Zeelanda Berriak lege bat onartu du 2009tik aurrera jaiotakoei erretzea debekatzeko
Belaunaldi berriei tabakoa erretzeko debekua ezartzen dien lehen herrialdea izango da. Debekua betiko izango dela adierazi dute agintariek.
2009ko urtarrilaren 1etik aurrera jaio direnek ezingo dute erre Zeelanda Berrian. Gobernuak tabakoaren kontrako lege berri bat onartu du, eta, besteak beste, erretzea debekatuko die datorren urtean 14 urte betetzen dituztenei eta horien ondoren jaiotakoei; ez, ordea, helduagoei. Betiko izango dute debekatua, gainera, eta, araua hausten duenarentzat, 150.000 dolar zeelandaberritarreko isunak aurreikusten ditu (92.000 euro inguru). Urtarrilaren 1ean sartuko da debekua indarrean. «Ziurtatu nahi dugu gazteak ez direla erretzen hasiko, eta horiei tabakoa saltzea delitu izango da», adierazi du Ayesha Verrall Osasun ministroak.
«Ziurtatu nahi dugu gazteak ez direla erretzen hasiko, eta horiei tabakoa saltzea delitu izango da».
Zeelanda Berrian helduen %8k erretzen dute tabakoa egunero. Duela hamar urte, orain halako bi ziren, eta duela urte eta erdi, %9,4k erretzen zuten. MaoricloseZeelanda Berriko jatorrizko etnia.
en artean, erretzaileen tasa %20 da. Datua behera egiten ari den arren, 2025. urtetik aurrera tabako kerik gabeko herrialde bat izatea jarri nahi du helburutzat gobernuak. Debekuak, ordea, ez die eragingo zigarreta elektronikoei, eta horien erabiltzaileak geroz eta gehiago dira, tabako erretzaileen beherakadaren gainetik.
Tabako saltokien murrizketa
Erretzeko debekuaz gain, beste neurri batzuk ere onartu dituzte. Zigarreten nikotina kantitatea murriztu egingo dute tabako produktu guztietan. Gainera, tabakoa erosteko saltokien kopurua %10era murriztuko da. Gaur egun, 6.000 saltokitan eros daiteke tabakoa, supermerkatuak barne. Datorren urtetik aurrera, 600 izango dira, denak saltoki espezializatuak.
«Urteetan, negozioa egiten utzi diegu tabako konpainiei, euren produktu hilgarria are eta adiktiboagoa eginez. Nazkagarria eta arraroa da: arautuago dago sandwich baten salmenta, zigarreta batena baino», adierazi du Verrallek. Gaineratu du lege berriarekin milaka pertsonak bizitza luzeagoa eta osasuntsuagoa izango dutela eta osasun sistemak, bestalde, tabakoak eragiten dituen gaitzei aurre egiten gastatzen dituen 5.000 milioi dolar zeelandaberritarrak aurreztuko dituela (3.049 milioi euro).
«Urteetan, negozioa egiten utzi diegu tabako konpainiei, euren produktu hilgarria are eta adiktiboagoa eginez. Nazkagarria eta arraroa da: arautuago dago sandwich baten salmenta, zigarreta batena baino».
Jatorrizko artikuluak
- 2009tik aurrera jaiotakoei erretzea debekatuko dien legea onartu du Zeelanda Berriak Jon Ordoñez Garmendia | |