Ukrainarrak, poloniarren babesean
Amagoia Mujika Tolaretxipi BERRIAko berriemaile berezia Ukraina eta Polonia arteko mugan izan da, Dorohusken, gerratik ihesi datozenen testigantzak biltzen.
UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, «mende honetako errefuxiatu krisirik handiena» da. Dagoeneko milioi bat ukrainarrek utzi dute herrialdea; egun bakar batean [martxoaren 2an] 200.000 lagun irten ziren Ukrainatik.
Zehazki, 1.039.583 ukrainarrek ihes egin dute beren herrialdetik otsailaren 24tik [UNHCR-ren datuak dira, martxoaren 2ko gauerdian eguneratuak]. Kalkulatzen dute lau milioi herritarrek utziko dutela herrialdea hurrengo hilabeteetan, abuztura arte. Ukrainako biztanleria osoaren %10 litzateke hori.
Iheslari gehienak Polonia aldera doaz. Herrialdeak 550.000 iheslari baino gehiago hartu ditu astebetean. Hungariara ia 135.000 iritsi dira, eta Moldaviak 100.000 hartu ditu; Eslovakiak, 70.000, eta Errumaniak, berriz, 50.000. Europako beste herrialde batzuetara ere joan dira 90.000 iheslari.
Amagoia Mujika Tolaretxipi BERRIAko zuzendariordea gerratik ihesi doazen errefuxiatuen igarobideetako batean izan da, Dorohusken, Polonian.
Dena atzean utzita
Autobus bat iritsi da Ukrainatik. Pargma Bunkok salto egin du, ahizpak ere bai, atzetik, arin. Amari gehiago kostatu zaio. Rivnetik datoz. «Autobuseko denok gara Rivnekoak». Ama isildu gabe ari da, baina Bunkok nahiago du ez itzuli zer esaten ari den. Isiltzeko keinua egin dio. «Haserre dago. Bidaia guztia egin du madarikazioka». Bunko ez dago haserre, «triste» baizik. Duela astebete, «giroan tentsioa» nabari zuen, baina ez zuten espero «inondik inora ere» gertatzen ari dena. «Gure hiria kaltetuta dago; hildakoak daude, errusiar soldatuak leku guztietan, eta Poloniara etorri gara herritar asko, hainbat lekutara. Gutako askok senideak ditugu Polonian». Aita Ukrainan utzi dute, «borrokan».
«Gure hiria kaltetuta dago; hildakoak daude, errusiar soldatuak leku guztietan, eta Poloniara etorri gara herritar asko».
Ez daki zer egingo duen bihartik aurrera. Dantzalekuetan sartzeko adina bete berri du, baina ez dago festetarako. «Unibertsitatea ere utzi behar izan dut, eta orain, auskalo. Lehenbailehen itzuli nahiko nuke. Hau berehala igarotzea espero dut». Aitak kezkatzen du batez ere. «Gu salbu gaude, baina gure aita, anaia eta semeak ez». Ia denek dute senideren bat borroka frontean, nahiz eta, bere aitak bezala, askok ez duten armarik sekula hartu. «Borrokatzera deitu dituzte, eta gehienak bi aldiz pentsatu gabe joan dira», dio, harro.
Poloniako boluntarioak: gerrara doazenak eta ihesi datozenak laguntzen
Autobusez ez ezik, autoz eta oinez ere badator jende asko Ukrainatik, baina kontrako bidetik ere badatoz, Poloniako hainbat herri eta hiritatik. Anna Lagowska-Lewinska alabarekin etorri da Varsoviatik. Bi auto dituzte, hainbat gauzaz karga-karga eginda. «Hainbat pertsona jasotzera etorri gara hona. Ukrainako gizon batzuk ekarri ditugu lehenik, borrokara itzuli nahi izan baitute. Varsoviako autobus geltokian hartu ditugu, eta, orain, hemen jendea hartu, eta itzuli egingo gara. Lo egiteko lekua, jatekoa eta babesa eskaintzen dizkiegu, beharrezkoa dutenean laguntzeko. Jende asko etortzen ari gara gure kabuz, eta ahal dugun guztia laguntzen saiatzen gara».
«Hainbat pertsona jasotzera etorri gara hona. Ukrainako gizon batzuk ekarri ditugu lehenik, borrokara itzuli nahi izan baitute».
Autoan eramango dituenetako bat da Sryna Matveitxueck. Kiev hiriburutik Rivnera joan zen lehenik, autoz, lehengusu batekin, eta autobusez heldu da mugara. Haurdun dago, «sei hilabeteko». Sabela borobilean laztanduz, hizketan hasi da. Ez du kamera aurrean atera nahi, hitz egin ere ez hasieran, baina pixkanaka lasaitu da, eta senarraz egin ditu lehen hitzak. «Borrokan geratu da, baina nik atera egin behar nuen. Bistan da horrela ezin naizela han geratu».
«Duela egun batzuk zoriontsu nintzen, eta bat-batean hau dena gertatu da. Oraindik ez dut sinesten».
Ez zuen «inolaz ere» Ukrainatik joan nahi. «Duela egun batzuk zoriontsu nintzen, eta bat-batean hau dena gertatu da. Oraindik ez dut sinesten». Jertsearekin lehortu ditu masailetik behera erori zaizkion bi malko, baina arnasa hartu eta irribarre egin du. «Orain garrantzitsuena hau da», sabela ukituz. «Oraintxe, Kiev ez da segurua; Kievetik kanpo ere ez zaude seguru, ospitaleetan ere ez, eta nik oraintxe bertan horixe behar dut, nire alaba jaiotzeko leku seguru bat».
Jatorrizko artikuluak
- NBEk uste du lau milioi ukrainarrek utziko dutela herrialdea Mikel P. Ansa | |
- Ukrainarrak, poloniarren babesean Amagoia Mujika Tolaretxipi | |