Albisteak

Heriotza zigorra indarrean munduan
Amnesty Internationalen arabera, 2021ean baino %53 preso gehiago hil zituzten. Hildakoen kopuruak nabarmen egin zuen gora hainbat herrialdetan iaz, hala
nola Iranen, Saudi Arabian eta AEBetan. Beste zenbait herrialdek ez dituzte datuak ezagutarazten: Txinak, Ipar Koreak eta Vietnamek, besteak beste.

Hemorroideak: ohikoak bezain isilduak
Odolbilduak dira hemorroideak; uzkian ateratzen diren barize moduko batzuk. Eta gaixotasun ohikoa izan arren, isilpean eraman ohi ditu jendeak. Horien prebentzioan lan egin beharko litzateke, profesionalen ustez. Besteak beste, elikatze ereduan aldaketa bortitzik ez egitea eta ura edatea gomendatzen dute.

Aupa, Maurizia!
Hamaika plazatan jo zuen Maurizia Aldeiturriaga pandero jole bizkaitarrak, eta Euskal Herriko plazandre erreferente bilakatu da.
1936ko gerra hasi aurretik, jaiegun handietako plaza emanaldietan
aritzen zen. Gerrak eten zion ibilbidea, baina 1960ko pizkundearekin berragertu zen berriro. Egungo artista askok hartu dute oinarri haren lana.

75 urte Israel eratu zutela
Maiatzaren 14an 75 urte bete dira mugimendu sionistak Israel fundatu zuenetik. Palestinarrek ondo gogoan dute egun hura: biharamunean Nakba hasi baitzen (hondamendia arabieraz).
Estatu juduaren sorrerak Palestinako arabiarrak
kanporatzea ekarri zuen. 700.000 lagunek baino gehiagok egin zuten ihes
etxetik. Gaur egun, bederatzi milioi errefuxiatu palestinar bizi dira etxera itzultzeko eskubidea zapalduta.

‘Irati’ komikia berrargitaratu dute
Paul Urkijoren izen bereko filmak izandako oihartzunaren harira erabaki du Erein argitaletxeak lana berriro argitaratzea. Juan Luis Landa ilustratzailea eta Joxean Muñoz gidoilaria pozik daude beren pertsonaiek izan duten biziberritzearekin.

'Bizitzaren sekretua', agerian
70 urte bete dira DNAren egitura helize bikoitz bat zela deskubritu zutela. XX. mendeko aurkikuntza garrantzitsu horrek bidea ireki zuen biologia molekularra garatzeko.
Egituraren berri izatearen ondorioz jakin da DNA nola erreplikatzen den, nola gehitzen diren zelula guztiak, nola pasatzen diren geneak herentzian hurrengo belaunaldira...

Datuek frogatzen dute zonifikazioak galgatu duela euskararen garapena Nafarroan
Euskaldunen kopurua gutxi handitu da 2011tik, euskararen ezagutzari buruz Nafarroako
Estatistika Institutuak egin duen ikerketa berri baten arabera. Ondorioztatu dute jaioterriak baldintzatzen duela errealitate
linguistikoa. Izan ere, muga administratiboek mugatuta dago euskararen egoera.

Erregai sintetikoak: kutsadura erregai
Europako Batasunak martxoan onartu zuen errekuntza motorreko autoen salmenta debekatzeko legea, baina ate bat irekita utzi zuen, 2035etik aurrera ere merkatuan egon daitezen: erregai sintetikoak izango dira horretarako giltza.
Autoek erregai horiek erretzean isuriko duten gasa jada atmosferan zegoena litzateke. Beraz, ez da gas kutsagarririk isuriko; ez ez dituztelako, baizik eta gas horien zikloa zirkularra izango delako.

Kazetaritza 'elikagai'
Muskizko institutuko batxilergoko ikasleek kazetaritza landu dute BERRIA Ikasgelarekin elkarlanean, eta elkarrizketa egin diote Maddi Etxeberria Otaegi nutrizionistari.
Kazetaritzak aukera asko eskaintzen ditu aktualitatea baliatuz hezkuntzako curriculumak lantzeko, eta euskarazko egunkaria bide hori aztertzen eta garatzen ari da.