Infografiak
Ehun egun gerran
Errusiak Ukraina inbaditu zuen egunean, ematen zuen Kievera eta Ukraina osora arazorik gabe eta denbora gutxian iritsiko zirela Errusiako tropak, baina ez da hala izan. Ehun egun joan dira otsailaren 24az geroztik, gerra luzatu egin da, eta ez du azkar bukatzeko itxurarik. Negoziazio bideak itota daude, gainera.
Tren Maia, geldirik
Mexikoko Tren Maiaren bosgarren zatian, obrak behin-behinean etenda daude, ingurumen kalteak direla medio. Greenpeacek gobernua salatu du legea «urratu» duelako, eta ohartarazi du litekeena dela ingurumenaren gaineko eragina «konponezina» izatea.
Zortzi elkarrizketatik bat egiten da euskaraz kalean
Soziolinguistika Klusterraren azken azterketaren arabera, erabilerak ez du gorabeherarik izan 2016tik, eta eten egin da 2011tik erakutsi duen beheranzko joera. Araban, Bizkaian eta Lapurdin handitu egin da; jaitsi, berriz, beste herrialdeetan. Haurrek darabilte gehien, eta adinekoek gutxien.
Artikoko harreman politikoak, izoztuta
Ukrainako gerrak arriskuan jarri du ipar polotik gertuen dauden estatuen arteko elkarlana; Errusia ez beste Atlantikoko Kontseiluko gainerako kideek erakundearen jarduna eten zuten oldarraldi militarra salatzeko.
Errusia NATOko kidez inguratuta geldituko da bere mugarik luzeenean.
Euskararen erabilera, gaitasunaren gainetik
Iñaki Iurrebaso soziologoaren arabera, euskararen jakite maila nabarmen apalagoa da sarritan irudikatu izan dena baino; euskararen erabilera, berriz, handiagoa, dagoen gaitasuna eta soilik arrazoi instrumentalak kontuan hartuta legokiokeena baino.
Neurketa egiteko beste irizpide batzuk erabili ditu. Besteak beste, euskaldunak eta erdaldunak bereizten dituen ikuspegitik continuum delakora igaro da, jakite maila desberdina dutenen multzoak bereiziz.
Mediterraneoa Kantauri ertzean
IPCCk Europari buruz egindako azken ikerketan, xehatu dute zer ondorio izango dituen klima aldaketak hurrengo hamarkadetan Euskal Herrian. Mundua hiru gradu berotuko balitz, klima mediterraneoa erruz hedatuko litzateke egungo eremuetatik harago.
Frantzian baino beherago, baina goraka segitzen du Le Penek Euskal Herrian
Ipar Euskal Herrian Emmanuel Macron gailendu da Frantziako presidentetzarako hauteskundeetako bigarren itzulian. Macronek botoen %65,5 eskuratu ditu, 106.017, alegia. Le Penek, berriz, %35,5; hau da, 55.879 boz.
Genozidioa berriz Europan
Bosnia eta Herzegovinako gerra hasi zela 30 urte dira. Garbiketa etnikoak ezaugarritu zuen Bosniako gerra (1992-1995). Azken datuen arabera, 100.000 lagun hil zituzten, eta 20.000 emakume baino gehiago bortxatu. Hainbat lagunek beren herria utzi eta Euskal Herrira ihes egin zuten.
Euskaldunak ziren 1855. urtean Buenos Airesko atzerritar komunitate nagusia
Michael Goebel Berlingo Unibertsitate Askeko ikerlariak mapa batzuk osatu ditu, eta azaldu nongoak ziren Buenos Airesko migratzaileak. Euskal Herria zen jatorri nagusia, Galiziarekin eta Liguriarekin (Italia) batera.