinak jarri dituzte gure esku, eta guk dokumentu horiek kontuan ditugu. Zuekin biltzeaz gain, beste zenbait eragilerekin ere egon gara beraien iritzia ezagutzeko (basogintzan aritzen direnak, baserritarren sindikatuak, eragile politikoak, udaletako ordezkariak…). Agian aldaketen abiadura ez da zuen gustukoa, baina honelako prozesuak luzeak dira, denen ekarpenak jaso nahi baditugu.

Akusazio eta irainak aldera batera utzita, hemen eztabaidatzen ari dena Gipuzkoaren baserri, mendi eta natur guneen eredua da: zer nahi dugu, zeintzuk diren gure lehentasunak, non dago oreka?

Gipuzkoan dugun paisaia ez da paisaia basatia, gizakion eraginez milaka urtetan moldatutakoa baizik. Gurean ez da gune basati eta gizakiok erabili edo kudeatu ez duenik gelditzen, Aizkorri puntatik hasi eta Hondarribiko kairaino, edo Mutrikutik Aiako Harriraino. Hor ikusten ditugun baso, zelai, soro eta bideak milaka urtetan gure arbasoen eraginez moldatutakoak dira. Gure baserriak Gipuzkoako paisaiaren elementu garrantzizkoak dira. Eta ez argazkietarako soilik, baizik eta gure bizitza, ekonomia, kultura eta «ekologiaren» babesle direlako. Zer nahi dugu, biztanle guztiak hirietan kontzentratu eta larre eta basoak basa animalientzat utzi, edo gure arbasoengandik jaso dugun Gipuzkoa orekatua, non baserritarrek gauzatuko duten hainbestetan aldarrikatzen den elikadura burujabetza?

Jakina da gauza asko ez direla ongi egin, eta gehiegikeriak jasan dituztela gure mendi, itsaso eta ibaiek. Eta horiek konpontzen saiatzen ari gara. Ikustea besterik ez dago gure ibaien osasuna orain, eta nola zeuden gure arro guztiak duela hiru hamarkada. Basoei buruz ere antzeko zerbait esan genezake: XX. mendeko bigarren erdian insignis pinua erabat jabetu zen gure basoez, epe laburreko errentagarritasuna ematen zuelako. Gauzak, ordea, asko aldatu dira, eta gizartearen sentsibilizazio eta kultura ere bai, eta oraintxe bertan Aldundiarenak diren lurretan hostozabalak landatzen ari gara, pinuak zeuden lekuan, eta baserritar asko ere sagastiak, lizardiak eta beste espezie batzuk jartzen ari dira.

Baina honelako aldaketa bat ez da bat-batean gertatzen. Baserri ugari dira basoek ematen dietena ezinbestekoa dutenak beren biziraupena bermatzeko. Aniztasunean eta produktuen kalitatean bilatu behar dute aurrera egiteko giltza. Agian ez da insignis pinua izango, baina lizarra, haritza edo beste espezie batzuk landatu eta kudeatuko dituzte, horrela, gainera, egurra ekoitziz gure beharretarako. Edo hirugarren mundutik inportatu behar dugu egurra gure beharretarako, hango basoek eta hango bioaniztasuna ez zaizkigulako inporta?

Oreka behar dugu, eta hori non dagoen gizarte osoak adostu behar du. Bioaniztasunaren aldeko apustu argia egiten du Aldundiak, inongo zalantzarik gabe. Baina gure baserrien biziraupenaren alde ere bai. Bide berriak eta modu ezberdinak aztertuz, baso politika zuzen eta eraginkorra bideratu nahi dugu, naturaren errespetuan, galdu dugun bioaniztasuna ahal den neurrian berreskuratuz.

Bukatzeko, esango nuke helburuetan bat egiten dugula seguruenez ekologista taldeekin, baina politika aldatu nahi badugu, zentzuz egin nahi dugu. Guztien ekarpenak eztabaidatzeko mahaia eratu, bakoitzak besteen iritziak errespetuz entzun, eta baso politika berria definitzeko bideak jarri, Gipuzkoari eta Bilduren diskurtsoari traiziorik egin gabe, gure arbasoengandik jaso genuen altxorrari traiziorik egin gabe. Oztopoak oztopo, prozesu honetan talde ekologikoak ere bidelagun izatea espero dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.