Iritziak
Virginia Woolf
Haizea entzuten jakin
New Yorkeko gazteen artean modan jarri den jokaera bati buruz ari da podcast honetan Kirmen Uribe idazlea, sakelako adimendunik ez edukitzeko modari buruz. Pantailen menpekotasunari izkin egiteko beharra sentitzen omen dute gazteek, eta harreman errealagoak edukitzeko nahia.
Euskarazko izenak
Gasteizko epaile batek ez die utzi haur jaio berri baten gurasoei harentzat hautatua zuten izena jartzen: Hazia. Horren harira idatzi du iritzi artikulua Goizalde Landabaso kazetariak, eta euskarazko izenez egin du gogoeta, bere izena dela-eta bere gurasoek izan zituzten arazoekin hasita.
Zenbat kanpaina beharko dira?
Basurtuko ospitalean haur jaioberri bat bahitua izan da, eta Arantxa Iraola kazetariak horren analisia egin du. Haren esanetan, halako portaerak ezingo dira inoiz guztiz saihestu, «baina osasun sistema publiko ahul batekin arriskua handiagoa izango da beti».
Kontatzea zilegi
Annie Ernaux idazle frantziarrak irabazi du 2022ko Literaturako Nobel saria. Eragin handiko idazlea da euskal letretan; euskal autore batek baino gehiagok aitortua du harekiko mira. Tartean da iritzi artikulu honen egilea, Kattalin Miner.
Hizkuntzen sustapena
Irlandan gaelikoaren erabilera sustatzeko pentsatu duten proposamen baten inguruan idatzi du iritzi artikulua Goizalde Landabaso kazetariak. Zehazki, gaelikoz hitz egiten dutenak soilik bilduko lituzkeen auzo bat sortzeko proposamenari buruz. Hainbat zalantza sortu dizkio egitasmoak.
Abortua eta trauma, ebidentzien argira
Elhuyar elkarteko kide Ana Galarragak abortuari buruzko uste zabaldu baten inguruko artikulua idatzi du: abortatzea esperientzia traumatikoa dela emakumeentzat. AEBetan eginiko ikerketa batek erakutsi duenez, ordea, abortatzeko aukera eduki ez duten emakumeek izan dute egoera are traumatikoagoa.
Beroaldiei aurre egiten hasi
Oraindik udaberria zela Euskal Herrian izaniko bero boladei buruz idatzi du analisia Iñaki Petxarroman kazetariak. Klima aldaketaren ondorioz Nafarroan izaniko sute larrien gisakoak gehiagotan gertatzeko arriskua dagoela eta, agintariei neurriak hartzen hasteko eskatzen die.
Agurrak, etenak eta nerabeak
Nerabeentzako euskarazko kalitatezko eskaintzarik ez dagoela eta, kezka agertu du Leire Narbaiza euskara irakasleak 'Gipuzkoako Hitza'-n argitara emandako iritzi zutabe honetan. Horren ondorioz askok euskara gaitasuna galtzen dutela dio.