Umeak umeagotzen zituzten lurralde batean...
Polemikagai izan da azken asteetan Roald Dahl idazle galestarra, haren zenbait lanetatik —asko haur eta gazte literaturako liburu ezagunak— ustezko hizkera «iraingarria» ezabatzen ari direla eta. Anjel Lertxundi idazleak auzi horri buruz idatzi du iritzi zutabea, literaturaren eta haurren alde jarriz.
Gure arimaren iluna.
Roald Dahl-i buruzko zalaparta bukatu dela ematen du. Ez da bukatu. Aitzitik: tranpa doblea egin du editoreak Dahlen liburuen bina edizio eginez, originala eta zentsuratua. Horrela, salmenta gehiago, eta aupa sosak!
Editorea adarjotze horretara iritsi aurretik afera artean pil-pilean zegoenean Roald Dahl defendatzeko ziren protesta guztiz gehienak. Idazlearen espresio eskubidea zen artikulu eta arrazoiketa nagusien muina, eta auziaz idatzi diren testu hoberenen entresaka batek asko emango luke zuzentasun politikoak egungo kulturan duen eraginaz. Kontrastez, ordea, asko harritu nau zein gutxi hitz egin den umearen irakurle eskubideen defentsaz eta defentsan.
«Asko harritu nau zein gutxi hitz egin den umearen irakurle eskubideen defentsaz eta defentsan».
Gure arimaren ilunpeetan argi egitea da literaturaren eraginetako bat, agian nagusia. Areago umeen esperientzian: eskarmentu faltarengatik, biluzik daude bizitzaren aurrean, eta literatura bidaidecloseBidelagun. aparta da. Ai, baina!: oso bide-bazterretik aipatu dira aipatu direnean umeen eta nerabeen irakurle eskubideak, Dahlen liburuak irensten zituzten eta dituzten irakurleen defentsan. Apenas idatzi den Dahlen liburuen zentsurak zuzentasun politikoaren izurriteak adin-galga horri eragiten dion kalteaz.
Ume irakurleen eskubideen aldeko manifestu bat da auzi horri buruz irakurri dudan testu bakancloseUrri.etako bat. Galtzagorri elkarteak plazaratua, laburra da testua, mamitsua bere laburrean. Haur eta gazte literatura baten alde du izenburu. Manifestuaren lehendabiziko puntuak dio hiru hitz soilen irmotasunarekin: «Haurrak errespetatuko ditugu». Horren ondoren, sormen-askatasunaren defentsa egiten du manifestuak eta zentsura eta zuzentasun politikoa arbuiatucloseGaitzetsi.. Segidan dator, niretzat, interesgarriena: umeentzako liburuen merkatua oso oparoaAberatsa, ugaria. den arren, oparotasun horrek mozorrotzen duen pobreziaren arriskuak seinalatzen ditu manifestuak. Testuen ugaritasunaren eta haien maila kaskarraren arteko kontrasteak testuen aniztasunari eragiten dio nabarmen, eta, aldi berean, askatasun artistikoa eta kritikarako gaitasuna ahultzen ditu umeen formazioan: «haurrak babestea ez da munduaren eta gure arimaren iluna ezkutatzea» dio manifestuak.
Ezin argiago. Arimen ilunpeetan ere begiratzen irakastea da helduok haurrei eskain diezaiekegun babes handiena. Haurrak babestea da haurrei esatea mundua ez dela perfektua, ikasi egin behar dela mundu ez perfektu honetan bizitzen, ibiltzen eta baita sufritzen ere. Baina umeen irakurketetan hori guztia gozo-gozo zentsuratua baldin badago, ume kaskarincloseInozo, buruarin. defentsarik gabeak egiten ari gara.
«Haurrak babestea da haurrei esatea mundua ez dela perfektua, ikasi egin behar dela mundu ez perfektu honetan bizitzen, ibiltzen eta baita sufritzen ere».
Kakanarru moñoñoak omen.
Roald Dahlen testuak zuzentzen-edo aritu direnak umeen kontra aritu dira, zentsuratu eta hondatu egin dituzte idazlearen lanak. Gizartearen, familiaren, hizkeraren biguntasuna zorrotz salatzen duen literatura da Roald Dahlen ezaugarrietako bat. Horregatik erauzi closeZerbait bere lekutik indarrez atera.nahi izan dute Dahlen transgresioacloseAgindu, betebehar, lege edo ohiturak ez betetzea. testuetatik: operazio guztiaren helburua ez da izan testu originalaren indarra desaktibatzea baino. Aspalditik datorren kontua da haur literaturan.
«Operazio guztiaren helburua ez da izan testu originalaren indarra desaktibatzea baino. Aspalditik datorren kontua da haur literaturan».
Errealitatea ezkutatzeko biguntzen den testu bat zentsura da beti. Irakurleen kaltetan eta ume eta helduen irakurketa librearen eskubidearen gainetik jartzea, umeak ezertaz jabetzen ez diren kakanarrucloseTxikia. moñoñoclosePolita.tzat hartzea zentsurarik ez omen dagoen demokrazietan.
Ideologia politikoki zuzenak neutraltzat —birjinatzat, asmo txarrik gabetzat— dauka bere jokabidea, baina ez dago engainu tranposoagorik. Zuzentasun politikoak besteak—kasu honetan Dahl, umeak, literatura— bere neurri moralistetara ekartzea du helburu, ertzik gabeko mundu gozo batera, botere-klase betikoari eusten dion konbentziocloseLege edo arau.ra. Politikoki zuzenak idazleak isilarazi nahi ditu, umeak txepeldu eta haien adimena bezatucloseOtzandu. literatura karikatura hutsa bihurtzearen bihurtzez. Zuzentasun politikoaren atzean beti dago interes askotariko hipokrisia misiolariren bat ardi otzanen larruarekin mozorrotua.
«Zuzentasun politikoak besteak bere neurri moralistetara ekartzea du helburu, ertzik gabeko mundu gozo batera, botere-klase betikoari eusten dion konbentziora».
Utikan errealitateari!
Erremerrea naiz eta zer? Despistatu hutsa naiz aspalditik, eta zer? Gorra naiz, eta zer? Zaharra ere banaiz, eta zer?
Zer egin nahi da halako jendearekin? Hitzak mozorrotzeak aldatuko nau erremerre, despistatu, gor eta zahar izatetik? Giiizenak eta flaaakoak, giiiza puskak eta naaanoak apartatuko ditugu bizitzaren ispilu omen diren literaturatik eta filmetatik? Disparatea areagotzen doan neurrian, Altxorraren Uharteko piratak desagertuko dira mapatik, zeren «o!, o!, o!, botilan rona, o!, o!, o!» piratak zer ziren ba mozkorrak! Ipuin klasikoetan diren eta ez diren amaorde bihozgabe, amona petral, aitona zurruterocloseEdale., osaba ehiztari, guraso axolagabe guztiak desagertuko dira errealitatearen mapatik. Utikan errealitateari, gora gezurraren erresuma!
«Testuak zentsuratzea bizitzaren eta mundu-martxaren dinamika existituko ez balitz bezala jokatzea da ideien, hizkuntzen, portaeren eboluzioan».
Stevensonen, Dickensen, Ursula Wölfelen, Gianni Rodariren, Christine Nöstlingerren, Roald Dahlen testuak zentsuratzeak lehena ukatzea dakar, bizitzaren eta mundu-martxaren dinamika existituko ez balitz bezala jokatzea da ideien, hizkuntzen, portaeren eboluzioan. Baina horrek guztiak zer axola dio zentsura eskrupulosoaren atzean babesten den diruzale eskrupulu gabe bati?
Umetan irakurri nituen Dickensen Dorrit txikia eta Oliver Twist. Transmititu zidatena, miseriaren aurreko errukiacloseGupida. eta pertsonaien autonomia pertsonala da. Giro gogorra dut gogoan, ahaztuak ditut peripeziak. Zeramikazko pieza fin-finak bihurtu nahi ditugu umeak, ohartu gabe gero eta finagoak, orduan eta hauskorragoak izango direla. Eta liburuetatik gizen, zorritsu, hitz-totel, zerri-pertza edo hanka-oker kentzen ari garen bitartean, umeari dena irakurterraza, dena eramangarria, dena gozo-zopa bihurtua ematen ari garen bitartean, istorio lehor bezatuak euskara lehor bezatuan ematen dizkiegun bitartean, bitarte horretantxe hain zuzen, algoritmoak mundu paralelo bat eraikitzen eta eraikitzen ari dira, bitarte horretantxe umeek oso ate zabal-errazak dauzkate eskura mundu digitalean sartu eta eremu arriskutsuenetan nabigatzeko. Guk hamasei urterekin ere usaintzen ez genituen errealitateetan zabukacloseBalantzaka. hasteko trepetacloseAparatu.k dituzte eskura. Zuzentasun politikoak ez dio ezer umeentzat drogen edo apustuen atzaparra bezain irmoa izatera iritsi litekeen adikzio digitalaz.
«Istorio lehor bezatuak euskara lehor bezatuan ematen dizkiegun bitartean, algoritmoak mundu paralelo bat eraikitzen eta eraikitzen ari dira».
Jatorrizko artikuluak
- Umeak umeagotzen zituzten lurralde batean... Anjel Lertxundi | |
- Dahl XXI. mendera ekartzea Itziar Ugarte Irizar | |