25. martxa, Bardeako tiro eremua desegitearren

2012ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Mende laurden, tiro eremua desegiteko bidea ibiltzen, eta, aurrez, urte askoan, helburu berberarekin beste hainbat mobilizaziotan parte hartzen.

Frankismoak ezarri zuen 1951n, 25 urterako, eta beste hainbesterako berritu zuten 1976an, eta bazirudien amaia izan zezakeela, 2001ean, demokrazia bete-betean zela. Horren alde egin zuten Nafarroako buruzagi politikoek demokrazia aldi osoan; baita UPN-PP eta PSNk ere, aho txikiarekin, orain dakigunez. Garai hartan, UPN-PPk erabaki zuen tiro eremuak zazpi urtean baino gehiagoan iraun zezan Bardean, ziotenez, bestelako kokaleku bat aurkitzen zioten artean. Aurrez, Aznarren gobernuak «defentsarako interesgune» izendatu zuen tiro eremu horretako lur saila. PSN, oposizioan izaki, ez zen bat etorri haiekin. Zazpi urte horietan, balizko kokalekuen inguruko hainbat azterketa baino ez zituzten egin UPNk eta PPk. 2008an, artean amaitzeko zegoelarik Defentsa-Bardea hitzarmena, lehenik UPN-PP eta gero baita PSN-PSOE ere —ordurako Espainiako Gobernuan— beste hitzarmen baterako baldintzak negoziatzen aritu ziren, benetan, Bardeako Komunitatearekin, eta urte hartantxe sinatu zuten, abenduan, hurrengo hogei urterako.

Izugarrizkoa izan zen kolpea. Lehenik, zapuztu egin zuelako Bardea bakerako eta ingurumena babesteko eremu bihurtzeko ilusioa, eta agerian utzi lur sail bat Natur Parke eta Biosferako Mundu Erreserba izendatu eta, aldi berean, bonbardaketa militarretarako erabiltzen dutenen faltsukeria. Bigarrenik, amaitua zelako Nafarroako instituzioek Bardeako tiro eremua desegitearren egindako itunen hogeita hamar urteko aldia eta agerian utzia zuelako alderdi politikoen zintzotasunik eza, boterea doi-doi ukitu orduko urratu egiten baitituzte beren asmo adierazpenak. Urte batzuk aurreragotik igartzen hasia zen UPN-PP-PSNren jarrera bateratua tiro eremuaren inguruan —eta Nafarroako gainerako talde parlamentarioaren aurkako jarrera ere bai—, baina ezinago gordin eta garden geratu zen Defentsa-Bardea hitzarmen berria sinatu eta gero. Azkoien izan zen salbuespen ohoragarri bakarra; eremuaren erabilera eta gozamen partekatuko 18 udalerri kideetatik, baiezkoa eman baitzieten guztiek —baita Tuterak, Erronkari-Zaraitzuko eskualdeak eta Oliva monasterioak ere— Bardean benetako sua erabiliz maniobra militarrek egiteak zekartzan gastu izugarriei, gastu horiei zegokiena gizarte helburuetarako eta zerbitzu publikoak hobetzeko baliatu beharrean.

Beste hogei urte, Natur Parkean bonbardaketak egiten; beste hogei urte,entrenamendu hegaldiak egiten, gauez zein egunez, Nafarroako Erriberako eta Aragoiko mugaldeko herri askoren ingurumarietan; beste hogei urte, ekaitz operazioak egiten, su benetakoaz eta simulatuaz, misilak erabiliz, eta ezaugarri eta arrisku ezjakineko armak probatzen. Utzi egin zieten Bardeako tiro eremuan beste hogei urtean aritzen, haren jabetza soila Bardeako Komunitateari lagatzearen truke, eta, batez ere, Ministerioak Bardeako Komunitateari konpentsazio ekonomikoa nabarmen areagotzearen truke. Hurrengo hitzarmena 2008ko abenduan sinatu zuten, eta, aurki, 2009ko apirilean, beste istripu bat gertatu zen, hegaldatu eta gutxira lurra jo baitzuen F-18 batek, Valtierrako hirigunetik eta Erriberako beste hainbat herritatik hurbil.

Hauxe da aurtengo leloa: Osasuna eta hezkuntza bai, gastu militarrik ez. Izan ere, batetik, beren kalitatea galtzeko zorian daude Hezkuntza, Osasuna, Mendekotasun Legea eta beste hainbat zerbitzu publiko; baina, bestetik, botiken ordainketa partekatuari buruzko legeak egiten dituzte, funtzionarioen eta pentsiodunen diru sarrerak eta bizi-kalitatea apaltzeraino eta makina bat pertsona lanik gabe uzteraino. Zenbat kostatzen dira gerrako hegazkinak? Zenbat, probatzen dituzten armak? Zenbat, militar, hegazkin eta armen lekualdatzeak? Zeinen kontra jotzen dute gero? Zein armarekin egiten dituzte probak, benetan, Bardean? Nolako arriskuan jartzen gaituzte «arerioaren aire boterearen kontrako misioak» gauzatzen dituztenean (Aire Armadaren webgunea)? Zer arrisku jasanarazten dizkigute, benetan? Zergatik ez digu inork azaltzen? Ez zuten aurkitu beste kokalekurik, inork ez zuelako nahi bere alboan halako zulo arriskutsurik? Bestela, galde diezaiotela Defentsako ministro izandakoari, Bono jaunari, harexen bidez lortu baitzuten haren lurraldera ez eramatea.

Galdera gehiegi, eta erantzungo dizkigun inor ez. Urte gehiegi, arriskuan eta ilunkerian, inork auzokide izan nahi ez duen instalazio militar baten alboan. Paradoxa gehiegi, Natur Parke eta Biosferako Mundu Erreserba baten erdian. Eta halakorik galarazteko mobilizatzen ez baldin bagara, tiro eremu hori noiz arte arituko da zulatzen Bardea bera, eta inoren kontzientziak eta sosegua? Egia. Izugarrizko kolpea izan zen 2008ko hitzarmena, baina etorri ginen geure onera; ezin utzi diogu tiro eremua paisaiako parte izaten.

Datorren igandean, ekainak 3, Gladysen heriotzaren urteurrena izaki, egin dezagun bakearen, ingurumenaren eta gure segurtasunaren alde: 25. Martxa, Bardeako tiro eremua desegitearren; mende laurden mobilizatzen.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.