Ukrainako herritarrek herrialdea euren intereserako erabiltzea leporatu diete Ekialdeko eta Mendebaldeko blokeei. Eta dei egin dute: «Askatasun osoz bizi nahi dugu, inoren esku hartzerik eta inolako jazarpenik gabe» [adierazpen hauek Errusiak eginiko operazio militarren aurrekoak dira].
«Jende asko beldur da gerra piztuko ote den», adierazi dio BERRIAri Oleksii Sologub Kieveko herritarrak; «Errusiaren eta Europako Batasunaren artean gaudenez, guztiek konkistatu edo erabili nahi gaituzte euren interesetarako. Ezegonkortasunean bizitzera ohitu gara, eta barneratuta daukagu beti horrela izango dela», gaineratu du Irina Tovitxek, hura ere Kieveko herritarra [elkarrizketatuen hitz hauek Errusiak Donbass eskualdean eta Kiev hiriburuaren inguruetan eginiko operazio militarraren aurretik esandakoak dira].
Euskal Herrian egonak dira biak: Sologub 2005ean etorri zen lehendabizikoz, Txernobyl elkartearen bitartez. «2017ra arte, urtero joaten nintzen Ortuellako [Bizkaia] familiarengana. Bisita egitera joaten naiz oraindik ere, ahal dudanean»; Tovitx, berriz, gaztelania irakaslea da Kieveko hizkuntza eskola batean. 2011n Bilbora etorri zen Aisialdiko Proiektuen Kudeaketa Masterra egitera, eta 2013an itzuli zen sorterrira.
Tovitxen eta Sologuben iritziz, egungo gatazkaren aferak 2014an du jatorria. Parlamentuak Viktor Janukovitx Ukrainako orduko presidentea kargutik kendu ondoren, Errusiak Krimea anexionatu zuen, eta, handik gutxira, Donbass eskualdean gerra piztu zen, Donetskeko eta Luhanskeko herri errepubliken aldeko miliziano errusiazaleen eta Ukrainako armadaren artean. Sologuben ustez, ukrainar gehienek uste dute Janukovitxek aurrez prestatua zuela jokaldia: “Argi zuen: 'Boteretik kentzen banaute, beste giltza bat daukat'. Eta hala gertatu da. Errusiari Ukrainan sartzen utzi diogu».
Errusiarentzat nola, Europarentzat ere herrialde «garrantzitsua» da Ukraina, «estrategikoa», Sologuben esanetan. «Nekazaritzarako lursail handiak izateaz gain, meatzeetatik burdina ateratzen dugu, Europara doan gasbidea gure herrialdetik igarotzen da...».
«Nekazaritzarako lursail handiak izateaz gain, meatzeetatik burdina ateratzen dugu, Europara doan gasbidea gure herrialdetik igarotzen da...».
Egoera horretan, Vladimir Putin Errusiako presidenteak «kontrolpean» eduki nahi ditu SESBek zituen herrialdeak, Tovitxek nabarmendu duenez. «Errusia xantaia egiten ari zaigu, esanez NATOra batzen bagara konkistatu egingo gaituela». Sologub kritiko mintzo da Ukrainako estatuburuaz: «Ez digu esaten gobernuak zer-nolako erabakia hartuko duen. Volodimir Zelenski herritarrak erabiltzen ari da, eta ez digu mezu argirik helarazten, ezta konfiantzarik ere. Ez dakigu nori sinetsi».
«Errusia xantaia egiten ari zaigu, esanez NATOra batzen bagara konkistatu egingo gaituela».
Bi herrialde horien arteko tentsioa handitzeak «gorakada» eragin du Ukrainaren patriotismoan, Kieveko bi gazteen ustez. «Ukrainarrak eta europarrak sentitzen gara, Sobietar Batasunaren itzala atzean dugula, noski». Tovitxen aitortza da. Areagotze horrek, ordea, arriskua dakar errusiarren arteko harremana «gaiztotzeko». Alta, ñabardura bat egin du: «Errusiako agintariak eta herritarrak bereizi egin behar ditugu, eta ez ditugu denak zaku berean sartu behar, Ukrainako agintariak eta biztanleak bezalaxe».
Armak hartzera behartuta
Bi gazteek ez dute uste gerra piztuko denik, Errusiari «alde guztietatik garesti» aterako bailitzaioke. Baina, Errusiak erasora jotzen badu, Ukrainako armada «prest» dago erantzuteko, Sologuben esanetan. «Hori bai: ziur naiz nazioartetik ez genukeela inolako laguntzarik jasoko, ez Europatik, ez AEBetatik. Ukrainako militarrak bakarrik ariko lirateke errusiarren aurka. Agintariak lasai ederrean egongo dira euren eserlekuetan, eta ez zaie ezer gertatuko; gizarte zibilari bai, ordea».
25 urtetik gorakoak entrenamendu militarrak egiten hasi dira, Ukrainako armadak gidatuta. 20 urte betetzean soldadutza egitera behartuta daude, urtebete eta erdi. «23 urte ditut, baina oraindik ez dut soldadutza egin, auto istripu bat izan nuelako. Edonola ere, gerra pizten bada, armadara joatera behartuta nago», azaldu du Sologubek. Imajinatu daitekeen egoerarik okerrena ere irudikatu du behin baino gehiagotan. «Gerrarekin, 30 urtez atzera egingo genuke herrialde gisa. Ondorio latzak izango genituzke, hala ekonomian nola gizartean».
«Gerrarekin, 30 urtez atzera egingo genuke. Ondorio latzak izango genituzke, hala ekonomian nola gizartean».
Ukrainatik denbora batez irtengo ote liratekeen galdetuta, Kieveko bi gazteek ez dute zalantzarik: «Okerrago pasatuko genuke familia etxean utzita», esan du Tovitxek. «Joango banintz, senitartekoei nola begiratuko nieke? Eta haiek niri?», galdegin dio bere buruari Sologubek.
Biek espero dute agintariek mahaian eserita bide diplomatikotik konponbidea emango diotela gatazkaren aferari. Ukrainarrek, egunez egun bizi diren arren, sendo eusten diote euren nahiari. «Askatasun osoz bizi nahi dugu, inoren esku hartzerik eta inolako jazarpenik gabe».
Jatorrizko artikuluak
- Bi erraldoiren katean lotuta Mikel O. Iribar | |