Xabier Agote: «Euskaldunak hainbat mendez baliatu ziren balea arrantzaz»
Euskaldunek itsasoari buruz zeukaten jakintza «sekulakoa» zela nabarmendu du Xabier Agote (Donostia, 1964) Albaola Itsas Kultur Faktoriako presidenteak, eta hori transmititzen saiatzen direla Albaolan ere, euskaldunak «aitzindariak» izan baitziren.
Zer garrantzi izan zuen balea arrantzak Euskal Herrian?
Mendeetan, erabatekoa. Maila industriala izan zuen jarduera izan zen. Balea olioa ekoiztea zen helburua, eta olio horrek sekulako garrantzia zeukan, besteak beste, erregai gisa erabiltzen zelako. Garai hartan eros zitekeen erregairik onena zen, batetik, indar handiena zeukalako, eta, beraz, gehien argiztatzen zuelako, eta, bestetik, ez zuelako kiratsikcloseUsain txarrik. botatzen, eta ez zituelako paretak zikintzen. Beraz, luxuzko produktua zen.
Nolakoa zen olio hori egiteko prozesua?
Oso konplexua. Batetik, balea arrantzatzeko gaitasuna izan behar zuten; bestetik, produktua sortu behar zuten; eta, azkenik, merkataritza sare handi bat behar zuten Europan zehar. Hori guztia zeukaten euskaldunek mendean, eta modu esklusiboan, gainera: ez zuen beste inork hori egiten. Euskaldunak ziren hori hornitzen zuten bakarrak.
Hasieran, Euskal Herrian arrantzatzen zituzten baleak, baina, gerora, nazioartean ere aritu ziren, ezta?
Kantauri Itsasoan hainbat mendez aritu ondoren, halako batean, erabaki zuten jarduna urrutira eramatea: Ternua, Norvegia, Islandia... Leku horiek oso leku latzak dira, horraino iritsi behar da, ez da batere erraza, oso itsasontzi onak izan behar dituzu. Baina arrisku hori hartzeko gaitasuna zuten, eta, horren ondorioz, diru asko sartzen zen Euskal Herrian. Itsasoa beti izan da aberastasun iturri handiena Euskal Herrian, XVIII. mendearen amaiera edo XIX.aren hasierara arte.
«Itsasoa beti izan da aberastasun iturri handiena Euskal Herrian, XVIII. mendearen amaiera edo XIX.aren hasierara arte».
Eta gainerako herrialdeentzat irakasle lanak ere egin zituzten.
Beti nabarmentzen dugu guk kanadarrek adierazi zigutena: euskaldunek sortu zutela Ipar Amerikako lehen jardun industriala, duela 500 urte. Europarrek ere euskaldunak kontratatzen zituzten, haiengandik ikasi ahal izateko. Balea arrantza izan da itsasoan egon zitekeen jardunik zailena eta arriskutsuena, eta euskaldunak horren maisuak izan ziren.
Aberastasun handia zekarrenez, ospakizun handia izango zen herriarentzat.
Asko, bai. Pentsa, olio barrika bakoitzak 214 litro inguruko edukiera zuen. Duela gutxi, National Geographic-ek kalkulatu zuen barrika bakoitzak gaur egun balioko lukeela 7.000 dolar inguru. Adibidez, San Juan baleontziaren edukiera 900 barrikakoa zen, eta kalkulatu genuen sei milioi eta erdi dolar balioko lukeela. Beraz, sekulako dirutza zen hori, eta horregatik hartzen zituzten horrelako arriskuak.
«'San Juan' baleontziaren edukiera 900 barrikakoa zen, eta kalkulatu genuen sei milioi eta erdi dolar balioko lukeela».
Orion 1901. urtean gertatutakoa ohikoa izan zen? [Bizkaiko golkoan arrantzatu zuten azken balea izan zen Oriokoa (Gipuzkoa)]
Ez, Orion gertatutakoa zerbait anekdotikoa izan zen, garai horretarako ez baitziren baleak harrapatzen. Agertu zenean, beroaldi hori izan zuten, eta erabaki zuten balea harrapatzea, baina dagoeneko ez zuten ezagutza hori, galdua zuten. Egun horretakoa izan zen azkena, baina ez da kate horren katebegi bat.
Gaur egun, ez da begi onez ikusiko balearen arrantza ospatzea...
Gauzak ez dira nahastu behar. Ziur nago Orion ez dagoela inor gaur egun baleak hiltzearen alde. Baina hori gaur egungo testuingurua da, itsasoa erabat txikituta dagoelako, gu beste modu batean bizi garelako, eta beste erregai batzuk daudelako, beste energia iturri batzuk. Duela 500 urte, ordea, mundua bestelakoa zen, itsasoa oso oparoa zen, bizimodua eta bizitza latzak ziren, eta mugitzen ez zena atzean gelditu eta gosez hiltzen zen. Beraz, ez dauka zerikusirik duela mende batzuk gertatutakoak gaur egun gertatzen denarekin.
Jatorrizko artikuluak
- «Euskaldunak hainbat mendez baliatu ziren balea arrantzaz» Ane Insausti Barandiaran | |