Wikipedia euskarazko bideo pedagogikoak zabaltzen hasi da

  • Albistea entzun

‘Ikusgela’ izena du proiektuak. Jada bi lan aurkeztu dituzte: Hannah Arendt eta Simone de Beauvoir pentsalariei buruzko bi bideo. Haien webgunean ez ezik, Youtuben ere ikusgai edukiko dituzte ikasleek eta gai horietan interesa duten guztiek.

«Sarean euskararen presentzia areagotzea eta euskarazko Wikipedia osatzea» dira Ikusgelaren helburuak, euskarazko Wikipediak abiatu duen proiektu berriaren asmoak. Azalpen bideo pedagogikoak landuko dituzte, eta libreak izango dira edukiak. Proiektuak badu webgune bat (Ikusgela.eus), baina Wikipedian bertan ere emango dituzte bideoak, eta Youtuben kanal bat sortu dute. Sare sozialen bidez ere zabalduko dituzte ikus-entzunezkoak.

«Beste hizkuntza batzuetan badaude halako atariak edo proiektuak, baina euskaraz ez. Bada, hutsune bat betetzera dator Ikusgela», azaldu du Ander Bolibarrek (Bergara, Gipuzkoa, 1989), proiektuko kideetako batek. «Izan ere, gazteek Youtuben eta Wikipedian egiten dituzte bilaketa gehienak, eta, beraz, horrelako ikus-entzunezkoak erdaretan kontsumitzen dituzte».

«Iruditzen zaigu euskal gaietan ere badugula ekarpen bat egiteko. Azken batean, guk hemengoa kontatu ezean...».

Ander Bolibar (Ikusgela)

Egitasmoa irailean hasiko da indartsuago, eskoletako ikasturte berriarekin. Filosofiari buruzkoak egin dituzte lehen bi bideoak, baina jakintza esparru gehiagotan arituko dira irailetik aurrera, beti azalpen bideo pedagogikoak eginez. «Are, iruditzen zaigu euskal gaietan ere badugula ekarpen bat egiteko. Azken batean, guk hemengoa kontatu ezean...».

Kasu batzuetan, animazio teknikak erabiliko dituzte; beste batzuetan, aurkezle batek gidatuko ditu. Hiru Damatxo ekoiztetxearen laguntzarekin ari dira bideoak egiten.

Lehenak, bi emakume pentsalari

Hannah Arendt eta Simone de Beauvoir pentsalariei buruz ondu dituzte lehen bi bideoak. Izan ere, lehen aldiz Hego Euskal Herrian, unibertsitatera sartzeko ebaluazio azterketan sartu dituzte bi autore horiek. Agora filosofia elkartearen eta EHUko Joxe Azurmendi katedraren laguntzarekin osatu dituzte bideoen edukiak.

Hannah Arendt

1906an jaio zen, Hannoverren, Alemanian, jatorri juduko familia jaso eta jantzi batean. Oso txikitatik antzeman zuen judu izaera horrek desberdintzen zuela. 1941ean, New Yorkera jo zuen bere bizitza berregiteko aukeraren bila. Pixkanaka aurkitu zuen bere lekua: garai hartako zirkulu intelektualetan murgildu zen, eta unibertsitateko irakasle izan zen. 1975ean hil zen, Gerra Hotzean.


Simone de Beauvoir

Filosofoa, saiakera idazlea, nobelagilea, idazlea, kazetaria… hori guztia izan zen Beauvoir. Gaur egun, feminismo garaikidearen oinarrian dauden hainbat ideia garatu zituelako ezagutzen dugu nagusiki.


Jatorrizko artikuluak