Aldebakarrekotasuna ala aldebikotasuna?

2016ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Etengabe zabaltzen ari da Euskal Herriko estatus berria sortzeko beharrezkoak diren urratsen eztabaida. Gaur egun, EAEn ematen ari den Autogobernu Ponentziak piztu du aldebakarrekotasuna ala aldebikotasunaren gainean dagoen eztabaida. Baina, bateraezinak dira?

Mamian sartu baino lehen, komenigarria da hurrengo gertakaera gogora ekartzea. EAEri dagokionez, 35 urteren ostean ikusten ari gara Gernikako Estatutua bete gabe dagoela bere oinarrizko arlo batzuetan. Hori gutxi balitz, 1982. urtetik eta PAHLO (LOAPA) onartu zenetik, eskumenen inbasioa ohikoa da. Gero eta argiago dago agenda birzentralizatzaile bat dagoela Espainiako Estatuan. Era berean, Estatu berri baten saiakera tramiterako ere ez zen onartu Madrilen (2004). Horren ostean mahai gainean jarri zen Kontsulten Legea bertan behera utzi zuen Auzitegi Konstituzional epaitegi politizatuak. Nafarroan antzeko zerbait gertatu da. Gainera, kontuan izan behar da Nafarroako Parlamentuan gehiengoz onartutako legeak behin eta berriz errekurritzeko Estatuak daukan joera. Antzeko zerbait gertatzen ari da Kataluniarekin. Euskal Herrian onartzen diren erabaki demokratikoak eta Estatuko nazioen agindu demokratikoak arbuiatzeko Estatuak daukan joera agerikoa da; horretarako, aldebakartasunaren bideari eusten dio.

Euskal Herriko gizartearen gehiengoak begi onez ikusten ditu Kontzertua eta Konbenioa. Erakunde hauek eta Kupoaren negoziazioa «aldebikotasunaren» bidea erabiliz eguneratzen dira. Baina, argi hitz eginda, gaur egun Kupoaren eguneraketa izoztuta dago, Estatuko eta EAEko administrazioek bakoitzak bere estimazioak dituelako. Hau esanda, norbaitek uzte du Kontzertuaren aldebikotasunak bermatzen duela plano bereko harremana? Gainera, ezin dugu ahaztu Estatuko alderdi eta sektore batzuk egitura horien aurka duten kontrako jarrera irmoa. Agerian uzten du horrek erakunde horien hauskortasuna eta ahuldadea. Horrenbestez, «aldebikotasuna» bien arteko harremana berdintasun baldintzetan ematen denean; Espainiako Estatuaren kasuan, ez da horrelakorik gertatzen.

Arrazoi horiengatik eta beste batzuengatik, Euskal Herriko gizartearen gehiengoak autogobernu handiagoko esparru baten aldeko apustua egiten du. Independentistontzat esparru hori Estatu berri batean zehazten da. Baina, nabaria denez, independentistek bultzatu behar dute prozesu independentista. Bide horretan, bultzatu behar dira ibilbide orri bat, argudiategi bat eta, nola ez, beharrezkoak diren baldintzak ahalik eta hiritar gehienak erakartzeko. Horretarako, urrats guztiak positiboak dira, horien barne independentzia materiala sakontzeko ematen direnak (pentsioena eta bestelako eskuduntzak). Era berean, pertsona ahaldundu gisa egunero egiten diren urratsak —norbanakoenak zein kolektiboak— beharrezkoak dira. Horien artean sartzen dira kontsumitzen ditugun produktuak edo parte hartzen ditugun elkarteak. Gertakari horiek gauzatuko dira, eta baldintza egokiak lortuko diragehiengo sozial argi bat Estatu propioaren aldeko jarrera izateraino. Horregatik, prozesu independentistaren ekimena aldebakarrekoa izan behar da.

Prozesu independentistaren ekimena gauza bat da, eta beste bat balizko sezesio prozesurako jarraitu behar den prozedura juridikoa. Bertan, errespetatu behar izango lirateke nazioarteko legedia zein nazioarteko estandarrak. Horrelako prozesu batek behar du izan demokratikoa, baketsua eta negoziatua. Horregatik, aldebikotasuna eta negoziazioa bona fides (fede onez) erabili behar dira horrelako prozesuetan, hain zuzen, prozesu horien oinarria direlako. Gainera, azpimarratu behar da aldebakarreko sezesioa (ilegala izan gabe) ez dagoela ondo ikusia nazioarteko komunitatean. Kasu horietan, frogaren zama sezesionistei eskatzen zaie, eta horiek frogatu behar izango dute prozesuak nazioarteko legedia eta printzipioak errespetatzen dituela. Baina, zer gertatuko litzateke Estatuak, agindu demokratiko argibat egonda, «fede onez» negoziatzeari eta konponbidea bilatzeari uko egiten badio? Kasu horretan, aldebakarreko bideak gero eta zilegiagoak izango lirateke nazioarteko komunitatearen eta gizarte propioaren aurrean. Horrelako remedial seccesion kasuak bezala ezagutzen dira.

Erresuma Batuan, Kanadan eta Serbia-Montenegron jakin izan dute haien sistema konstituzionalak egokitzen independentzia erreferendumak egin ahal izateko. Kasu berezia Serbian daukagu. Kosovoren auzian, konponbide negoziatu baten aurka agertu zen. Jarrera horrek zilegi egin zuen Kosovoko Parlamentuko independentzia aldebakarreko adierazpena (2008). Baina, beste alde batetik, Serbiak Nazio Batuen Erakundean dituen lagunen oposizioak ekidin du Kosovo NBEn sartzea. Montenegroren kasuan, aldiz, zuzenean lortu zuen NBEn sartzea. Estatu baten independentzia bere eraginkortasunean eta lurraldearen kontrolean neurtzen da. Horretarako, estatu berriak lortu behar du ahalik eta estatu eta nazioarteko erakunde gehienen aitortza, bideragarria izateko. NBEn aitortza eta kidetza lortzea da garrantzitsuena. Bestela, Kosovo eta Taiwan gisako estatu batean bihur zaitezke; estatu burujabeak dira, baina nazioarteko harreman mugatuak dituzte.

Azken finean, argi eduki behar dugu prozesu independentista baten ekimena independentistok martxan jarri beharko dugula. Bestaldetik, independentziaren aldeko jarrera gizartean gehiengoarena izatea lortzean, martxan jarriko den prozedurak nazioarteko bide eta printzipio legalak errespetatu behar izango ditu, aldebikotasunarena barne. Hori bai, horrek ez du esan nahi Estatuak beto eskubidea sine die izango duenik. Bide legalak agortu behar dira, ahaztu gabe agintzen dutenak herria eta bere aginte demokratikoa direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.