Hainbat marrazkilarik Zakilixut pertsonaiaren 60 marrazki baino gehiago zabaldu dituzte sarean. Nork bere erara marraztu du BERRIAren azken orriko pertsonaia. Sare sozialen bidez zabaldutako erronka hori, azkenean, Zakilixuten egile Antton Olariagari egindako bat-bateko omenaldi bihurtu da.
Zakilixut 1977. urtean agertu zen lehenbiziko aldiz, Egin egunkarian. 1990. urtean, Euskaldunon Egunkaria-n argitaratzen hasi ziren haren zintak, eta, 2003az geroztik, BERRIA egunkarian kaleratzen dira egunero, azken orrian.
Joseba Larratxe Josevisky marrazkilariak Zakilixuten irudi bat jarri zuen Twitterren, eta mezu bat: «Marraztu hau zure estiloan». Jarraian, Euskal Herriko marrazkilari eta irudigile anitzek heldu zioten erronkari, pertsonaia mitikoa bere egin eta beren bertsioa sareratuz: 60 irudi baino gehiago jaso zituen. Larratxek ez zuen espero halako erantzunik: «Euskal komikiari gorazarre egiteko saio hau Antton Olariagaren aldeko omenaldi bat bihurtu da azkenean».
Joseba Larratxe @josevisky
Erronkari heldu zioten, besteak beste, Ainara Azpiazu Axpi-k eta Irati Merino IratINK irudigileek. «Oso era naturalean» atera zitzaion Merinori: «Ez nuen gehiegi moldatu; nahiko irudi fidela egin nuen, eta, gero, nire gauzak: arkatzaren askatasuna eta ehundura batzuk».
Ainara Azpiazu @ainara_axpi
Azpiazu denborarik gabe zebilen. Ez zuen askorik sakondu, eta berehala egin zuen irudia. Nork bere ikuspegitik berrikusi behar zuenez, sexua aldatu zion Azpiazuk Zakilixuti. Baita izena ere: Klitorixut.
Olariaga, eskertuta
Interneten Zakilixuten irudi bat bestearen atzetik kargatzen zen bitartean, Antton Olariagak ez zuen arrastorik ere zer gertatzen ari zen. Bera ez dabil sare sozialetan, eta biharamunean jaso zituen irudiak ordenagailuan. Irudi guztiak ikusi gaberik erantzun die galderei, eta onartu du denetarik dagoela: batzuk gehiago gustatu zaizkiola, eta beste batzuk gutxiago. Hala ere, iritzi orokor bat eman du: «Iruditu zait grafikoki nahiko kontserbadoreak izan direla; ausartagoak espero nituen, iraultza handiagoa espero nuen».
Unai Gaztelumendi @ugaztelu
Nolanahi ere, aitortu du poztu egin dela, eta ez dela inolaz ere deseroso sentitu. «Zuk egindako zerbaiten inguruan lanean jarri dira besteak. Disfrutatzeko balio badu, niretzat zoragarri».
Larratxek balio handia eman dio Olariagaren lanari: «Euskal komikiaren giltzarria izan da. Olariagarengatik ez balitz, nik segur aski ez nituzke komikiak euskaraz egingo. Ereduak oso garrantzitsuak dira, eta, nire belaunaldiarentzat, Olariaga, Asisko, Mattin eta Zaldieroa ereduak izan dira guk ere komikiak euskaraz egin genitzakeela ulertzeko».
Jatorrizko artikuluak
- Zenbat aburu, hainbat Zakilixut Iker Tubia | |