Iritziak
Selfie
Associated Press berri agentziak munduko hainbat hedabidetan zabaldu zuen argazki bati buruz idatzi du Iñigo Aranbarri idazleak. Zein irudi bilatzen dituzten berri agentziek, nola zabaltzen dituzten, zergatik... hainbat gogoeta bildu ditu idazleak bere iritzi zutabean.
A
A hizkia balitz bezala idatzi du zutabea Andoni Egaña bertsolariak; hizkiaren ikuspuntutik, alegia. «Mina» duela aitortzen du, helduek haurrekin hitz egitean, askotan, ezabatu egiten dutelako esaten dituzten hainbat hitzetatik.
Sendabelarra
Laura Penagos Rodriguez antzezlea hizkuntzen balioaz ari da iritzi zutabe honetan. Hizkuntza baten barruan unibertso oso bat gordetzen dela dio, eta, hori, munduko biztanle guztiona dela.
Traktoreak
Europako hainbat tokitan bezala, traktoreak errepideetara atera dituzte nekazariek Euskal Herrian. Protesta egiteko arrazoi asko dituztela uste du Andoni Egaña bertsolariak.
Pasilloak
Ikastetxe arrunt baten korridoreetan jazo denaren kronika egin du Tere Maldonado filosofia irakasleak, zera aldarrikatzeko: hezkuntza-kalitatea eta elkarbizitza hobetzeko neurriak hartu behar direla. Besteak beste, irakasleei alferrikako lan-kargak kentzeko eskaera egin du.
Euskaldunen pribilegioak
Sare sozialetan bolo-bolo ibili den adierazpen batzuk hartu ditu hizpide BERRIAko kazetari Mikel P. Ansak. Zehazki, Orkoiengo alkateak (Nafarroa) esanikoak: euskaldunak «pribilegiatuak» direla. Arrazoi horrekin argudiatu zuen euskararen erabileran murrizketak egitea udalean.
Klase magistrala
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakasle Unai Artabe Oleak uste du irakasleek alboratu egin dituztela klase magistralak, eta salatu du «irakaskuntza mekanizistarekin» nahasten dela irakasteko modu hori.
Haren irudiko, «hezkuntza modernoak» ezin du gaitzetsi klase magistrala, behar-beharrezkoa baita: «Izan ere, ikasleak ezin ditu ezagutzak hutsetik eraiki».
Likidotasuna gelditu
Egunero ikusten ditugun irudi bortitzei buruz ari da bere iritzi artikuluan BERRIAko zutabegile Goizalde Landabaso kazetaria. Oso irudi gogorrak ikustera ohitu garela uste du, eta horrek zaildu egin dezakeela gertaeren larritasunaz ohartzea.
Argazkiek ezkutatzen dutena
BERRIAko Ekonomia saileko kazetari Aitor Biainek analisia idatzi du influencer-ak protagonista dituen albiste bati buruz.
Izan ere, Espainiako Kontsumo Ministerioak sare sozialetako influencer-ak ikertuko ditu, publizitate legea betetzen duten aztertzeko. Europako Batasuneko publizitate legearen arabera, hartu-eman ekonomikorik izan duten jakinarazi behar dute.