Aldaketa tranpatsua hezkuntzan

Josean Bueno Pedro Mecho
2012ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Berriki Wert ministroak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta honen ondorengo beste etapa batzuetan ezarri nahi dituen hainbat aldaketen berri izan dugu. Aldaketarik nagusietakoa honako hau da: DBHri 4. ikasturtea kendu eta 3 urtera mugatu, Batxilerra eta Lanbide Heziketako Erdi-Mailako Zikloak urtebetean luzatuz (2 ikasturtetik 3ra). Berehalako balorazio hau egiteko lau gogoetatik arituko gara:

Ikuspegi akademikotik, guztiz ilogikoa dirudi DBHren iraupena murrizteak. Estatuko ikasleen eskola-porrota eta eskola-uzteen tasak kontuan hartuz, ikasle guztien oinarrizko gaitasunen garatze prozesua litzateke babestu eta indartu beharrekoa. Horren ordez, ikasleen banaketa goiztiarragoa lehenetsi da: Lanbide Heziketa eta Batxilergoaren artean 14-15 urterekin aukeratu beharko dute ikasleek. Atzerapausoa, 16 urte arteko derrigorrezko hezkuntza ahultzen duena. Europako hezkuntza helburuei helduz, hasiera batean, 2010.ari eta, halabeharrez orain, 2020. urteko mugari begira, ezinbesteko litzateke oinarrizko konpetentzien lorpen mailak igotzea; batez ere, instrumentaletan (irakurmena, idazmena eta matematika), baina baita beste batzuetan ere (atzerriko hizkuntza eta zientziak). Horrelako neurriekin hezkuntza helburu hauek are urrunago geratzen dira. Eta beste aldetik, non geratzen da Graduatu Titulua, DBHko 4. maila gainditzean lortzen zena, orain arte erreferentziazkoa zena? Azken batean, batxilergoa 3 urtera luzatzeko proposamen erakargarriarekin, Derrigorrezko Hezkuntzaren debaluatzearen ziria sartu nahi digu.

Ikuspegi sozialetik, neurri hau segregatzailea da oso: 15 urterekin ikasleak ezinbestez bereiziko dira batxilerra eta lanbide heziketa aukeratzen dutenen artean. Hau da, antzinako eran: azkarrak ikasketa serioetan hasiko dira, eta atzean geratzen direnek prestakuntza profesionala izango dute irtenbide bakarra; horrela, Lanbide Heziketak nekez lortuko du behar duen prestigioa eta bultzada. Eta Derrigorrezko Hezkuntzan, ikasleen jatorrizko eragozpen pertsonalak eta sozialak konpentsatzeko eta zuzentzeko, eskola eta hezkuntza sistemaren funtsezko zeregina non geratzen ote da? Zer gertatuko da ikasleen aniztasunari aurre egiteko egun ezarrita dauden hainbat neurri emankorrekin, curriculum-aniztasuneko taldeak, eskolaratze programa osagarriak edo hasierako lanbide prestakuntzako programak (PCPI), besteak beste? Oraingoa bezalako krisialdi garaian, dena den, errentagarri suerta dakieke gure agintari politikoei neurri horiek guztiak desagerraraztea eta lanbide heziketa arrunta izatea errefortzuzko neurri bakarra, eta, noski, askoz merkeagoa.

Badago hirugarren ikuspegi posible bat: ekonomikoa, edo, hobeto esanda, ekonomiko-politikoa. Hezkuntza derrigorrezkoa da ikasle guztientzat 6 eta 16 urte bitartean eta ministroak esan du aldaketa horrek ez duela ekarriko derrigorrezko hezkuntzaren tartea aldatzea, dagoen moduan geratuko dela. Eta hona hemen balizko tranpa. Legez, derrigorrezko hezkuntza doakoa da kasu guztietan, ikastetxe publiko nahiz pribatuetan (edo gutxienez izan behar!). Hori dela eta, ikastetxe pribatuek diru publiko mordoa jasotzen dute urtero, derrigorrezko hezkuntzaren doakotasuna beren ikasleei ere bermatzeko. Legezko printzipio horri eutsiz, beraz, hiru urteko batxilerra edota erdi-mailako lanbide heziketa zikloen lehen urtearen kontzertua derrigorrezko bilakatzen da. Baina, orain arte behintzat, batxilerra eta lanbide heziketa ez dira itunduak izan (erkidego autonomo gutxitan izan ezik, gurean, esaterako; eta ez osorik, partzialki baizik). Atea ireki daiteke, ikasleak hasitako hura bukatu nahi izatekotan (eta logikoena dirudi hasitako ikasketak amaitu nahi izateak) diru publikoz ordaindu ez diren hezkuntza etapa bi horiek ere oso-osorik kontzertatzea.

Laugarrenez, Euskal Herriaren hezkuntza errealitatea eta Espainiar Estatuarena erabat desberdinak dira: gure eskola abandonoa / porrota estatuaren erdia baino gutxiago da, gure lanbide heziketa garatuagoa dago, gure batxilergoan matrikula datuak nabarmen altuagoak, gure aniztasunari erantzuteko bideak landuagoak... Eta gainera, guretzat elebitasuna eta euskararen normalizazioa dira funtsezko ezaugarriak; izan ere, euskaraz bizi, ikasi eta lan egitea normalena baita gure eskola gehienetan. Hori guztia ezagututa, nekez balioko digute Espainiako errealitatetik abiatutako neurriak. Horra hor zergatik den beharrezkoa hezkuntza alorrean eskumen osoa aldarrikatzea.

Aipatutakoa ez da Wert ministroak proposatu duen aldaketabakarra: ikastetxeen ebaluazioemaitzak argitaratzea (azkenfinean ranking-a osatuz), irakasleen sarbidean sakoneko aldaketak,irakasleen autoritatea indartzea,ingelesaren ezarketa goiztiarra... ere badaude agendan, adierazi duenez. Badirudi, beraz, irakaskuntzan aritzen garenok zerezkezkatu izango dugula datozen urteotan. STEE-EILASen aldaketa eta proposamen horiek guztiak arretaz aztertzen eta gogoetakritikoa plazaratzen jarraituko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.