Zaintzeko beste modu bat aldarri

  • Albistea entzun

Pandemiak agerian utzi du zaintza guztiz beharrezkoa dela eta, aldi berean, egungo eredua agortuta dagoela, feministen aburuz. Hori dela eta, zaintza sistema publiko baten inguruko aldarria zabaltzen ari da mugimendu feministan.

Mugimendu feministak aspaldi salatu zuena berretsi du izurriak: oro har, zaintza lanak emakumeen gain erortzen dira, etxeko eremu pribatura, eta, hala, egiteko horiek ez dira aintzat hartzen, ez sinbolikoki, ez ekonomikoki; familiatik kanpoko zaintza, gainera, negozio bilakatu da. Lelo nagusia izan da aurtengo Martxoaren 8ko protesta askotan.


COVID-19a Euskal Herrira iritsi zenetik bi urte bete diren honetan, kontraesan bat ikusten dute feministek: izurrian zehar inoiz baino gehiago hitz egin da zaintzaz, baina oso neurri gutxi hartu dituzte instituzioek. Honela dio Miren Aranguren Emagin ikerketa zentroko kideak: «Agerian geratu da zaintza lanak derrigorrezkoak direla, baina azkar ahaztu zaigu; ez da islatu eskubideetan, erantzukidetasun politiketan, gizonen inplikazioan...».

Mari Luz Esteban EHUko antropologo eta Basauriko (Bizkaia) Emakumeen Taldeko kidearen ustez, «ematen zuen aldaketa politiko bat etor zitekeela, baina diskurtsora mugatu da; lan esentzial izendatu zituztenei kasu gutxi egin diete, zaintzarekin lotutako neurririk ez da jarri, eta pribatizazioan sakondu da: nazioarteko funtsen inbertsioa bideratu da zaintzara... Negozio eremu bihurtu da».

«Duela bi urte, esaten genuen kolapsorantz zihoala gure zaintza erregimena, baina, orain, kolapsatzen hasi da».

Naia Torrealdai (Bilgune Feminista)

«Duela bi urte, esaten genuen kolapsorantz zihoala gure zaintza erregimena, baina, orain, kolapsatzen hasi da», erantsi du Bilgune Feministako kide Naia Torrealdaik. Horren adibide, zahar etxeetan gertatutakoa: «Jendea hil egin da, ez direlako bermatu bizitza horiei eusteko bitartekoak». Pandemian azaleratutako errealitate horrek eragin handia du mugimendu feministaren egungo jarreran, Estebanen aburuz: «Denbora asko egin dugu zaintza kontzeptuaz hausnartzen, gogoetari berari eman diogu garrantzia, eta, nolabait, bigarren lerroan utzi dugu sistema publikoaren aldeko aldarria. Orain, behartuta gaude: zerbitzu publikoak eraistencloseBirrintzen, kentzen. ari dira».

Zaintza eredua eztabaidagai

Baina nolako zaintza eredua nahi du mugimendu feministak? Hirurek aitortu dute zalantza asko daudela eztabaidan. Besteak beste, zaintzeko betebeharraren eta ez zaintzeko eskubidearen arteko orekaz hausnartu beharra ikusten du Estebanek, zaintza sistema publikoarekin estuki lotuta dagoelakoan. Izan ere, zaintzari buruzko diskurtsoan, batzuetan, «idealizazioa, erromantizazioa, sentimentalizazioa» gailendu direla uste du: «Feministontzat, askotan, zaintzaz aritzean diruaz hitz egitea deserosoa izan da; gehiago hitz egin dugu zaurgarritasunaz, baina ematen du ez dugula gura zaintzaz hitz egin termino ekonomikoetan, eta beharrezkoa da».

«Zaintzari buruzko diskurtsoan, batzuetan, idealizazioa, erromantizazioa, sentimentalizazioa gailendu dira».

Mari Luz Esteban (EHUko antropologoa eta feminista)

Naia Torrealdairen ustez, «bi eskaera ezinbesteko dira zaintza lanak duintzea eta zaintza unibertsalizatzea; paradigma aldatu gabe, ez dira beteko». Ildo horretan, Bizitzak Erdigunean koordinakundean ari dira eztabaidatzen zaintza sistemak nolakoa izan behar duen: «Zaintzarako eskubide unibertsala gauzatzeko, sistema publikoaren aldeko apustua egiten dugu, baina uste dugu lan batzuk ezin direla esternalizatu, eta hor komunitateaz berba egin behar dugu: zelan banatu lan horiek berriro feminizatuak izan ez daitezen».

Jatorrizko artikuluak