Euskarazko edukiak jasotzeko, Zer Non Ikusi-k aplikazioa sortu du

Orain arte soilik webgunean kontsulta zitekeen euskarazko edukien katalogoa.
Aplikazioan euskarazko musika entzun eta telesail edo webguneak ikusi daitezke, besteak beste. Orain, beste kategoria bat gehitu dute: Euskal Eduki Sortzaileak.
Euskaldun askoren kezka izan ohi da euskarazko edukiak ikusi nahi dituztela, baina ez dakitela non dauden. Hala izaten da familia batzuetan ere, etxeko txikienentzat euskarazko edukiak topatzeko zailtasunak baitituzte guraso edo senide ugarik. Bada, ordea, horri konponbidea emateko egitasmo bat: Zer Non Ikusi. Orain arte, webgunea baino ez zuen Zer Non Ikusi-k. Baina, aurrerantzean, aplikazio bidez ere kontsultatu ahalko da euskarazko edukiak zein plataformatan edo ataritan dauden. Sakelako telefonorako, tabletarako eta telebista adimendunetarako sortu dute ZNI aplikazioa. Martxan da jada, eta, bertan sartuz gero, euskarazko 103.213 eduki ageri dira katalogatuta. Google Play denda digitalean deskargatu daiteke, doan.
Euskarazko 103.213 eduki ageri dira katalogatuta. Google Play denda digitalean deskargatu daiteke, doan.
Zer Non Ikusi-ri esker, bilaketak plataformen arabera egin daitezke, azkeneko nobedadeak zein diren ikusi, eta hainbat kategoriatan dauden edukiak aurkitu. Hain zuzen ere, honako zerrenda hauetan ere aurki daitezke euskarazko edukiak: haurrentzako musika, marrazki bizidunak, telesailak, haurrentzako edukiak, vlogak (bideoblogak), bideojokoak, elkarrizketak, podcastak, telebista saioak, websailak, umorezko edukiak, ikasteko egitasmoak eta sukaldaritzari buruzkoak.
Eduki sortzaileak
Zer Non Ikusi egitasmoaren webgunean sartuz gero, bestalde, kategoria berri bat dago ikusgai orain: Euskal Eduki Sortzaileak. Interneteko sare sozialetan edukiak euskaraz jartzen dituzten eduki sortzaileen katalogoa osatu dute —orain arte ez zegoen halakorik inon—. Egitasmoaren arduradunek, era berean, aukera eman diete erabiltzaileei sortzaile gehiago gehitzeko. «Eta anima zaitez zu ere sareetan edukiak euskaraz sortzera», proposatu diete erabiltzaileei.
Euskal Eduki Sortzaileak kategoria horretan aurki daitezke, besteak beste:
- @arkkuso
- @elemelons
- @aritzganboa
- @barratik_kalera
- @kainakai
- @mirua
- @anepe.acedo
- @ametskarrika
- @begaonegin
- @ladymadimort
- @ekintaekin
Zerrendan dira, halaber, hainbat musikari eta musika talde ere.
Zerrendan da, gainera, @luma tiktokerra —10.000 jarraitzaile ditu—. Pantailak Euskaraz mugimenduko ordezkariek pozgarritzat jo dituzte Zer Non Ikusi-ren bi berrikuntzak, eta @luma-k egindako bideo bat eman dute argitara sare sozialetan.