Zenbat balio du benetan Zarako jertse batek?
Zararako lan egiten duten ekoizleek erdia baino gutxiago jasotzen dute jantzi bakoitzeko, Suitzako ikertzaile talde batek kalkulatu duenez. Ikerketa beren kabuz egin dute, Zarak ez baitie eskatutako informaziorik eman.
Suitzako Public Eye gobernuz kanpoko erakundeak ikertu du Zararen Join Life arropa bilduma. Suitzan erakunde horrek estu hartzen ditu enpresak, errespeta ditzaten giza eskubideak, lan eskubideak eta ingurumena herrialde txiroetan lan egiten dutenean.
Bildumako R-e-s-p-e-c-t jertsea hartu dute adibide gisa. Otis Reddingek idatzi zuen abestia, eta jertse txanodunak haren hitzak idatzita dauzka bizkarrean. Errespetua eskatzen duen langile baten kexa da kanta. «Jertse hori aukeratu dugu moda jantzi oinarrizko eta arrunta delako, inprimatuta daukan respect hitzarengatik, eta Inditexena delako, hau da, moda etxe nagusietako batekoa», esan du ikerketa egin duen taldeko kide batek, David Hachfeldek.
«Langileen soldatekiko zenbateko errespetu dago Zararen jertsean?», galdetu du Public Eye erakundeak. Aurkitu dutenez, erdia ere ez.
Doble baino gehiago irabazi
Ikertzaileek esan dutenez, zuzenean Zarari galdetu zioten zenbat ordaintzen zuten jertse bakoitzeko. Baina, ez zutenez erantzunik jaso, suitzarrak eurak hasi ziren kalkulatzen.
Kalkuluen arabera, Europako Batasunean 22,22 euroan saldu dute jertsea, batez beste. Benetan zer kostatu zaien jakiteko, Indiako kotoi ekoizleengana eta Turkiako arropa lantegietara jo du erakundeak. Izan ere, herrialde horretan josi eta serigrafiatu zituzten jertseak, 2018. urtean. Ikertzaileen arabera, Inditexek ez die zuzenean eskatzen lantegiei arropa egiteko, baizik eta hango enpresa hornitzaile baten bidez. Hornitzaile horri 7,76 euro ordaindu dio Zarak jertse bakoitza, kalkulatu dutenez.
Turkiako lantegiei 1,53 euro ordaindu zieten hornitzaileek jertse bakoitza.
Turkiako lantegiei 1,53 euro ordaindu zieten hornitzaileek jertse bakoitza. Lantegiotako langileek 310-387 euro arteko soldata dute, ikertzaileen arabera; hau da, 2,44 euro irabazten dituzte orduko. Kalkulatu dutenez, bizitzeko moduko soldata bat jasotzeko, gutxienez 6,19 euro kobratu behar lituzkete.
Baina, ekoizpenaren prozesuan oinarrira hurbildu ahala, are okerragoa da egoera. Jertse bat egiteko behar den kotoi landugabearengatik 26 zentimo inguru jasotzen dute Indiako laborariek.
Zarak 4,20 euroko etekina ateratzen dio jertse bakoitzari.
Banatzeko eta saltzeko gastu guztiak kontuan harturik ikertzaileek ondorioztatu dutenez, Zarak 4,20 euroko etekina ateratzen dio jertse bakoitzari; hau da, «ekoizteko prozesuan aritu diren langile guztiek jasotakoaren doblea baino gehiago».
Jatorrizko artikuluak
- Zenbat balio du benetan ZARAko jertse batek? Edu Lartzanguren | |