Unibertsoa
NASAk Ilargian ura dagoela baieztatu du
Azken behaketen arabera, satelitean izotz erreserba handiak daude, eta baliteke funtsezkoak izatea hara egingo diren misio tripulatuetan, edateko ura lortu ahal izango baita. NASAk asmoa du Ilargirako misio bat egiteko 2024. urtean.
Ura izoztuta mantendu da Ilargiko Clavius kraterrean, Eguzkiak inoiz ez baitu han jotzen.
Fosfanoa topatu dute Artizarrean
Galesko Cardiff hiriko unibertsitateko zientzialari talde batek fosfanoa (PH3) izeneko gasa atzeman du Artizarreko atmosferan. Jakin-min handia piztu du aurkikuntzak, gas hori prozesu biologikoen ondorioz sortzen delako Lurrean. Hala ere, ikertzaileek nabarmendu dute PH3 atzeman izana ez dela biziaren froga sendoa, «baizik eta azaldu gabeko kimika anomalo batena».
Inoizko grabitate uhinik handiena atzeman dute zientzialariek
Bi zulo beltzen bat egitearen lorratza dela adierazi dute adituek. Besteak beste, Albert Einsteinen erlatibitatearen teoria berretsiko luke aurkikuntzak: hau da, espazio-denbora tenkatutako oihal baten antzekoa dela, eta han objektu astunak jartzen direnean desitxuratu egiten dela. Hortik eratortzen dira grabitate uhinak.