Agur eta ohore, Zegamako biktima guztientzat eskubide berberak

2017ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Datorren irailaren 22an 81 urte beteko dira Zegamako Idiakaitz-Goenan jaio zen Eugenio Echeverria Azurmendi frankista-faxistek fusilatu zutela Tolosan. Hurrengo egunean, 1936ko irailaren 23an, Zegamako Galzadamakurran (Txakur-Txulo) jaio eta Ormaiztegin, frankista-faxistek Gregorio Sarasola Arizkorreta fusilatu zutela. Egun berean, 1936ko irailaren 23an, Zegamako Otsaurteko mikelete-maisua zen Zelestino Azurmendi Arrondo fusilatu zuten Aizpurutxoko (Azkoitia) Larregi harrobian... 1944ko urriaren 25ean, Aratz mendian, estatuaren indar armatuek tiroz hil (makia) eta Zegamako kanposantuan lurperatu zuten Sanchez Cordero, deiturarekin erregistro zibilean azaltzen den gizasemea...

81 urte geroago, beraien senideak eta zenbait herritarrek Udalari eskaera egin diogu gure herritar senideak edo gure herrian fusilatu ondoren lurperatuak ereZegamako Udalak errekonozitu ditzan.Izan ere, bi urte luze pasa dira biktima batzuen oroimenez Zegamako Udalak oroimenaren txokoa inauguratu zuenetik(2015-06-07), eta bi aldiz (hitzez, dokumentatuta 2015ean eta idatziz (2016-03-03) eskaera egin dela.

Dagoeneko beste administrazio edo instituzio batzuek gure herritar hauek errekonozituak dituzte frankistek fusilatuak bezala: Tolosa, Olazti eta Legazpiko Udalek, baita Euskal Memoria Fundazioak, Aranzadi Zientzia Elkarteak, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Nafarrokoak ere.

Berriro eskatzen dugu azal daitezen guztiak, 1936. urtean hasitako Estatu kolpearen ondorioz konpondu gabe dugun arazo politikoaren ondorioz kaltetuak izan diren herritar biktima guztiak ere; 40 herritar frontean edo fusilatuak izan zirenak; preso izan genituen 80tik gora herritar; Destacamento Penal de Cegama-n izan genituen ehun bat preso-esklabo errepublikano; Udal, Diputazioko edo beste administrazio batzuetako herritar langile zigortuak edo lanpostua galdu zutenak; ilea moztutakoak... Horiek guztiek ere errekonozitzea eskatzen dugu. Izan ere, zergatik batzuentzat omenaldiak, monumentuak, kale-izenak, oroitarriak eta besteentzat ahanztura? Zegaman, oraindik, Juan Telleria (Cara al Sol) edo Aseguinolaza anaiak, falangistak, kaleen izenak dituzte; Jose Antonio Primo de Rivera edo Caidos por Dios y por la Patria oroitarriak daude... jakina, memoria legea 2007koa da eta agian oraindik aztertzen ariko da gure herriko agintaria.

Lerro hauen bidez herritar hauek gogoratzea ez ezik, errekonozimendua, oroimena, egia, justizia eta erreparazioa ere eskatu nahi dugu, eta frankismoaren biktima guztiei gure aitortzarik sentikorrena eskaini; irailaren 23an, 12:00etan, Zegamako kanposantura bertaratuko garenok egingo dugun moduan.

Bitartean, gure aldetik, memoriaren bidean, egia helburu, agur eta ohore lau fusilatuoi ez ezik, 81 urtez gero konpondu gabe dugun arazo politikoak eragindako biktima guztiei ere. Biktima guztientzat, eskubide berberak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.