Alaitasun malenkoniatsua

BERRIA.
2015eko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Denek entzun dugu eta, topiko arrunta izanagatik, ez da gutxiago benetakoa: Gabon jaiek tristura ematen diote jende askori, eta ez bakarrik etxeko norbait betiko joan delako... Edo beharbada hori da, salbu sentitzen den eskasia lausoagoa dela, orokorragoa. Domu Santuz, zenduak ohoratzen direnean, disimulurik gabe adierazten ahal da dolua.

Besterik da Eguberriz, bere musika, argi, opari eta otorduekin. Horiek guztiek, ostera, ez lezakete jaiaren melankolia ezaba, haurrengan ez ezik. Hilak urrun ez dabiltzan seinalea. Hurbil baina gordeak, Lévi-Straussek inork baino ederkiago azaldu duenez: zenduak zenbat eta isilagoan, hainbat eta ozenagoak haien ordezkoak, umeak kasu honetan. Bien arteko loturan ez da misteriorik:haurrak aingeruak dira eta aingeruak hilak. Haiexek dira festako gomit ohorezkoak.

Orain gozokiez eta jostailuez estaliak dira umeak; antzina, opari xumeagoak jasotzen zituzten atez ate eskeibiltzen zirenean, «Aingeruak gara / Zerutik heldu gara» aldarrikatuz. Domu Santuz ere eske egiten zuten Baztan-Bidasoan; Bretainian bildutasun osoz aritzen ziren heriotzaren kantariak;eta mamu jostari itxuraz Halloween-ekoak.

Jendartean ondo integratu gabe daudenek dute eskatzen: gaztetxoek, txiroek eta zokoratuek, baztertuen baztertuenak diren hilen irudikapena; lehenek honaindiko beharrak ase nahiz, eta besteek berdin, haraindian ere premiak dituztelakoan. Eske lanean laguntzera batzen zaizkie Olentzero, San Nikolas (Santa Klaus) eta abar.

Baina horiek bikoitzak dira beti, noiz onberak noiz ikaragarriak, eta emaile bilakatzen dira gauaz, haurrei sariak edo zigorra ekartzeko, kebidetik sartuta. Bide beretik ei datoz etxeko zenduak eta zenbait zerutar Gaboneko enborraren ondora berotzera eta biziek utziriko jatekoak dastatzera: turroi, bixkotx, patxaran... eta azenarioren bat astoarentzat, edo ganbeluentzat.

Txirikorda bihurritan biltzen dira delako trukaketak: Olentzero moduko batekin hilek bezala eske egiten duten haurrei, opariak ekartzen dizkiete hilek bezala jokatzen duten Eguberriko pertsonai berek. Eta herrialde bakoitzean nortasun propio duten arren, Erdi Aroan lotsabakoki laidoak banatzera ateratzen ziren gazte taldeen ondorengoak dira, segur aski; tropa haiek, hain zuzen, bortizki eta harrabots handian zeru-lurrak zeharkatzen zituen hilen armadarekin lotzen ziren, haien aldean beretter moñoño bat baizik ez baita gure Martin Abade.

Gazte taldeen zein Eguberrien aurrekari Erromako Saturnalia jaiak ziratekeen, orduan ere hilak gogoratzen zirela neguko solstizioan. Hango maskarek, alberdaniak eta ihalozkatzeak Gabonen eta inauterien nahasketa ematen dutela diote, eta ezin uka horren usain zerbait badutela urte zaharreko kotiloiek, festariak mozorrotzen eta txantxetan dibertitzen direnean. Baserri aldean, berriz, astakeria galantak egiten ziren Gabon zaharrean, soroko langak eta goldeak jabearen etxeko balkoian paratu eta horrelakoak.

Badirudi joko horietan dihardutenak libro direla Gabonetako nostalgiatik, haurrak hasteko, oparigileak beste mundutik datozela sinesten dutenarte behintzat. Eta helduak ere tematzen dira gero oparigileen rola antzezten, bi munduen arteko harremanzintzoen lilura mantendu ahalbalezate.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.