Urtebete

Onintza Enbeita |
  • 168 hitz
  • Albistea entzun

Urtebetean COVID-19ak eragindako pandemiak gizartean izan duen eraginaz idatzi du Onintza Enbeita bertsolariak. Herritarrek izan dituzten zenbait jokaera kritikatu ditu, eta kezka agertu du pandemian galdu diren eskubideen inguruan.

Ez gara duela urtebete baino pertsona hobeak. Zoragarria izan zen planetako edozein bazterretatik zerua ikusi ahal izatea, baina muga perimetrala kendu eta sei egunera auto ilarak eragin ditugu kostarako bide guztietan. Behar dugu hiritik atera, beharrezkoa dugu arnasa hartzea. Zaurgarritasunarekin enpatizatu genuen, baina urtebetean ez dugu ikasi geu ere zaurgarriak garela. Ez gara ohartzen izurriaren ostean gauzak aldapa gora izango ditugula, eta ez dugu ulertu nahi emozionalki zein gaizki gauden. Osasun publikoko langileei txaloak jo genizkien egunero; orain, ordea, ordaindu genezakeen diru kopuru baten truke, gustura txertatuko ginateke edozein klinika pribatutan. Badakigu jende asko gorriak ikusten ari dela, baina diruz ordaindu daitekeena...

Ez; ez gara duela urtebete baino pertsona hobeak. Ondokoak gaizki egiten duena salatuz husten dugu gure frustrazioa. Denok gara polizia, denok epaile, denok zientzialari. Gizateriaren zera txarrik gehienak berreskuratu ditugu: geurekoikeria, inguruarekiko begirunerik eza, abiadura zoroa... Zenbait eskubide berreskuratzea baino ez zaigu falta. Bai, badakit eskubideok berreskuratu egingo ditugula izurritea bukatzean. Ez dakidana da horrela, besterik gabe emango dizkiguten edo berriro borrokatu beharko dugun haien alde.

Jatorrizko artikuluak

  • Urtebete Onintza Enbeita | BerriaIkasgela |